• Corazón de Tango, gure etxetik zuentzako oparia

    Corazón de Tango, gure etxetik zuentzako oparia

    Etxean gaude, baina ez gaude geldirik. Covid-19 birusak eragindako egoerak bultzatuta, hilabete bat baino gehiago daroagu etxean sartuta eta entsaiatu gabe. Arraroa da larunbat arratsaldeetan entsaiatzera ez joatea, elkarren aurpegiak ez ikustea… Arraroa, eta gogorra ere bai.

    Horregatik, zeozer berezia egitea pentsatu genuen. Symphonic Rock Tour 2.0 biraren baitan Pozalaguako Auditoriumean eman behar genuen eta zoritxarrez bertan behera gelditu zen kontzerturako prestatu genituen partituren artean bilatu, eta Doctor Deseoren Corazón De Tango abestia hartu eta gure etxeetatik grabatu egin dugu. Esan beharra dago, abestiaren moldaketa hau Fernando Velázquez euskal konpositoreak Euskadiko Orkestrarentzat egindako moldaketa zoragarrian oinarrituta dagoela.

    Horrela, bakoitzak bere etxean partitura hartu, mugikorraren aurrean jarri eta grabatu egin du bere zatia, gero Unai gure kideak dena nahastu eta bideoa montatzeko. Ahotsa, gurekin hainbeste aldiz lan egin duen Aitor Fernández gure lagunaren lana izan da, betiko moduan bere arte eta alaitasuna emateko prest egon dena.

    Guzti honen emaitza, goiko bideoan dagoen lana izan da, gure etxeetatik zuontzako oparia, bizitzen ari garen une zail hauek alaitu eta arintzeko helburuarekin. Espero dugu zuen gustukoa izatea. Laster arte.

  • Musikaren M Zezilia Deuna egunean

    Musikaren M Zezilia Deuna egunean

    Gaur Zezilia deuna da, zein Elizak musikarien zaindari sagaratuko zuen. Bere omenez kontzertu bereziak egingo dira eta komunikabideetan pasadizozko espazioren bat eskainiko zaio.

    Eta besterik ez.

    Egun honen botere aldarrikatzailea ahaztu dugu, eta besteak musikaren egoerari buruz kontzientziatzeko duen gaitasuna baztertzean bere izpirituari traizio egiten ari gatzaizkio, gure arima arinkeriari salduaz.

    Horregatik, gonbidapena luzatzen dizuet azaroaren 22 honetan zuen adiskide agenda hartu, ezagutzen dituzuen musikariak bilatu eta “eskerrik asko” esateko.

    Eskerrik asko mundu hau sutsuagoa egiteagatik, eskerrik asko nire bizitzari soinu banda jartzeagatik, eskerrik asko larritasuna nuenean lasaitzeagatik, goibel nengoenean alaitzeagatik, ni hunkitzeagatik, ni gozarazteagatik, eskerrik asko nire momentu txarrak arintzeagatik, onak hobetzeagatik, mila esker zure denbora, zure bizitza besteak zoriontsu egiteko eskaintzeagatik.

    Espero dot Zezilia Deuna bakoitza gure musikarekiko konpromezua urte osoan zehar ikuskatzeko eguna izatea, kontzientzia-azterketa egiteko, guretzat musika zeinen garrantzitsua den konturatu gaitezen eta behingoz ikus dezagun zeinen gutxi baloratzen ditugun bere sortzaile eta interpretatzaileak, bere dohainak irakatsi eta zabaltzen dituztenak, eta, azken finean, gaurko egunak zentzua eukitea posible egiten duten guztiak.

  • Aneguriarekin dantzan amaitu genuen Kafe Antzokian

    Aneguriarekin dantzan amaitu genuen Kafe Antzokian

    Pasa den ekainaren 3ko igandean, nahiz eta arratsaldea gris eta euritsu hasi zen, bero bero amaitu genuen guztiok Aneguriarekin jo ta su dantza egiten, bere Frambuesas y Palomitas diska berriaren aurkezpenean parte hartu ondoren.

