• Pasioaren indarra

    Pasioaren indarra

    Gogoz gaude azken hilabete hauetan lantzen ibili garen gure hurrengo programa zuekin elkarbanatzeko. Apirilean The Walk On Project (WOP) eta InteRed elkarteen aldeko bi kontzertu egingo ditugu, pasioaren indarra hobekien transmititzen duten konpositoreen musikarekin: Beethoven, Brahms eta Bernstein.

    Pasioaren indarra izeneko programa honetan musikaren historian zehar bidaiatuko dugu, Beethoven (1770-1827), Brahms (1833-1897) eta Bernsteinen (1918-1990) musikaren bitartez. Garai eta estilo desberdineko konpositoreak, baina musikaren energia, kemena eta indarra elkarbanatzen dute, ongintzazko kontzertu hauetarako ezin aproposagoa dena.

    Apirilaren 13an, The Walk On Project-en alde

    2008ko udan Jontxu, 6 urteko mutila, behaztopa egiten hasi zen mendian. Urte hartako urriaren 13an Mikel eta Mentxu, bere gurasoei, jakinarazi zieten gaixotasun neurodegeneratibo larri baten diagnostikoaren iragarkia zela.

    Hor hasi zen familian gaixotasun horien aurkako borroka. Eta orduan hasi zen Mikel konposatzen. Bere abestien artean ‘Walk On’ idatzi zuen, bere semeari egindako promesa gisa. Eta abesti horretatik sortu zen The Walk On Project (WOP), Mikelen familiaren alderdi bat bezala, erreferentziazko enpresa soziala bihurtu arte. Horrela, balio sozialeko jarduerak garatuz eta inguruko erakunde eta pertsona guztiak zainduz, 1 milioi euro baino gehiago bideratu dituzte gaixotasun neurodegeneratiboen inguruko ikerkuntzarako.

    Apirilaren 27an, InteRed erakundearen alde

    InteRed duela 30 urte baino gehiago sortutako Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundea da, Teresiar Erakundeak bultzatuta. Azken honen gizarte- eta hezkuntza-ikuspegia erreferentziatzat hartuz, pertsona guztien sustapena bultzatzen du, kolektibo baztertuenetan arreta berezia jarriz.

    Kalitatezko hezkuntzan sinesten dute, baita garapen pertsonala eta pobrezia desagerraraztea ahalbidetzen duen botere eraldatzailean ere. Horregatik, oinarrizko hezkuntzan, irakasleen prestakuntzan, haurren eskubideen sustapenean eta genero-ekitatean lan egiten dute.

    Pasioaren indarra erakusteko ongintzazko kontzertuak

    Horrela, orkestra sortu genuenetik askotan egin dugun moduan, apirilean zehar ongintzazko bi kontzertu emango ditugu Bilbon, indarrez beteriko programa honekin.

    Lehenengoa, apirilaren 13an, arratsaldeko 19:30etan, Bilboko Deustuko Salesianos ikastetxeko antzokian izango da, The Walk On Project (WOP) elkartearen alde. Sarrerak jadanik salgai daude elkartearen webgunean, 10 €-ko prezioan.

    Bigarren kontzertua, InterRed Euskal Herria Garapenerako GKEaren alde, apirilaren 27an Indautxuko El Carmen elizan izango da, arratsaldeko 20:00etan.

    Beti bezela, bertan espero zaituztegu, pasioz beteriko musikaz gozatzeko, horrelako ekimen eta elkarteen alde norberak bere aletxoa jarriz.

  • Behotsik ere Korrikaren alde

    Behotsik ere Korrikaren alde

    Hastear da 23. Korrika, martxoaren 14tik 24ra bitartean Irundik Baionara joango dena, eta aurten, lehendabiziko aldiz, Behotsikek, erakunde bezela, ekimena babestuko du datorren martxoaren 21ean Bilbotik egingo duen ibilbidearen kilometro bat eskuratuz.

    Korrika Euskal Herri osoan zehar egiten den euskararen aldeko ekimen erraldoia da. Euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea ditu helburu. Ibilbidea hasi eta amaitu arte, lekukoa eskuz esku eta kilometroz kilometro eramaten dute korrikalariek; lekuko horren barruan, euskaldun ezagun batek Korrika helmugara iristean irakurriko duen mezua gordetzen da, ordura arte sekretupean gordetzen dena.

    Aurten, 2024ko martxoaren 14an hasita, 11 egunez eta 10 gauez, eta gelditu gabe, Korrikak Euskal Herria zeharkatuko du 23. aldiz. Bi mila kilometro baino gehiago euskararen alde, adin eta mota guztietako milaka partaiderekin, gau eta egun gelditu gabe. Korrika bi urterik behin Euskal Herriko jendartea astintzen duen gertakari bilakatu da, oso ekimen babestua eta maitatua, zalantzarik gabe.

    Behotsik orkestra gaztea da, Bilbo eta inguruko euskaraz hazi eta hezi diren musikari gazteek osatua, eta ahal den heinean, gure ekintzetan eta gure arteko harremanetan euskaraz bizi bahi dugu. Horrexegatik, aurten elkarte moduan ekimen hau babestea erabaki dugu, Korrika Bilbotik egingo duen ibilbidearen kilometro bat eskuratuz.

    Korrikako antolakuntzak 1.851 kilometroa esleitu digu eta Korrika martxoaren 21eko 17:35ean Bilboko Irala kaleko 53. zenbakitik igarotzean lekukoa jasoko dugu. Hemendik deialdia luzatzen dizuegu gurekin bat egin eta gure hizkuntzaren alde egiteko.