• Behotsikek Bilboko Gau Zurian parte hartuko du

    Behotsikek Bilboko Gau Zurian parte hartuko du

    Datorren ekainaren 14 eta 15ean, Bilboko uriaren fundazioaren 724. urteurrena ospatzeko, Bilboko Udalak Gau Zuria 2024 ekimena antolatu du eta Behotsik bertan egongo da orkestrako kideek osotutako tamaina txikiko zenbait talderekin.

    Azken aldian egin den bezala, larunbat honetan, ekainak 15, Bilboko uriaren sorreraren urteurrena ospatzeko Udalak Gau Zuria dinamikaren edizio berria antolatu du. Ekitaldi jendetsu eta txalotu hau ekainaren 14 eta 15eko arratsalde-gauetara (19:30-00:30) itzuliko da 33 emanaldi artistikorekin eta 2 ikuskizun ibiltarirekin, tokiko, estatuko eta atzerriko sortzaileen proposamenekin.

    Gau Zuria 2024 edizio honek hainbat kultura-espazio irekiko ditu aldi berean (Arriaga Antzokia, Arte Ederren Museoa, Azkuna Zentroa, Euskalduna Jauregia, Eleiz Museoa, Itsasmuseoa…), eta hiri-paisaiako eguneroko espazioak dekoratuko dira: elizak, plazak, parkeak, kaiak edo zubiak.

    Zubi baten azpian, Arrupe pasabidearen azpian hain zuzen ere, parte hartuko du Behotsik orkestrak Dirdirak instalazioari musika jarriz. Egunez, itsasadarrak eta eguzkiak sortutako distiren dantza ikusiko dugu. Gauez, ilargi artifizial batek espazioa argituko du, musika geldi ez dadin.

    Horretarako, orkestrako kideek osatutako tamaina txikiko 6 talde desbardinek musika jarriko diote ekainaren 14 eta 15eko arratsalde eta gauean zehar. Hari hirukote eta laukoteak, haize boskotea eta perkusio bikote bat izango ditugu tarte desberdinetan zehar argiak sortutako dirdira are ikusgarriagoa egiteko.

    Ez da Bilboko Gau Zurian parte hartzen dugun lehen aldia. Edo bai. Izan ere, 2016. urteko edizioan Hiri Baten Sinfonia ikuskizunarekin parte hartzeko izan ginen Bilboko Udaletxearen aurrean, baina eguraldiak ez zigun utzi.

    Beraz, espero dugu ostiral eta larunbat honetan Bilbo galaz, sormenaz eta teknologiaz jantziko duen Gau Zuriaz gozatzea, eta Arrupe pasabidera gerturatuz gero, gure musikarekin eta Dirdira instalazioarekin tartetxo ederra igarotzea.

  • Agertokietara bueltan gatoz, #BilbaoUdazkena2020 ekimenean

    Agertokietara bueltan gatoz, #BilbaoUdazkena2020 ekimenean

    Bueltan gatoz. Agertokietara bueltan gatoz. Pasa den martxoaren 7an Bilboko Musika – Música jaialdian gure azken kontzertua eman ondoren, musika egingo dugu berriro, zuen aurrean. Ekainean ospatu behar zen Bilboko Gau Zurian parte hartuko dugu, oraingo honetan Bilboko Udalak antolatutako #BilbaoUdazkena2020 ekimenaren barruan, asteburu honetan emango ditugun kontzertu multzoarekin.

    Bilboko Udalak, COVID-19 delakoaren pandemiak gehien eragin duen lanbideetako bat den kultura-sektoreari laguntzeko apustuarekin jarraituz, #BilbaoUdazkena2020 kultura-ekimenaren barruan, hainbat ikuskizun antolatu ditu udagoieneko asteburuetako gauetarako: musika, argiak, antzerkia, dantza eta historia, Bizkaiko hiriburuko hainbat tokitako protagonista.