    Esan bezala, arratsaldea euritsu hasi zen arren, Kafe Antzokian bildutako 200 pertsona inguruko ikusleak denak emanda egon ziren arratsalde osoan zehar. Bost multzotan banatuta egon zen ikuskizuna, Aneguriak jorratzen dituen musika mota desberdinak ekarri zituen, laster argitaratuko den eta guk parte hartu dugun Frambuesas y Palomitas diska berriarekin hasita.

    Guretzat kontzertu desberdina izan zen hau, musika motagatik, tokiagatik, base bat edukitzeagatik, baita zutunik jotzegatik ere. Hala ere, gogoz hartu genuen erronka eta primeran pasatu genuen. Are gehiago, oso labur egin zitzaigun eszenatoki gainean egon ginen 20 minutu eskas horiek.

    This slideshow requires JavaScript.

    Horren ondoren, ez ginen etxera joango. Horregatik, eta Aneguriaren energiaz beteriko musika dantzagarriak lagunduta, ikusleen artean sartu eta gainerako kontzertua ikusi genuen, abesten, dantzan eta lagun artean aste bukaera bikaina edukiz.

    Hemen dituzue bideo eta argazki hauek bertan bizitakoa ikus dezazuen, eta gogoratu laster errepikatuko dugula. Uztailaren 14an Bilbao BBK Live jaialdian egongo gara Aneguriarekin, beraz, etor zaitezte arratsalde ona pasa nahi baduzue.

  • Minbiziaren aurka musika minutu bat, AECC-ren alde egiten

    Minbiziaren aurka musika minutu bat, AECC-ren alde egiten

    Ostegun honetan, ekainak 7, AECC Espainiako Minbiziaren Aurkako Elkarteak #1MinutoContraElCáncer ekimena antolatu du, non eguerdiko 12etan Estatu osoa gelditu egingo den, elkartearen Dando La Cara Por Ti entzuteko eta elkarrekin minbiziaren aurkako borrokan historia egiteko.

    AECC Bizkaiaren aldetik proposamena jaso genuenean, pasa den denboraldiko kontzertuan egin genuen bezela, ez genuen zalantzarik izan eta parte hartzea erabaki genuen. Horrela, agenda korapilatsua izan arren, lan egiten hasi eta abestiaren bertsioa sortu eta grabatzea erabaki genuen.

    Honen emaitza, ikusgai duzuen bideoa da, Borja Mollá gure kidearen moldaketarekin, gurekin askotan lan egin duen eta lagun dugun Aitor Fernándezen ahotsekin, eta Aitor bera, María Barrado, Igor Giménez gure zuzendaria eta Unai Ibañez gure kidearen koruekin.

    Espero dugu bideoa zuen gustukoa izatea eta minbiziagatik sufritzen ari diren pertsona guztiei ekimen honekin ahal den heinean laguntzea. Gogoratu ezazu zu ere batu ahal zarela ekimenera zure bertsioa eginez edo gurea elkarbanatuz. Har ezazu minbiziaren aurka musika minutu bat.

  • Don’t Stop Me Now, zuzenean Azkuna Zentroan

    Don’t Stop Me Now, zuzenean Azkuna Zentroan

    ‘Don’t stop me now, if you want to have a good time just give me a call…’

    Pasa den azaroaren 25ean, Madrilgo JOECOM Orkestrarekin eta Caledonian Road taldearekin batu ginen Bilboko Azkuna Zentroan rock kontzertu bat emateko Fair Saturday mugimenduaren baitan.

    1000 pertsonatik gora bildu zituen eta VASS Sanfilippo Euskadirentzako 2.376 € lortu ziren kontzertu honetan, rock abesti ospetsuenen errepasoa egin genuen rock talde bat eta orkestra sinfonikoa uztartuz. Horren eredu da Queen taldearen ‘Don’t Stop Me Now’ abesti mitikoaren bertsio hau.

    Adi egon zaitezte kontzertu honen inguruko berriekin etorriko garelako. Laster.

