• YMEO gazte orkestra europarrak Sancho Almendral fitxatu du

    YMEO gazte orkestra europarrak Sancho Almendral fitxatu du

    Urtea hasi berri dugu eta pena handiz iragarri behar dugu azken urte eta erdian gure zuzendari titularra izan den Sancho Almendralek Behotsik orkestra utziko duela.

    Sancho Almendral (Sevilla 1991) 2023/2024 denboralditik aurrera ibili da zuzendari titular lanetan, 2023ko apirilean abiatu genuen hautaketa prozesua gainditu ondoren, bere ikuspegi artistiko eta estrategikoari esker. Ordutik hona, lan ederra egin du orkestrarekin, erronka handiei aurre eginez eta bere estiloaren aztarna utziz.

    Berriki, Ravennan egoitza duen Young Musicians European Orchestra (YMEO) nazioarteko gazte orkestraren zuzendaritza artistikoaren ardura hartzeko eskaintza egin diote, eta horrek astebururo Bilbora etortzea eta gure orkestraren zuzendari titular lanetan jarraitzea eragozten dio, erabaki hau hartzera behartuz.

    Behotsiketik zorterik onena opa diogu Sanchori erronka profesional berri honetan, eta Behotsik orkestrako zuzendari izan den denbora polit honetan egindako lanagatik eskerrak ematea baino ez dugu. Argi dugu hau ez dela behin betiko agurra eta gure bideek etorkizunean berriro topo egingo dutela. Eskerrik asko eta laster arte, Sancho!

    Nicolás Serrano, harrobiko zuzendaria

    Berri honek ustekabean harrapatu gaitu baina prest gaude datozen konpromisoei Nicolás Serranoren zuzendaritzapean aurre egiteko, bera izango baita Behotsik orkestraren zuzendari titularra denboraldi amaierara arte.

    Orain arte orkestrako perkusionista eta zuzendari laguntzailea izan da Nicolás, eta 2023ko hautaketa prozesuko azken fasera ere iritsi zen, hain gazte izanik erakutsi zuen heldutasunari esker, hazi eta hobetzeko dituen gaitasunek bultzatuta.

    Aski argi erakutsi digu Behotsik bezalako orkestra bat zuzentzeko duen trebetasuna eta horren eredu dira zuzendari laguntzaile moduan egon den denbora honetan gidatutako entseguak baita pasa den urteko maiatzaren 26an zuzendutako Etorkizuna: Aniztasuna kontzertua ere. Pozarren gaude berarekin berriro lanean hasteko, beraz, modu ezberdinean bada ere, ongi etorri Nico!

  • Behotsikek Sancho Almendral izendatu du zuzendari titular berri

    Behotsikek Sancho Almendral izendatu du zuzendari titular berri

    Gure hamabigarren urtebetetzearen data aprobetxatu nahi dugu Sancho Almendral Behotsiken zuzendari titular berriaren izena iragartzeko. Almendralek Igor Giménez ordezkatuko du, 2022-2023 denboraldiaren amaieran orkestra utziko zuela iragarri baitzuen apirilean.

    Bere jardueraren profesionalizazio prozesuan aurrera jarraitzen du Behotsikek gailur artistiko berrietarantz abiatuz, diziplina eta geografia desberdinetako erakundeekin lankidetzan aritzearen bidez sinergiak sortzeko helburuarekin.

    Ibilbide musikal luzeko biolontxelista eta musika eszenikoko konpositorea

    Almendralek biolontxeloa ikasi zuen Asier Polo, Elías Arizcuren, Enrico Dindo edota Elena Cheah bezalako irakasleekin eta Daniel Barenboim bezalako musikari handiekin eszenatokia partekatu du.

    Zuzendari gisa Miguel Romea maisuarekin hezia, Sancho Almendral Kolonbiako Teatro Nacional, Sevillako Teatro Maestranza, Guanajuatoko Festival Cervantino edo Guadalajarako Teatro Conjunto Santander bezalako erakunde garrantzitsuekin elkarlanean aritu da, nazioarteko hainbat proiektutan zuzendari laguntzaile zein ekoizpen-zuzendari gisa.

