• Aneguriarekin dantzan amaitu genuen Kafe Antzokian

    Aneguriarekin dantzan amaitu genuen Kafe Antzokian

    Pasa den ekainaren 3ko igandean, nahiz eta arratsaldea gris eta euritsu hasi zen, bero bero amaitu genuen guztiok Aneguriarekin jo ta su dantza egiten, bere Frambuesas y Palomitas diska berriaren aurkezpenean parte hartu ondoren.

    Esan bezala, arratsaldea euritsu hasi zen arren, Kafe Antzokian bildutako 200 pertsona inguruko ikusleak denak emanda egon ziren arratsalde osoan zehar. Bost multzotan banatuta egon zen ikuskizuna, Aneguriak jorratzen dituen musika mota desberdinak ekarri zituen, laster argitaratuko den eta guk parte hartu dugun Frambuesas y Palomitas diska berriarekin hasita.

    Guretzat kontzertu desberdina izan zen hau, musika motagatik, tokiagatik, base bat edukitzeagatik, baita zutunik jotzegatik ere. Hala ere, gogoz hartu genuen erronka eta primeran pasatu genuen. Are gehiago, oso labur egin zitzaigun eszenatoki gainean egon ginen 20 minutu eskas horiek.

    This slideshow requires JavaScript.

    Horren ondoren, ez ginen etxera joango. Horregatik, eta Aneguriaren energiaz beteriko musika dantzagarriak lagunduta, ikusleen artean sartu eta gainerako kontzertua ikusi genuen, abesten, dantzan eta lagun artean aste bukaera bikaina edukiz.

    Hemen dituzue bideo eta argazki hauek bertan bizitakoa ikus dezazuen, eta gogoratu laster errepikatuko dugula. Uztailaren 14an Bilbao BBK Live jaialdian egongo gara Aneguriarekin, beraz, etor zaitezte arratsalde ona pasa nahi baduzue.

  • Aneguriaren Frambuesas y Palomitas diskoaren aurkezpena Behotsik orkestrarekin batera

    Aneguriaren Frambuesas y Palomitas diskoaren aurkezpena Behotsik orkestrarekin batera

    Jatorrizko artikulua hemen


    Aneguriak ekainaren 3an Frambuesas y palomitas lana zuzenean aurkeztuko du Kafe Antzokian. Kontzertu berezia eta disko berezia da oraingo, Anerekin batera Behotsik Orkestra egongo da. Apirila eta maiatzean buru belarri dabiltza lanean, diskoa grabatzen eta zuzeneko prestatzen, Ane Guria izan da gurean. Dana edo ezebez horrela aurkeztu du igandeko kontzertua, diskoa ekaina bukaeran argitaratuko du.

  • Makina Versus Pertsona musika egiteko

    Makina Versus Pertsona musika egiteko

    Jatorrizko artikulua hemen


    Frambuesas y Palomitas Aneguriaren hurrengo diska izango da. Orkestra sinfoniko batekin abesten zuela amestu zuen eta bere ametsa egi bihurtu zen Behotsik Gazte Orkestrarekin. Elkarrizketan abeslariak pertsonek makinen aurrean duten garrantzia azpimarratu du. Horregatik, Ane taldeko beste kide batzuekin etorri da, Ibon Larruzea ekoizlea eta Nerea Alberdi moldatzailearekin hain zuzen ere.

    Berriketa oso didaktikoa izan da. Lan diskografiko baten masterizazio prozesua azaldu digute, Ibon Larruzeak Euridia Estudioetan egiten duen moduan. Midia zer den ere ikasi dugu, eta gainera, Nerea Alberdik orkestra sinfoniko batentzako moldaketak egitea zer suposatzen duen azaldu digu.

    Frambuesas y Palomitas datorren igandean, ekainak 3an aurkeztuko da Bilboko Kafe Antzokian. Gainera, Kobetan izango dira BBK Liveko programazioaren baitan.