  • Prokófiev, Guridi eta Turina Auzoz Auzo 2018 zikloan

    Prokófiev, Guridi eta Turina Auzoz Auzo 2018 zikloan

    Ohi den bezela, gure kontzertuen aurretik bertan ikusi ahalko duzuenari buruz hitz egin nahi dizuegu. Hurrengoa, Bilbao 700 Fundazioak antolatutako Auzoz Auzo 2018 zikloan emango duguna da.

    Oraingoan, gure zuzendari gonbidatua izango den Pablo Puga elkarrizketatu dugu, eta datorren otsailaren 24an, Bilboko Casilda Iturrizar parkean Musika – Música 2018ko Auzoz Auzo zikloaren barruan emango dugun kontzertuaren nondik norakoak azaltzen dizkigu.

    “Musika – Músicako edizio honetan hiru obra joko ditugu. Lehenengoa, Prokofieven Zaldunen Dantza. Gero, Guridiren 10 Euskal Melodiak, zeinetatik bost joko ditugun. Eta azkenik, Turinaren Orgia.”

    Orkestrari buruz hitz egitean, “asko harritu zidan, ez dudalako ezagutzen horrelako beste orkestrarik, non jendea nahi duelako baino ez den joaten, musu-truk. Eta egia esan, Igorren lana, eta orokorrean, guztiona, oso ona izan dan.”

  • Badator 17-18 denboraldia

    Badator 17-18 denboraldia

    Orkestraren 5. urteurrenak markatutako denboraldi politaren ondoren, zeinetan proiektu bereziak egin genituen, 17-18 denboraldia aurkezten dizuegu. Denboraldi potentea dugu aurretik eta energiaz eta gogoz beterik gatoz.

    17-18 denboraldi honetan musikarekin gozatzen jarraituko dugu, baina zuen parte hartzea areagotu nahi dugu. Horregatik, “Musikaz busti zaitez. Izan Behotsik” leloarekin, gurekin blai egitera gonbidatzen zaituegu, musikarekin gozatzera, eta Behotsik Orkestraren parte izatera, modu batean edo bestean, baina musika ardatz izanik, lagunen artean disfrutatzera.

    Momentuz proiektu pare bat baino ezin dizkizuegu aurreratu. Alde batetik, aurreko bi urteetan bezala, Fair Saturday ekimenean parte hartuko dugu. Aldi honetan, kontzertu oso berezia prestatzen ari gara, Bilboko toki berezi batean gauzatuko dena eta zeinetan kolaborazio oso bereziak izango ditugun.

    Bestalde, urte amaierarako gabonetako kontzertua prestatzen ari gara, non orkestraren parte eta lagun diren konpositore gazte biren obra berriak estreinatuko ditugun. Momentu polita izango da, bai beraientzat bai orkestrarentzat, obra bat estreinatzen dugun lehenengo aldia izanik.

    17-18 denboraldia honen parte sentitu eta musikaz gozatu nahi baduzu, ez ahaztu Behotsik Orkestran parte hartu ahal duzula, bai musikari gisa instrumenturen bat joz gero, bai bazkide moduan. Zure zain gaude, eta gogoratu, MUSIKAZ BUSTI ZAITEZ! IZAN BEHOTSIK!

  • Eskerrik asko Graffiti

    Eskerrik asko Graffiti

    Pasa den ostiralean denboraldiko azken saioa izan genuen Radio Euskadiko Graffitin, eta eskerrak ematea baino besterik ezin dugu egin!

  • Beste urte bat Musika – Músicaz gozatzen

    Beste urte bat Musika – Músicaz gozatzen

    Bukatu egin da Musika – Música jaialdiaren aurtengo edizioa, eta zalantzarik gabe esan dezakegu arrakasta handia izan dela eta jaialdiaz gozatu dugula.

    Aurtengo jaialdian 850 musikari profesionalek, kontserbatorio eta musika eskoletako 880 ikaslek eta kolaboratzaile espezifiko bezala jardun diren 40 adituk parte hartu dute. Horiei guztiei esker, 75 kontzertu eskaini dira aretoetan eta 24 Kioskoan. Gainera, 2.500 ikaslek parte hartu dute martxoaren 1, 2 eta 3an Euskalduna Jauregian egin den ikuskizun didaktikoan. Azken kontaketa egin gabe, 30.000tik gora lagun joan dira, eta sarrerak agortu egin dira kontzertu askotan.

