• Behotsik Eguna, gure orkestra ospatzen

    Behotsik Eguna, gure orkestra ospatzen

    Gure orkestra ez da ohiko orkestra bat. Ez dago zalantzarik horren inguruan. Lagunak gara, familia bat. Eta hori ospatzeko, eta kanpokoek ikus dezaten, zerbait berezia egin behar genuen. Denboraldi hasieratik lanean ibili ondoren, pasa den maiatzaren 25ean Behotsik Eguna ospatu genuen.

    Nahiz eta honen berri izan ez duzuen, aitortu beharra dugu maiatzaren 25eko arratsalderako ekitaldi berezia prestatuta genuela Bilboko Alde Zaharrean egiteko, non kalera irten eta urte hauetan jo izan ditugun programa eta obra desberdinak jo egingo genituen. Baina Bilbon gaude, eta badakigu ezin garela eguraldiaz fidatu, eta horrexegatik, ekitaldi hau bertan behera utzi behar izan genuen.

    Baina dena ez zen gaizki suertatu, eta gauean Behotsik Sarien lehenengo edizioa ospatu genuen, gure kide eta bazkideen arteko afari batekin. Honen guztiaren helburua? Alkar hobeto ezagutzea eta urte honetan zehar izandako jarrera onak (eta ez hain onak) saritzea. Horretarako Zuzendaritza Batzordeak hainbat sari antolatu zituen Borja Mollá gure kideak gidatutako gala dibertigarri batean banatzeko.

    Behar den moduan egindako aurkezpen baten ondoren (ereserki eta guzti) Behotsik Sariak banatu genituen. Pertsona Berbatienaren Behotsik Saria Amaia Garcíak jaso zuen; Pertsona Enpanatuenarena, berriz, Marco Gangarossak. Bere konpromisoa eskertzeko, David Rodríguezek Konpromisoaren Behotsik Saria jaso zuen. Urteko Influencerra Joseba Ullibarri izan zen. Carmelo Mendiak Informazioaren Sustapenaren Behotsik Saria jaso zuen, eta Ibone Mendia gure kide ohiak Bazkideen Erakarpenaren Saria. Azkenik, Diruzaintzak sari berezia banatu zuen, Ordainketak Egunera Izatearen Saria hain zuzen ere, Aitor Antúnezek irabazi zuelarik.

    This slideshow requires JavaScript.

    Merezitako atsedenaldi txiki bat egin eta gero, Xabi Loizaga eta Marina Mielgo Behotsik Erresumako errege eta erregin izendatu genituen. Eta Behotsik musika baino gehiago delako, Gorka Cobo eta Irene Martínez bilakatu ziren urteko Travolta eta Olivia, beraien juergarako ohitura saritzeko. Guztiontzako txupito bana ekarri zituzten!

    Behotsik Eguna 2019 edizio honetan batu ginen guztiok zeregin oso garrantzitsua genuen, Behotsik Saria nork eramango zuen aukeratzea hain zuzen ere. Gure bozkak zenbatu ondoren, Igor Giménez gure zuzendariak irabazi zuen. Honen ondoren, orkestra utzi duten bost musikari ohiri intsigniak banatu genizkien. Zorionekoak Ibone Mendia, Izaskun Payas, Inés Del Val, Ane López de Aguileta eta Claudia Díez izan ziren. Eta gaua bukatzeko, Mari Jose Estavillori eman genion Ohorezko Behotsik Saria, orkestragatik egiten duen guztia eskertzeko.

    Gau polita izan zen. Barre asko egin genuen (Borja izan zen honen errudun nagusia), oso ondo pasatu genuen eta orain dela zazpi urte baino gehiago sortu zen ideia zoro honek aurretik ibilbide luzea duela agerian uzteko balio zitzaigun. Eskerrik asko eta datorren urtera arte!

  • Lokal berriaren inaugurazioa bazkideekin

    Lokal berriaren inaugurazioa bazkideekin

    Pasa den igandean, urtarrilaren 8a, gure lokal berriaren inaugurazioa ospatu genuen orkestrarentzako hain garrantzitsuak diren gure bazkideekin.

    Hiru urte igaro dira Bilboko Arabella auzoan kokatuta dagoen lokala alokatu genuenetik, orkestrarentzako egoitza eta entsaiatzeko lekua izateko helburuarekin. Ahalegin ekonomiko garrantzitsu baten ondoren eta lan askoren ondoren, lokala erreformatu, txukundu, intsonorizatu eta entsaiatzeko prest dago, eta laster hasiko gara bertan lan egiten.

    Baina guzti horren aurretik, guretzat hain garrantzitsuak diren eta modu guztiz eskuzabalean orkestra bultzatu eta laguntzen duten gure bazkideekin ospatu nahi genuen lokalaren inaugurazioarekin.

    Estekatutako bideoan ikusi dezakezue inaugurazioaren arratsaldea izan zenaren laburpen txiki bat, baita lokala zeinen polita gelditu zaigun ere.

    EGIN ZAITEZ BEHOTSIK ORKESTRAKO BAZKIDE

    Gogoratu pasa den denboralditik aurrera Behotsik orkestra modu zuzenago batean lagundu ahal duzula eta orkestrako bazkide bihur zaitezkela.

    Bazkide izateak hainbat abantaila ditu: orkestrak joko dituen programak proposatzea, kontzertuak ikusteko leku berezia, hileroko Newsletterra orkestraren azken berriekin, sarrera eta opari ezberdinen zozketak… eta beste hainbat gauza!

    Bazkide bihurtzeko, bazkideen atalean sartu eta bertako formularioa betetzea baino ez duzu. Bertan duzu informazio guztia. Oso erraza da bazkide bihurtzea eta urteko 39€-ko kuota baino ez da ordaindu behar.

  • Musika – Música 2016rako zozketa

    Musika – Música 2016rako zozketa

    Behotsik orkestrak zozketa egingo du bere bazkideen artean Musika – Música 2016 jaialdia dela eta.

    Musika – Música 2016‬ jaialdiko bi kontzerturako bi sarrera bikoitz eta sorpresatxo bat zozketatuko ditugu gure bazkideen artean. Orkestrako bazkide izan nahi baduzu, sar zaitez www.behotsik.com/bazkideak webgunean, hor baitago informazio guztia.

    Zozketa otsailaren 27an egingo da eta irabazleak egun horretan emango ditugu. Zorte on!

  • Egin zaitez Behotsik Orkestrako bazkide

    Egin zaitez Behotsik Orkestrako bazkide

    Behotsik Orkestrak, bere historian puntu garrantzitsu bat markatuko duen berria dakartzu: gaurtik aurrera, orkestrako bazkide izateko aukera duzu. Horretarako, #WeWantYouBHT leloa duen kanpaina jarri dugu martxan.

    Orain arte, Behotsik Orkestra musika-elkarte moduan funtzionatu izan du, eta bazkide bakarrak orkestran bertan jotzen duten musikariak izan dira. Baina gaurtik aurrera zu ere izan zaitezke bazkide.

    Bazkide izateak hainbat abantaila ditu: orkestrak joko dituen programak proposatzea, kontzertuak ikusteko leku berezia, hileroko Newsletterra orkestraren azken berriekin, sarrera eta opari ezberdinen zozketak… eta beste hainbat gauza!

    Sartu bazkideen atalean eta informatu zaitez. Oso erraza da bazkide bihurtzea eta urteko 39€-ko kuota baino ez da ordaindu behar. Gogoratu, #WeWantYouBHT!