    Orkestra-esperientzia zabala du, eta hainbat orkestra europarretan parte hartzen du, hala nola OSM, ORT, Orquesta Bruno Maderna, Filarmonica Gioacchino Rossini, Orquesta Giovani Europei, European Royal Ensemble, I Solisti di San Severo, Orquesta Sinfónica Siciliana edota Young Musician European Orchestra, zeinekin nazioarteko birak egin baititu Italian, Txinan, Libanon eta Latinoamerikan.

    Nazioarteko presentzia izan duen hautaketa prozesu zorrotz eta lehiakorra

    Behotsikek apirilaren amaieran abiatu zuen hautaketa prozesua, 2022-2023 denboraldia amaitu baino pixka bat lehenago, eta profil askotariko 24 hautagaitza jaso zituen posturako. Harrigarria da nazioarteko presentzia, besteak beste, Belgikatik, Portugaldik edo Venezuelatik etorritako hautagaiekin.

    Lehenengo fasean, batzorde batek hautagaiak hautatu zituen elkarrizketa pertsonal bat izateko. Etapa honetan puntuaziorik handiena lortu zuten lau pertsonek proba praktiko bat egin zuten: orkestraren entsegu bat zuzendu zuten, orkestrako kideek hautagaiak zuzenean ezagutu eta haien ebaluazioa egin ahal izateko.

    Almendralek bi faseak gainditu zituen bere ikuspegi artistiko eta estrategikoari esker, gainerako hautagaiei gailenduz.

    Nicolás Serrano, zuzendari laguntzaile

    Sancho Almendral zuzendari titular berriari eguneroko zereginetan laguntza emateko, Nicolás Serrano izango da orkestrako zuzendari laguntzailea. Orain arte orkestrako perkusionista izan dena hautaketa prozesuko azken fasera ere iritsi zen, eta hain gazte izanik erakutsi zuen heldutasuna eta hazi eta hobetzeko dituen gaitasunak ezinbestekoak izan dira zuzendari laguntzaile izateko izendapenean.

    Serrano orkestra eta banda zuzendaritza ikasketak egiten dihardu Antropologiako Gradua ikasi bitartean, zuzendari gonbidatu izan da Zizur Nagusiko Udal Musika Banda eta Arriaga Flauta Taldearekin eta Bilboko “La Viva” Banda Sinfonikoaren sortzaile eta zuzendaria da.

  • Behotsik orkestrak zuzendari titularra bilatzen du

    Behotsik orkestrak zuzendari titularra bilatzen du

    Pasa den astean iragarri genizuen bezala, Igor Giménez gure zuzendariak orkestrako zuzendari titular izateari utziko dio 2022-2023 denboraldi honen amaieran. Horrexegatik, gaur Behotsik orkestraren Zuzendari Titularra hautatzeko prozesua martxan jartzen dugu.

    Orkestra-zuzendaritza ikasten al zaude? Beste musika ikasketa batzuk egiten zabiltza baina zuzendaritzan interes handia duzu? Musikaren beste alor batean jardun arren, beti izan duzu orkestra-zuzendaritzan sakontzeko gogoa? Horrelako lagun edo ezagunen bat daukazu? Orkestra gazte eta berritzaile bat zuzentzeko aukera paregabea daukazu oraingoan.

    Ez dago baldintza berezirik Behotsik orkestrako zuzendari titularra izan nahi duten hautagaientzat. Funtsean, orkestraren izaera eta funtzionamenduarekin bat egiten duen pertsona bat bilatzen dugu. Behotsik orkestra gazte, aktiboa eta konprometitua da, gazte talde batek sortu eta kudeatua, gauza berriak egitea bilatzen duena. Azken finean, musika egitea gustuko duten lagun taldea gara, eta zuzendari titularra izango denak talde honetako beste kide bat izan behar du. Behotsik zer den ulertzeko, lagungarri izan daiteke aurreko egunetan Igor gure zuzendariari egindako elkarrizketako ondorengo bideo hauek.