    Gure kasuan, Behotsik Orkestrak bi kontzertu eman ditu: lehenengoa jaialdiko bigarren egunean, Euskalduna Jauregiko kioskoan, entzule mordoa batu zuena. Gure galerian ikus ditzakezue kontzertuko argazkiak.

    Behotsik Musika Música 2017
    Musika – Música 2017Jokin Ibañez

    Bigarrena, jaialdiko azken egunean, Tik-Tak Denbora familientzako kontzertua izan zen, Arima Kamerata eta Julene Lekunberri eta Janire Soldevilla antzezleekin batera. Umeei zuzendutako kontzertua izan zen, non musikaren erritmoa bilatzeko bidaia egin zuten Bohemiako musika ezagutuz, sarrerak agortu zituena.

    Eta datorren urteko Musika – Músican…

    Musika – Música 2018ko jaialdiak gerra arteko sasoia izango du ardatz. Gerra arteko sasoia une historiko bat izan zen eta, nola ez, musika klasikoak ere jasan zuen aro berri haren gorabehera sozioekonomiko eta kulturalen eragina. Espero dugu datorren urteko edizioan ere elkar ikustea.

  • Tik-Tak Denbora familientzako kontzertua, zuzenean

    Tik-Tak Denbora familientzako kontzertua, zuzenean

    Pasa den igandean, martxoaren 5ean, Bilbao 700 Fundazioak antolatzen duen Musika – Música 2017 jaialdiaren baitan Tik-Tak Denbora familientzako kontzertuan parte hartu genuen Bilboko Euskalduna Jauregiko Barria aretoan.

    Sarrerak agortu zirelarik, eta umeak nagusitzen ziren publiko batekin, Julene Lekunberri eta Janire Soldevilla antzezleek gidatu zuten ikuskizuna, non musika egiteko ezinbestekoa den elementu baten bila ibiliko diren, publikoaren ezinbesteko parte-hartzearekin, Bohemiako musika ezagutuz. Kontzertua streaming bidez zuzenean igorri zuten.

    “Semifusak bere jendaurreko lehen emanaldia eskainiko du. Emanaldia hasteko gutxi falta denean, ohartzen da gauza oso garrantzitsu bat falta zaiola. Obra atzera kontaketa bat da, galdutakoaren bilaketa bat, bidean Bohemiako melodia eta erritmoak deskubrituko direlarik.”

    Antzezleak: Julene Lekunberri eta Janire Soldevilla
    Koordinatzailea: Mercedes Albaina
    Arima Kamerata
    Behotsik Orkestra

  • Dust In The Wind zuzenean Radio Euskadin

    Dust In The Wind zuzenean Radio Euskadin

    Pasa den otsailaren 3an, Unai Ibañez, Ioritz Madariaga eta Borja Mollá gure kideak, Radio Euskadiko Graffitira beraien asteroko bisitan, zuzenean jo zuten Kansas taldearen Dust In The Wind abestia Iker Gutierrez saioko bekadunarekin batera.

    Egun berezia izan zen hura, agurren eguna. Alde batetik, Urko Aristiren azken eguna zen Graffitin, izan ere, EiTBko irrati taldeko zuzendariorde izendatu dute. Beste aldetik, Iker Gutierrezi irailetik hona Graffitin egoteko beka amaitu zaio eta bere azken astea zen Radio Euskadiko saioan.

    Beraz, egun ezin aproposagoa zen zerbait berezia prestatzeko. Iker ahots eta gitarran, Unai gitarran, Borja bibolinean eta Ioritz pianoan, zuzenean jo zuten Kansas talde amerikarraren Dust In The Wind abestia.

  • Lokal berriaren inaugurazioa bazkideekin

    Lokal berriaren inaugurazioa bazkideekin

    Pasa den igandean, urtarrilaren 8a, gure lokal berriaren inaugurazioa ospatu genuen orkestrarentzako hain garrantzitsuak diren gure bazkideekin.