    Ostiralean, hilak 2, eta larunbatean, hilak 3, Udalak zazpi ikuskizun antolatu ditu musika, argiak, antzerkia, dantza eta historiarekin, uriko hainbat gunetan banatuta: Eleiz Museoa, Enkarnazio Eliza, Zabalguneko eraikina, Azkuna Zentroa, Euskalduna Jauregia eta Guggenheim Bilbao Museoa.

    Ikuskizun horien artean, Hiri Baten Sinfonia dago, Bilboko Euskalduna Jauregian ospatuko dena, zeinetan ilusio handiz parte hartuko dugun. Bertan, zuzenean interpretatuko dugu Dvoraken Mundu Berriaren sinfonia, eta Bilborik arruntenaren irudiak proiektatuko dituzte.

    Ikuskizunak 15 minutuko iraupena izango du, eta emanaldiak egongo dira ostiral eta larunbatean, 20:30ean, 21:30ean eta 22:30ean. Saioa bakoitzak 200 pertsonako edukiera izango du, eta beharrezkoa izango da sarrera aurkeztea. Sarrerak doakoak dira eta 657 595 575 eta 688 689 000 telefonoetan edo Euskalduna Jauregiko eta Guggenheim Bilbao Museoko webguneetan eska daitezke, urriaren 1etik aurrera.

    #BilbaoUdazkena2020 garatzeko, osasun-agintariek unean-unean ezarritako segurtasun-protokolo guztiak jarraituko dira, eta zorrotz aplikatuko dira kultura- eta jai-ekitaldiak egiteari, osasun publikoa bermatzeko beharrezkoak diren mugei eta espazio publikoan aire zabaleko jarduerak nahiz ekitaldi jendetsuak egiteko pertsona kopuruari buruzko gomendioak. Hori guztia, kultur eragileek eta ekitaldi guztietako ikus-entzuleen segurtasuna bermatzeko asmoarekin.

    Espero dugu ostiralean edo larunbatean berriro elkar ikustea, segurtasun neurri guztiekin, eta bizitza honetan beharrezko dugun honetaz gozatzea, musikaz gozatzea, kultura ere segurua dela frogatuz. Laster arte!

  • Bilboko Gau Zuria 2016

    Bilboko Gau Zuria 2016

    Datorren zapatuan, ekainak 18, Bilbok bere gau handia ospatuko du, Gau Zuria. Jai horrekin gogoratzen da uriko fundazioaren 716. urteurrena eta aukera paregabea da argiz eta soinuz, iradokizunez eta adierazpenez beteriko bide batean paseatzeko.

    Bilbao 700 Fundazioak urtero antolatzen du Bilboko Gau Zuria eta edizio honetan berak ekoitzi du programa. Aitzakia perfektua da gaua bere pluraltasunean parerik gabeko uri batean bizitzeko. Uriaren sinfonia ederra. Eta sinfonia hori lortzeko, Bilbao 700 Fundazioak 23 hitzorduko programa bat diseinatu du. Uriko 23 lekutan bilduko da herritarren interesa, Gau Zurian parte hartzeko eta interaktuatzeko.

    Behotsik Orkestrak Bilborentzat hain garrantzitsua den ekitaldi honetan parte hartuko du, eta “Bilbao, hiri baten sinfonia” ikuskizuna emango du Bilboko Udaletxean.

    Bilbao, hiri baten sinfonia

    Bilbo gure sinfonia izan daiteke. Horretarako betekizun guztiak izango dituzu: mugimenduak, denborak eta egiturak; abesbatzaren jarraibideak dituen interprete-multzo zabala; pieza labur zein luzeak eskainiko dizkiguten ahots argi eta adierazgarriko solistak,… Hau guzti honengatik eta gehiagorengatik Bilbo maite dugu, giza-tamainaren araberako hiria, egun bakarrean ezagutzeko aukera duena… Bilbo, bizitzeko dugun espazio partekatua da.

    Ekainaren 18ko gauean zehar hainbat emanaldi emango ditugu Bilboko udaletxe aurrean: 22:30; 23:15; 00:00; 00:45. Horietako batean ikustea espero zaitugu, musikaz, argiaz eta udaletxeko fatxadan proiektatuko diren irudiez gozatzeko.