• Behotsik: 10 urte, hamaika lagun, Euskalduna Jauregian

    Behotsik: 10 urte, hamaika lagun, Euskalduna Jauregian

    Denbora daramagu hau dena prestatzen. Eta horretan darraigu. Denbora daramagu hau isilik mantendu ezinik. Baina heldu da eguna dena kontatzeko. Datorren uztailaren 2an Bilboko Euskalduna Jauregira goaz gure 10 urteak ospatzera. Heldu da Behotsik: 10 urte, hamaika lagun.

    Jakin dakizuenez, 2021eko abuztuan 10 urte bete genituen, eta 2021-2022 denboraldiak urteurren honen ospakizun gisa balio izan digu. Denboraldi berezi honen amaiera izango da Behotsik: 10 urte, hamaika lagun kontzertu hau. Gainera, Euskalduna Jauregiko Auditoriumean izateak are bereziagoa egingo du kontzertua, izan ere, gure 10 urteko historian Bilboko oholtza enblematiko honetara igotzen garen lehen aldia izango baita.

    Gala-kontzertu formatua izango duen ekitaldi honen haria orkestraren ibilbideari errepasoa egitea da, euskal musikaren historian zehar bidaia bat eginez: Guridi, Arriaga edo Ravelen jatorri klasikoetatik hasi Aneguria edo Gatibu bezalako egungo artisten musikara heldu arte, Oskorri edo Itoiz bezalako talde historikoetatik igaroz.

    10 urte, hamaika lagun

    Badago ilusio gehiago egiten digun zeozer: kontzertu honetan ez gara bakarrik egongo. Egun honetan orkestratik igaro den hamaika lagunekin agertokian berriro elkartzeko aukera izango dugu, baita 10 urte baino gehiagoko ibilbidean lan egin dugun taldeekin eta zenbait artista gonbidaturekin biltzeko ere. Datozen asteetan zehar gure sare sozialetan haien berri ematen joango gara, beraz, adi ibili.

    Sarrerak bihar (maiatzak 12) jarriko dira salgai, goizeko 12:00etan, Euskalduna Jauregiko webgunean, 8 eta 12 €-ko prezioan. Gure bazkideek %100-eko deskontua izango dute beraien sarreran. Horretarako, Euskalduna Jauregiko txarteldegietan erosi beharko dute sarrera, beraien datuak eman behar dituztelarik. 12 urte beherakoek ere %20-ko deskontua izango dute.

    10 urte hauek zuetako bakoitzarekin ospatu nahi ditugu, beraz, elkar ikusiko dugu datorren uztailaren 2an arratsaldeko 19:30ean Euskalduna Jauregian. Zatoz eta elkarrekin ospatu dezagun batzen gaituena, musika hain zuzen ere.

  • Zornotzako Itunaren 150. urteurrena ospatuko dugu

    Zornotzako Itunaren 150. urteurrena ospatuko dugu

    Datorren maiatzaren 24an Amorebieta-Etxanoko Zornotza Aretoan izango gara, Zornotzako Itunaren 150. urteurrena ospatzeko herrian antolatu duten egitarau zabalaren barruan.

    150 urte igaro dira Bigarren Gerra Karlistari amaiera emateko asmoz Zornotzako Ituna sinatu zenetik. Hitzarmen hau 1872ko maiatzaren 24an sinatu zuten, liberalen partetik, ordura arte Espainiako gobernuaren presidente zen Francisco Serrano jeneralak, eta karlisten aldetik Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkari ziren Fausto Urkizuk eta Juan E. Oruek, beren izenean eta Antonio Arginzoniz jaunaren izenean. Azkenean, liberalek eta karlistek itun hau onartu ez zuten arren, gerrak jarraitu zuelarik, negoziazio saiakera hau gertaera historiko garrantzitsua izan zen azken Karlistaldi honetan.

    Hori dela eta, udalerriak ez du alde batera utzi nahi efemeride esanguratsu hau, eta denboran atzera egin nahi du kultura-jardueren programa zabal baten bidez, maiatzaren 1etik 24ra luzatuko dena. Programa honetan, adin guztiak hartuko dituen publiko batengana iritsi nahi dute, formatu desberdinen bitartez. Programatutako jardueren artean, hitzaldiak, antzezlanak, haur eta gazteentzako jarduerak, erakusketa bat, liburu bat eta, nola ez, prestatzen ari garen kontzertua ere egongo da.

    Zornotzan kontzertua, bi zornotzarren ondoan

    Maiatzaren 24an ez gara bakarrik egongo. Zornotzako Itunaren 150. urteurrena ospatzen dugun kontzertu berezi honetan bi zornotzar handi izango ditugu lagun.

    Alde batetik, lagun zahar bat izango dugu zuzendari lanetan. Ilusio handia egiten digu Aritz Labradorrekin berriro lan egiteak, 2019ko Musika-Música jaialdian egin genuen bezala, 10 urte hauetan eman dugun kontzerturik onenetakoa eskaini genuelarik. Errepertorio polita baina zaila dugu aurretik, baina entseguek aurrera egin ahala, Aritz gure onena ateratzen dabil.

    Bestalde, Elisene Alzola biolinista izango dugu, prestatzen ari garen errepertorioko pieza batean bakarlari gisa arituko dena. Elisenek Leipzigeko (Alemania) Hochschule für Musik und Theater Leipzig Goi Mailako Kontserbatorioan egin zituen ikasketak. Ondoren, Leipzigen master artistiko bat egin zuen Mariana Sirburen zuzendaritzapean. Gaur egun Euskadiko Orkestraren eta Bilbao Orkestra Sinfonikoaren kolaboratzailea da.

    Kontzertua maiatzaren 24an, asteartea, arratsaldeko 20: 00etan izango da Amorebieta-Etxanoko Zornotza Aretoan. Sarrerak jada salgai daude Zornotza Aretoaren webgunean, 3 €-ko prezioan.