    Hiru urte igaro dira Bilboko Arabella auzoan kokatuta dagoen lokala alokatu genuenetik, orkestrarentzako egoitza eta entsaiatzeko lekua izateko helburuarekin. Ahalegin ekonomiko garrantzitsu baten ondoren eta lan askoren ondoren, lokala erreformatu, txukundu, intsonorizatu eta entsaiatzeko prest dago, eta laster hasiko gara bertan lan egiten.

    Baina guzti horren aurretik, guretzat hain garrantzitsuak diren eta modu guztiz eskuzabalean orkestra bultzatu eta laguntzen duten gure bazkideekin ospatu nahi genuen lokalaren inaugurazioarekin.

    Estekatutako bideoan ikusi dezakezue inaugurazioaren arratsaldea izan zenaren laburpen txiki bat, baita lokala zeinen polita gelditu zaigun ere.

    EGIN ZAITEZ BEHOTSIK ORKESTRAKO BAZKIDE

    Gogoratu pasa den denboralditik aurrera Behotsik orkestra modu zuzenago batean lagundu ahal duzula eta orkestrako bazkide bihur zaitezkela.

    Bazkide izateak hainbat abantaila ditu: orkestrak joko dituen programak proposatzea, kontzertuak ikusteko leku berezia, hileroko Newsletterra orkestraren azken berriekin, sarrera eta opari ezberdinen zozketak… eta beste hainbat gauza!

    Bazkide bihurtzeko, bazkideen atalean sartu eta bertako formularioa betetzea baino ez duzu. Bertan duzu informazio guztia. Oso erraza da bazkide bihurtzea eta urteko 39€-ko kuota baino ez da ordaindu behar.

  • Lehoi Erregea zuzenean, A Disney Dream biran

    Lehoi Erregea zuzenean, A Disney Dream biran

    Hona hemen pasa den ekainaren 19an Barakaldoko Barakaldo antzokian A Disney Dream biraren barruan eskaini genuen kontzertuko Lehoi Erregea filmeko soinu bandaren bideoa.

    Behotsik Orkestra
    Zuzendaria: Igor Giménez

    Abeslariak: María Barrado, Aitor Fernández
    Dantzariak: Tropic Dance Dantza Eskola
    Perkusioa: Miryam Ortiz, Enrique Castañeda, Egoitz Poza, Aintzane Corchado, Álvaro Luzuriaga
    Antzezleak: Arteta Musika Eskola, Marta, Susana, Sergio, María, Paula
    Atrezzoa: Rakel, Mari Jose, Ibon
    Proiekzioa: Adriana González, Unai Ibañez, Ioritz Madariaga

  • Zorionak BEHoT5IK! 5 urte

    Zorionak BEHoT5IK! 5 urte

    2011ko abuztuaren 16an, udako arratsalde bero batean, Bilboko Miribilla auzoan sortu zen Behotsik Orkestra osatzeko ideia. Hasieran, ideia eroa zirudiena, denborarekin errealitate bihurtu zen, gaur egunera arte.

    Bost urte hauetan begirada atzera botaz, ikaragarria da ezerezetik sortutako orkestra honek egin dituen proiektu guztiak, eta oso harro gaude. Espero dugu etorkizunean proiektu honek horrela jarraitzea, eta gu prest gaude horretarako.

    Bost urte hauek ospatzeko, orkestrako kide batzuekin egindako bideoa uzten dizuegu, non urte hauetako ibilbidea birpasatzen dugun: EuroCamerata, soinu banden programa, Musika – Música, Euskal Herria Bizi, Concerts4Good, Behotsik Symphonic Rock Tour 2015‬, Fair Saturday, A Disney Dream…

    Hemendik eskerrak eman nahi dizkiegu bost urte hauetan zehar orkestran parte hartu duzuen, noizbait lagundu diguzuen eta gure ondoan egon zareten guztioi. Argi dago Behotsik aurrera atera izana guztion lanaren fruitua dela. Eskerrik asko, eta aurrera!

  • Agur 2015

    Agur 2015

    Gure 2015 urtea izan denaren laburpen txiki bat. Eskerrik asko gurekin egon zareten guztioi.