    Zuzendari titularra hautatzeko prozesu honek hiru fase izango ditu:

    Lehenengo eta behin, apirilaren 24tik maiatzaren 15era arte, biak barne, hautagaiek izena eman ahalko dute argitalpen honen bukaeran dagoen estekako inprimakia bete eta bidaliz. Inprimaki horretan bere izen-abizenak, helbide elektronikoa eta telefonoa bete beharko dituzte, eta bere curriculuma duen DOC edo PDF motako fitxategia bidali beharko dute.

    Bigarren fasean, hautagaien aurkezpenerako epea amaitu eta hurrengo asteetan, beraiekin harremanetan jarriko gara elkarrizketa pertsonala izateko.

    Azkenik, hautagai bakoitzak orkestraren entsegu bat zuzentzeko aukera izango du, orkestrak hautagaia nola moldatzen den ikusteko eta hautagaiak berak orkestra ezagutzeko ere.

    Prozesu honen ondoren, denboraldi honen azkenengo asteetan, Behotsik orkestraren Zuzendari Titularra nor izango den iragarri ahal izango dugu. Zalantzarik izatekotan, jar zaitez gurekin harremanetan info@behotsik.com helbide elektronikoaren bidez.

    Beraz, orkestrarentzako hain garrantzitsua den prozesu honetan parte hartzera animatzen zaitugu. Eskerrik asko!

  • Eskerrik asko Igor!

    Eskerrik asko Igor!

    Hamaika urte baino gehiagoko ibilbidearen ondoren, izugarrizko pena handiz iragarri behar dugu gure orkestraren hasieratik gaur egun arte gure zuzendaria den Igor Giménezek Behotsik orkestrako zuzendari titular izateari utziko diola 2022-2023 denboraldi hau amaitzean.

    Behotsik gure hastapenetatik ezagutzen duenak edo orkestraren eguneroko funtzionamenduan murgilduta egon den edonork jakin badaki Igorrek orkestrarentzat eta orkestra osatzen dugun guztiontzat duen garrantzia. Modu sinple eta argi batean esanda, ezin da Behotsik ulertu Igor Giménez gabe.

    Gure 5. urteurrenean argitaratu genuen bideo honetan kontatzen genuen bezela, bera izan zen orkestra osatzeko ideia sortu zen udako arratsalde horretan egon zenetako bat. Zuzendari gonbidaturik izan dugun kontzertuetan izan ezik, Igor izan da gure zuzendaria kontzertu guztietan. Orkestraren egunerokotasunaren edozein egoeratan arazoren bat egotekotan, beti berarengana jotzen dugu. Bera izan da orkestrako zuzendari artistikoa, igeltseroa, talentu-bilatzailea, furgoneta gidaria, erosketa-burua eta harreman publikoak. Baina horrez gain, orkestrako kide askoren aholkulari, kide eta laguna ere bada.

    Horregatik guztiagatik, esker hitzak baino ez ditugu berarentzat. Eskerrik asko elkarbanatzen dugun Behotsik izeneko ideia zoro aurrera eramateagatik eta Bilbo eta Bizkaia mailan erreferente izaten lortzeagatik. Eskerrik asko hainbeste irakatsi eta ikasteagatik. Eta azken finean, Behotsik behar izan duen guztietan, hor egoteagatik.

    Hurrengo egunetan Igorrekin egin dugun elkarrizketa baten bideotxoak igotzen joango gara gure YouTube kanalean eta sare sozialetan, beraz adi egon hauei orkestraren ibilbidearen inguruko anekdotak eta Igor Giménez bera gehiago ezagutu nahi badituzu.

    Zuzendari bila

    Hurrengo asteetan, datorren denboralditik aurrera Behotsik orkestrako zuzendari titularra bilatzeko prozesua jarriko dugu martxan. Datozen egunetan argitaratuko dugu gure webgune eta sare sozialetan prozesu horretan parte hartu nahi duten guztiontzako informazio eta xehetasun guztiak.