• Badakizu zein den musika klasikoaren top ten?

    Badakizu zein den musika klasikoaren top ten?

    Jatorrizko artikulua hemen


    Guridi, Prokofiev eta Mozart dira musika klasikoaren arrakasten sailkapeneko lehen postuak betetzen dituzten konpositoreetako batzuk. Baina haietako bat ere ez dago lehen postuan. ¿Asmatuko al duzu nor den? Behotsikek badu erantzuna.

  • Manga musika Bilboko Manga eta Japoniar Kultur Azokan

    Manga musika Bilboko Manga eta Japoniar Kultur Azokan

    Datorren ekainaren 21etik 23ra bitartean, V. Bilboko Manga eta Japoniar Kultur Azoka ospatuko dute Bilboko Euskalduna Jauregian, eta bertan parte hartuko dugu ekainaren 22an arratsaldeko 6etan emango dugun kontzertuarekin.

    Ez da manga eta japoniar kulturaren munduan murgiltzen garen lehenengo aldia. Izan ere, pasa den denboraldian MoTsuKoRa elkarteak antolatutako XX. Manga eta Anime Jardunaldietan parte hartu genuen, eta berriki, pasa den urrian, Amorebietako Mangamore jaialdian ere kontzertua eman genuen.

    Jende askorentzat guztiz ezezaguna izan daitekeen musika biltzen dute anime eta bideojokoek, baina behin ezagututa, abesti oso interesgarriak aurkitu ditugu. Kontzertu honetan, anime eta bideojokoetako kantu garrantzitsuenetako batzuk joko ditugu, asteburu horretan Euskalduna Jauregian sortuko den giro bereziari soinu banda jartzeko helburuarekin.

    Azokaren inguruko informazio gehiago izateko eta ospatuko diren ekintza guztiak ikusteko, elkartearen webgunean sar zaitezkete. Bestela, ekainaren 22an, arratsaldeko 18:00etan, Bilboko Euskalduna Jauregian ikusiko dugu elkar, manga eta anime munduko soinu banda onenak entzuteko.

  • Zinema liturgikoak badu bere idazlea

    Zinema liturgikoak badu bere idazlea

    Jatorrizko artikulua hemen


    Zinema liturgikoak asko zor dio Marco Frisinari. Apaiza, musikaria, konpositorea eta biblista, Biblia proiektuko burua izan da, Eskrituretako pertsonaien inguruko telefilmeak biltzen dituen proiektua. Juan XXIII eta Juan Pablo II Aita Santuen inguruko biopicetako soinu bandak idatzi ditu, baita gai historikoa duten pelikulentzat ere.

    Behotsikekin denboran zehar bidaiatzen dugu 90. hamarkadara arte apaiza elkarrizketatzeko.

  • Behotsik Eguna, gure orkestra ospatzen

    Behotsik Eguna, gure orkestra ospatzen

    Gure orkestra ez da ohiko orkestra bat. Ez dago zalantzarik horren inguruan. Lagunak gara, familia bat. Eta hori ospatzeko, eta kanpokoek ikus dezaten, zerbait berezia egin behar genuen. Denboraldi hasieratik lanean ibili ondoren, pasa den maiatzaren 25ean Behotsik Eguna ospatu genuen.

    Nahiz eta honen berri izan ez duzuen, aitortu beharra dugu maiatzaren 25eko arratsalderako ekitaldi berezia prestatuta genuela Bilboko Alde Zaharrean egiteko, non kalera irten eta urte hauetan jo izan ditugun programa eta obra desberdinak jo egingo genituen. Baina Bilbon gaude, eta badakigu ezin garela eguraldiaz fidatu, eta horrexegatik, ekitaldi hau bertan behera utzi behar izan genuen.

    Baina dena ez zen gaizki suertatu, eta gauean Behotsik Sarien lehenengo edizioa ospatu genuen, gure kide eta bazkideen arteko afari batekin. Honen guztiaren helburua? Alkar hobeto ezagutzea eta urte honetan zehar izandako jarrera onak (eta ez hain onak) saritzea. Horretarako Zuzendaritza Batzordeak hainbat sari antolatu zituen Borja Mollá gure kideak gidatutako gala dibertigarri batean banatzeko.

    Behar den moduan egindako aurkezpen baten ondoren (ereserki eta guzti) Behotsik Sariak banatu genituen. Pertsona Berbatienaren Behotsik Saria Amaia Garcíak jaso zuen; Pertsona Enpanatuenarena, berriz, Marco Gangarossak. Bere konpromisoa eskertzeko, David Rodríguezek Konpromisoaren Behotsik Saria jaso zuen. Urteko Influencerra Joseba Ullibarri izan zen. Carmelo Mendiak Informazioaren Sustapenaren Behotsik Saria jaso zuen, eta Ibone Mendia gure kide ohiak Bazkideen Erakarpenaren Saria. Azkenik, Diruzaintzak sari berezia banatu zuen, Ordainketak Egunera Izatearen Saria hain zuzen ere, Aitor Antúnezek irabazi zuelarik.

    This slideshow requires JavaScript.

    Merezitako atsedenaldi txiki bat egin eta gero, Xabi Loizaga eta Marina Mielgo Behotsik Erresumako errege eta erregin izendatu genituen. Eta Behotsik musika baino gehiago delako, Gorka Cobo eta Irene Martínez bilakatu ziren urteko Travolta eta Olivia, beraien juergarako ohitura saritzeko. Guztiontzako txupito bana ekarri zituzten!

    Behotsik Eguna 2019 edizio honetan batu ginen guztiok zeregin oso garrantzitsua genuen, Behotsik Saria nork eramango zuen aukeratzea hain zuzen ere. Gure bozkak zenbatu ondoren, Igor Giménez gure zuzendariak irabazi zuen. Honen ondoren, orkestra utzi duten bost musikari ohiri intsigniak banatu genizkien. Zorionekoak Ibone Mendia, Izaskun Payas, Inés Del Val, Ane López de Aguileta eta Claudia Díez izan ziren. Eta gaua bukatzeko, Mari Jose Estavillori eman genion Ohorezko Behotsik Saria, orkestragatik egiten duen guztia eskertzeko.

    Gau polita izan zen. Barre asko egin genuen (Borja izan zen honen errudun nagusia), oso ondo pasatu genuen eta orain dela zazpi urte baino gehiago sortu zen ideia zoro honek aurretik ibilbide luzea duela agerian uzteko balio zitzaigun. Eskerrik asko eta datorren urtera arte!