  • Frambuesas y Palomitas: Aneguriarekin estudioan

    Frambuesas y Palomitas: Aneguriarekin estudioan

    Aurreratu genizuen bezala, Aneguria rap abeslariarekin zuzenean jotzeaz gain, bere Frambuesas y Palomitas diska berriaren grabaketan parte hartu dugu.

    Horrela, apirila eta maitza bitartean Bilboko Euridia estudioetan ibili gara diskako abesti pare bat grabatzen. Estudioko jabe den eta abestiak konposatu dituen Ibon Larruzea izan da teknikari lanetan, eta orkestrarako moldaketak egin dituen Nerea Alberdi egon da gu laguntzen eta detaile guztiak xehatzen.

    Guretzat esperientzia oso aberasgarria izan da, izan ere, orkestrako kide gutxik grabatu du ezer aukera honen aurretik. Beraz, eskerrak baino ezin diegu eman Aneguria, Ibon eta Nereari gurekin izandako arretagatik. Gure esperientzia laburbiltzeko eta zelan pasatu dugun ikus dezazuen, hemen uzten dizkizuegu laburben bideoa eta argazki batzuk.

    This slideshow requires JavaScript.

    Gogoratu Frambuesas y Palomitas diska aurki egongo dela kalean eta aurkezpen kontzertua ekainaren 3an izango dela Bilboko Kafe Antzokian.

  • Aneguria rap abeslariarekin kolaborazioa

    Aneguria rap abeslariarekin kolaborazioa

    Denboraldi amaiera potentea izango genuela aurreratu genizuen, eta horregatik, berriekin jarraitzen dugu. Oraingo honetan ilusio berezia egiten digun berri batekin gatoz: Behotsik orkestrak Aneguria rap abeslariarekin lan egingo dugu prestatzen ari den Frambuesas y Palomitas diska berrian eta honen aurkezpen kontzertuetan.

    Aneguria aka La Kieta, Durango eta Bilbo bitartean hezitako abeslari hau rap eta raggamuffin bitartean dabilen “MC” da. Euskarazko bat-bateko rap eta bertso solasetan ibiltzea gustuko duen artista hau Eskina Femenina proiektuaren sortzaileetako bat da. 2017an atera zuen bere bakarkako lehen lana “Horchata de Chufa” izenarekin. Hainbat kolaborazio egin ditu eta Euskal Herriaz gain, atzerriko hainbat herrialdetan abestu du.

    Oraingo honetan, bere Frambuesas y Palomitas diska berria prestatzen ari zelarik, berarekin parte hartzera gonbidatu zigun, eta nahiz eta mundu hau guretzat guztiz berria den, gogoz beterik, baiezkoa eman genion.

    Aste hauetan diskoko abesti batean egingo dugun parte hartzea grabatzen gabiltza Bilboko Euridia estudioetan Ibon Larruzearekin, izugarrizko esperientzia duen eta lagun dugun Nerea Alberdik egindako moldaketekin. Esperientzia polita izaten ari da, eta laster izango duzue emaitza entzuteko.

    Diska berriaren aurkezpena Kafe Antzokian eta Bilbao BBK Live jaialdian

    Frambuesas y Palomitas diskaren grabaketan parte hartzeaz gain, diska zuzenean aurkezteko aukera eman digu Aneguriak, Bilboko Kafe Antzokia eta Bilbao BBK Live jaialdian bezalako lekuetan gainera.

    Horretarako, Nerea Alberdiren moldaketak izango ditugu eta bera izango da zuzendaria bi kontzertu hauetan. Sekulako plazerra hainbat filma eta proiektutako soinu bandaren konposagile eta moldatzaile izan den musikari batengandik ikasi ahal izatea.

    Kontzertuak ekainaren 3an Kafe Antzokian eta uztailaren 14an Bilbao BBK Live jaialdian izango dira. Beraz, apunta itzazu kontzertuen datak eta adi egon zaitez berri gehiagorako.