• Behotsik orkestrak zuzendari titularra bilatzen du

    Behotsik orkestrak zuzendari titularra bilatzen du

    Pasa den astean iragarri genizuen bezala, Igor Giménez gure zuzendariak orkestrako zuzendari titular izateari utziko dio 2022-2023 denboraldi honen amaieran. Horrexegatik, gaur Behotsik orkestraren Zuzendari Titularra hautatzeko prozesua martxan jartzen dugu.

    Orkestra-zuzendaritza ikasten al zaude? Beste musika ikasketa batzuk egiten zabiltza baina zuzendaritzan interes handia duzu? Musikaren beste alor batean jardun arren, beti izan duzu orkestra-zuzendaritzan sakontzeko gogoa? Horrelako lagun edo ezagunen bat daukazu? Orkestra gazte eta berritzaile bat zuzentzeko aukera paregabea daukazu oraingoan.

    Ez dago baldintza berezirik Behotsik orkestrako zuzendari titularra izan nahi duten hautagaientzat. Funtsean, orkestraren izaera eta funtzionamenduarekin bat egiten duen pertsona bat bilatzen dugu. Behotsik orkestra gazte, aktiboa eta konprometitua da, gazte talde batek sortu eta kudeatua, gauza berriak egitea bilatzen duena. Azken finean, musika egitea gustuko duten lagun taldea gara, eta zuzendari titularra izango denak talde honetako beste kide bat izan behar du. Behotsik zer den ulertzeko, lagungarri izan daiteke aurreko egunetan Igor gure zuzendariari egindako elkarrizketako ondorengo bideo hauek.

    Zuzendari titularra hautatzeko prozesu honek hiru fase izango ditu:

    Lehenengo eta behin, apirilaren 24tik maiatzaren 15era arte, biak barne, hautagaiek izena eman ahalko dute argitalpen honen bukaeran dagoen estekako inprimakia bete eta bidaliz. Inprimaki horretan bere izen-abizenak, helbide elektronikoa eta telefonoa bete beharko dituzte, eta bere curriculuma duen DOC edo PDF motako fitxategia bidali beharko dute.

    Bigarren fasean, hautagaien aurkezpenerako epea amaitu eta hurrengo asteetan, beraiekin harremanetan jarriko gara elkarrizketa pertsonala izateko.

    Azkenik, hautagai bakoitzak orkestraren entsegu bat zuzentzeko aukera izango du, orkestrak hautagaia nola moldatzen den ikusteko eta hautagaiak berak orkestra ezagutzeko ere.

    Prozesu honen ondoren, denboraldi honen azkenengo asteetan, Behotsik orkestraren Zuzendari Titularra nor izango den iragarri ahal izango dugu. Zalantzarik izatekotan, jar zaitez gurekin harremanetan info@behotsik.com helbide elektronikoaren bidez.

    Beraz, orkestrarentzako hain garrantzitsua den prozesu honetan parte hartzera animatzen zaitugu. Eskerrik asko!

  • Eskerrik asko Igor!

    Eskerrik asko Igor!

    Hamaika urte baino gehiagoko ibilbidearen ondoren, izugarrizko pena handiz iragarri behar dugu gure orkestraren hasieratik gaur egun arte gure zuzendaria den Igor Giménezek Behotsik orkestrako zuzendari titular izateari utziko diola 2022-2023 denboraldi hau amaitzean.

    Behotsik gure hastapenetatik ezagutzen duenak edo orkestraren eguneroko funtzionamenduan murgilduta egon den edonork jakin badaki Igorrek orkestrarentzat eta orkestra osatzen dugun guztiontzat duen garrantzia. Modu sinple eta argi batean esanda, ezin da Behotsik ulertu Igor Giménez gabe.

    Gure 5. urteurrenean argitaratu genuen bideo honetan kontatzen genuen bezela, bera izan zen orkestra osatzeko ideia sortu zen udako arratsalde horretan egon zenetako bat. Zuzendari gonbidaturik izan dugun kontzertuetan izan ezik, Igor izan da gure zuzendaria kontzertu guztietan. Orkestraren egunerokotasunaren edozein egoeratan arazoren bat egotekotan, beti berarengana jotzen dugu. Bera izan da orkestrako zuzendari artistikoa, igeltseroa, talentu-bilatzailea, furgoneta gidaria, erosketa-burua eta harreman publikoak. Baina horrez gain, orkestrako kide askoren aholkulari, kide eta laguna ere bada.

    Horregatik guztiagatik, esker hitzak baino ez ditugu berarentzat. Eskerrik asko elkarbanatzen dugun Behotsik izeneko ideia zoro aurrera eramateagatik eta Bilbo eta Bizkaia mailan erreferente izaten lortzeagatik. Eskerrik asko hainbeste irakatsi eta ikasteagatik. Eta azken finean, Behotsik behar izan duen guztietan, hor egoteagatik.

    Hurrengo egunetan Igorrekin egin dugun elkarrizketa baten bideotxoak igotzen joango gara gure YouTube kanalean eta sare sozialetan, beraz adi egon hauei orkestraren ibilbidearen inguruko anekdotak eta Igor Giménez bera gehiago ezagutu nahi badituzu.

    Zuzendari bila

    Hurrengo asteetan, datorren denboralditik aurrera Behotsik orkestrako zuzendari titularra bilatzeko prozesua jarriko dugu martxan. Datozen egunetan argitaratuko dugu gure webgune eta sare sozialetan prozesu horretan parte hartu nahi duten guztiontzako informazio eta xehetasun guztiak.