• Rock gehiago Symphonic Rock Tour 2.0 biran

    Rock gehiago Symphonic Rock Tour 2.0 biran

    17-18 denboraldi honen amaiera lanpetua izango da aurten, eta prestatzen gabiltzan gauza guztien artean, Symphonic Rock Tour 2.0 bira aurkezteko eguna heldu da. Fair Saturday mugimenduaren azken edizioan izandako arrakasta ikusita eta zeinen ondo pasatu genuen gogoratuz, kontzertua errepikatzeko eta borobiltzeko aukera izango dugu. Horregatik, orkestra sinfonikoa rock musikarekin uztartuko ditugu berriro ere genero honetako talde garrantzitsuenen abestiak aurkeztuz.

    Bira labur honetan ere, aurreko aldian bezala, luxuzko konpainia izango dugu. Bilboko Caledonian Road taldea gurekin egongo da rock doinuei indarra emateko. Nahiz eta entseguak gogorrak izan, beti da dibertigarria eurekin lan egin eta musika jotzea.

     

    Birako lehenengo geldialdia, Urduñan

    Symphonic Rock Tour 2.0 bira labur honetako lehenengo kontzertua Urduñako Josefinos Ikastetxean izango da, maiatzaren 19an, arratsaldeko 7etan. Gogo handia daukagu abestiak berriro jotzeko, beraz energiaz beteriko kontzertua izango da.

    Sarrerak apirilaren 11tik aurrera salgai egongo dira eta 3€-ko prezioa izango dute, eta horiek lortzeko bi modu egongo dira. Alde batetik, sarrerak salgai egongo dira Urduñako Llarena tabernan, Lupardika tabernan eta Marrazki tabernan. Beste aldetik, sarrerak erreserbatu ahalko dituzu sarrerak@behotsik.com helbidera mezu elektronikoa bidali edo 685 759 381 eta 665 758 706 zenbakietara deituz. Animatu zaitez eta etorri gutxitan ematen den kontzertu hau ikustera.

    Hala ere, Urduñara etorri ezin bazara, lasai egon Symphonic Rock Tour 2.0 biran kontzertu gehiago egongo baitira. Adi egon gure sare sozialetara hurrengo kontzertuen berri ematen dugunerako.

  • Don’t Stop Me Now, zuzenean Azkuna Zentroan

    Don’t Stop Me Now, zuzenean Azkuna Zentroan

    ‘Don’t stop me now, if you want to have a good time just give me a call…’

    Pasa den azaroaren 25ean, Madrilgo JOECOM Orkestrarekin eta Caledonian Road taldearekin batu ginen Bilboko Azkuna Zentroan rock kontzertu bat emateko Fair Saturday mugimenduaren baitan.

    1000 pertsonatik gora bildu zituen eta VASS Sanfilippo Euskadirentzako 2.376 € lortu ziren kontzertu honetan, rock abesti ospetsuenen errepasoa egin genuen rock talde bat eta orkestra sinfonikoa uztartuz. Horren eredu da Queen taldearen ‘Don’t Stop Me Now’ abesti mitikoaren bertsio hau.

    Adi egon zaitezte kontzertu honen inguruko berriekin etorriko garelako. Laster.

  • VASS Sanfilipporen aldeko rock doinuak Fair Saturday 2017an

    VASS Sanfilipporen aldeko rock doinuak Fair Saturday 2017an

    Behotsik orkestra pozik dago aurreko bi urteetan bezala Fair Saturday 2017 ekimenean parte hartuko duela iragartzeko. 2017ko azaroaren 25ean ospatuko den mugimendu global honetan gure harri koxkorra jarriko dugu Bilboko Azkuna Zentroan VASS Sanfilippo Euskadiren aldeko Symphonic Rock Fair Saturday kontzertua eskeiniz.

    Fair Saturday artistek eta kultura-elkarteek garatutako kultura eta giza izaerako mugimendu globala da. Artista eta kultura-elkarte hauek azaroaren azken larunbatean modu masiboan jardungo dira ekitaldi bakoitzarekin GKE edo proiektu sozial bat bultzatuz.

    Aurreko urteetan Gure Señeak eta AFA Bizkaiarekin lan egin ondoren, aurten VASS Sanfilippo Euskadi elkartearen ondoan egongo gara. VASS Sanfilippo Euskadi irabazi asmorik gabeko elkartea da, Euskadiko Sanfilippo sindromea duten umeen senide eta lagunek osatua. Bere helburua sindromea duten umeak eta familiak beraien bizi kalitatea hobetzen laguntzea da. Sanfilippok, zoritxarrez, historia luzea dauka Euskadin, eta egun 8 kasu daude herrialdean, bat Gipuzkoan eta 7 Bizkaian.

    Orkestra sinfonikoa eta rock taldea

    Fair Saturday egun berezia izanik, kontzertu berezia izatea nahi dugu. Kontzertuaren toki ederraz gain, zeinetan urte askotan jotzen saiatu garen, lankide paregabeak izango ditugu egun hartan.

    Alde batetik, aurretik lagun izan ditugun Madrilgo JOECOM orkestrarekin bilduko gara. Pasa den denboraldian prestatu genuen ‘La Flauta Mágica. Tu Primera Ópera’ ikuskizunarekin Madrilera mugitu ginenez, oraingo honetan beraiek Bilbora etorriko dira 80 lagun inguruko orkestra osatzeko.

    Beste alde batetik, Caledonian Road rock talde bilbotarra izango dugu musikari kutsu bihurria jartzeko. Gainera, taldeko abeslaria Aitor Fernández da, gurekin A Disney Dream proiektuan parte hartu zuelarik.

    Beraz, 2015ean egin genuen Behotsik Symphonic Rock Tour proiektuaren antzeko kontzertuaz gozatu nahi baduzue, hurbildu zaitezte datorren azaroaren 25eko arratsaldeko 8etan Bilboko Azkuna Zentrora, Fair Saturday eguna ospatzera eta VASS Sanfilippo Euskadiren alde egitera.