• Kosmos, bidaia musikala unibertsotik

    Kosmos, bidaia musikala unibertsotik

    Denbora luzea daramagu isilik, baina ez geldi. 2025/2026 denboraldi hau amaitzen doa eta proiektu oso berezia dakargu: Kosmos. Unibertsoan zehar egingo dugun bidaia musikal honek musika, bideoa eta argiak uztartuko dituen ikus-entzuneko emanaldia da.

    70 minutu inguruko iraupenarekin, emanaldia bizitzeko hiru aukera egongo dira ekaina eta uztaila bitartean Miranda de Ebron, Bilbon eta Oñan.

    Bidaia musikala

    Kosmos unibertsoan zeharreko bidaia musikala da, non obra bakoitzak espazioko txoko desberdinetara eramango gaituen. Unibertsoaren sorkuntzatik abiatuko gara Haydnen eskutik, eta Straussekin gizakiaren sorrera biziko dugu. Apollo 13aren barruan hegan egingo dugu Holsten planetak bisitatzeko, eta azkenik, urruneko galaxiak ezagutuko ditugu gure Stargate  zehar ezezagunerantz bidaiatuz. Guzti honen ondoren inoiz joan ez ginela konturatuko gara, unibertsoaren benetako zentroa gizakia baita.

    Ikuskizun hau imaginatu, sentitu eta norbere burua Lurretik haratago eramaten uzteko gonbidapena da. Artea eta kosmosa esperientzia berean lotzen dituen soinu-ibilbidea.

    Hiru kontzertu ekaina eta uztailean

    Kosmos aurkezteko bira honek hiru geldialdi izango ditu ekaina eta uztaila bitartean:

    – Ekainak 7, 12:00 – Casa Municipal de Cultura, Miranda de Ebro
    – Ekainak 12, 19:00 – Juan Crisóstomo de Arriaga Musika Kontserbatorioa, Bilbo
    – Uztailak 4, 20:30 – San Salvador Monasterioa, Oña

    Kontzertuak doakoak izango dira Miranda de Ebron eskainiko duguna izan ezik. Sarrerak jadanik salgai daude 6€-ko prezioan.

  • Behotsikeko Gazte Talentuak denboraldia bukatzeko

    Behotsikeko Gazte Talentuak denboraldia bukatzeko

    2024/2025 denboraldi hau bukatzeko programa berezia dakargu, non Behotsik orkestra osatzen dugun musikariengan eta haien lan onean jarriko dugun arreta. Izan ere, Gazte Talentuak izenburupean, bakarlarientzako obraz osatuta egongo diren bi kontzertu prestatu ditugu uztaila hasierarako.

    Behotsik orkestran asko gustatzen zaigu elkarlana eta talde, disziplina artistiko eta estilo desberdinak uztartzea, eta horren erakusle dira azkenaldian egin ditugun kontzertuak. Baina musika klasikoaren erroetara itzuli eta orkestrako musikariak oholtzako aurrealdera ekartzea ere atsegin dugu.

    Urteak igaro dira EuroCamerata orkestrarekin Alemaniako birak egin genituenetik, non bakarlarientzako obraz beteriko programak jotzen genituen, eta horrexegatik, horrelako kontzertu bat gauzatzeko musikarion nahiari gehituta, Gazte Talentuak kontzertu sorta hau prestatzea erabaki dugu.

    Aurtengo edizio honetan, Mariana Blanco (bibolina), Izei Díaz (kontrabaxua), Yun Erro (bibolina), Naiara Hernández (oboea), Tatiana Hernández (bibolina), Julen Macía (bibolina), Marcos Martínez (klarinetea) eta Sara Prado (klarinetea) gure kideek parte hartuko dute.

    Antzeman dezakezuenez, era askotako piezaz osatutako kontzertua izango da. Adi gure sare sozialei datozen egunetan, musikariak haiek izango baitira joko duten obren nondik norakoak azalduko dituztenak.

    Kontzertuak Bilbon eta Oñan

    Gazte Talentuak kontzertu sorta honetan bi geldialdi izango ditugu.

    Lehenengoa etxean izango da, Bilboko Deustuko San Pedro elizan hain zuzen ere, uztailaren 5ean, larunbata, arratsaldeko 20:00etan.

    Bigarren kontzerturako urrunago joango gara. Izan ere, Burgosko Oña udalerriraino bidaiatuko dugu, eta bertan kokatuta dagoen San Salvador monasterio ederrean emango dugu kontzertua, uztailaren 12an, larunbata, arratsaldeko 20:00etan.

    Denboraldia ixteko modu polita dugu aurtengoa, beraz, beti bezela, gonbidapena luzatzen dizuegu hemendik.