• Don’t Stop Me Now, zuzenean Azkuna Zentroan

    Don’t Stop Me Now, zuzenean Azkuna Zentroan

    ‘Don’t stop me now, if you want to have a good time just give me a call…’

    Pasa den azaroaren 25ean, Madrilgo JOECOM Orkestrarekin eta Caledonian Road taldearekin batu ginen Bilboko Azkuna Zentroan rock kontzertu bat emateko Fair Saturday mugimenduaren baitan.

    1000 pertsonatik gora bildu zituen eta VASS Sanfilippo Euskadirentzako 2.376 € lortu ziren kontzertu honetan, rock abesti ospetsuenen errepasoa egin genuen rock talde bat eta orkestra sinfonikoa uztartuz. Horren eredu da Queen taldearen ‘Don’t Stop Me Now’ abesti mitikoaren bertsio hau.

    Adi egon zaitezte kontzertu honen inguruko berriekin etorriko garelako. Laster.

  • VASS Sanfilipporen aldeko rock doinuak Fair Saturday 2017an

    VASS Sanfilipporen aldeko rock doinuak Fair Saturday 2017an

    Behotsik orkestra pozik dago aurreko bi urteetan bezala Fair Saturday 2017 ekimenean parte hartuko duela iragartzeko. 2017ko azaroaren 25ean ospatuko den mugimendu global honetan gure harri koxkorra jarriko dugu Bilboko Azkuna Zentroan VASS Sanfilippo Euskadiren aldeko Symphonic Rock Fair Saturday kontzertua eskeiniz.

    Fair Saturday artistek eta kultura-elkarteek garatutako kultura eta giza izaerako mugimendu globala da. Artista eta kultura-elkarte hauek azaroaren azken larunbatean modu masiboan jardungo dira ekitaldi bakoitzarekin GKE edo proiektu sozial bat bultzatuz.

    Aurreko urteetan Gure Señeak eta AFA Bizkaiarekin lan egin ondoren, aurten VASS Sanfilippo Euskadi elkartearen ondoan egongo gara. VASS Sanfilippo Euskadi irabazi asmorik gabeko elkartea da, Euskadiko Sanfilippo sindromea duten umeen senide eta lagunek osatua. Bere helburua sindromea duten umeak eta familiak beraien bizi kalitatea hobetzen laguntzea da. Sanfilippok, zoritxarrez, historia luzea dauka Euskadin, eta egun 8 kasu daude herrialdean, bat Gipuzkoan eta 7 Bizkaian.

    Orkestra sinfonikoa eta rock taldea

    Fair Saturday egun berezia izanik, kontzertu berezia izatea nahi dugu. Kontzertuaren toki ederraz gain, zeinetan urte askotan jotzen saiatu garen, lankide paregabeak izango ditugu egun hartan.

    Alde batetik, aurretik lagun izan ditugun Madrilgo JOECOM orkestrarekin bilduko gara. Pasa den denboraldian prestatu genuen ‘La Flauta Mágica. Tu Primera Ópera’ ikuskizunarekin Madrilera mugitu ginenez, oraingo honetan beraiek Bilbora etorriko dira 80 lagun inguruko orkestra osatzeko.

    Beste alde batetik, Caledonian Road rock talde bilbotarra izango dugu musikari kutsu bihurria jartzeko. Gainera, taldeko abeslaria Aitor Fernández da, gurekin A Disney Dream proiektuan parte hartu zuelarik.

    Beraz, 2015ean egin genuen Behotsik Symphonic Rock Tour proiektuaren antzeko kontzertuaz gozatu nahi baduzue, hurbildu zaitezte datorren azaroaren 25eko arratsaldeko 8etan Bilboko Azkuna Zentrora, Fair Saturday eguna ospatzera eta VASS Sanfilippo Euskadiren alde egitera.

  • ‘La Flauta Mágica. Tu primera ópera’ Madrilen

    ‘La Flauta Mágica. Tu primera ópera’ Madrilen

    Jadanik aurreratu genizuenez, ‘La Flauta Mágica. Tu primera ópera’ ikuskizunarekin Madrilera bidaiatu eta kontzertua emango dugu JOECOM orkestrarekin batera. Badugu kontzertuaren data eta ordutegia.

    Kontzertua ekainaren 24an Madrilgo Vedruna Ikastetxe Nagusian izango da, arratsaldeko 20:00etan. Ongintzazko kontzertua izango da, izan ere, sarrerekin lortutako irabaziak Voces elkartearentzat joango dira. Voces arte eta kulturaren botere eraldatzailea erabiliz txirotasunaren aurka borrakatzen duen elkartea da. Sarrerek 5€-ko prezioa izango dute (3€ 18 urte azpikoentzat) eta kontzertua egingo dan tokian bertan erosi daitezke kontzertua hasi baino ordu erdira arte.

    Madrilgo Ikasle eta Ikastetxe Nagusietako Gazte Orkestra JOECOM 2013. urtean sortzen da musikak batzen dituen ikasle talde baten eskutik, beraien pasioaz elkarrekin gozatzeko. Ordutik hona, Alejandro Puerta Cantalapiedraren zuzendaritzapean hainbat kontzertu eman dituzte baita Madrilgo Auditorio Nazionalean ere.

  • La Flauta Mágica. Tu primera ópera

    La Flauta Mágica. Tu primera ópera

    Behotsik Orkestrak, Ópera Divertimento talde lirikoarekin batera, ‘La Flauta Mágica. Tu primera ópera’ aurkezten du, umeei zuzendutako opera ikuskizuna, musika lirikoaren mundura hurbiltzeko eta Mozarten Flauta Magikoaz gozatzeko aukera.

    Antzinako garaiak. Taminok eta Papagenok, Ilargi Erreginaren konpainia dama den Oscurillak iruzur eginda, Eguzki Errege maltzurrak gatibu daukan Paminaren erreskateari ekingo diote. Hasierako lekualdatze fisikoa barne bidaia bihurtuko da. Eguzki Erregea jakintsu espiritual eta justua dela ikusiko da; Ilargi Erregina, izaki irrazional eta gaiztoa.

    Ópera Divertimento taldea 2000. urtean sortzen Ana Isabel Salomón sopranoaren eta Andoni Barañano tenorearen eskutik, talde gazte, profesional eta kalitatezkoa izateko asmoarekin. Taldea Lirikaren itxurazko mundu zail eta ulertezina umeen eta familien publikora hurbiltzen saiatzen da.

    ‘La Flauta Mágica. Tu Primera Ópera’ ikuskizunaren bi emanaldi egingo dira. Alde batetik, ekainaren 18an Bilboko Campos Elíseos Antzokian, arratsaldeko 19:00etan. Kontzertu horretarako sarrerak jadanik salgai daude, 10 edo 15€-ko prezioan.

    Beste alde batetik, Madrilera bidaiatuko dugu, ekainaren 25ean kontzertu bat emateko. Lekua eta ordutegia oraindik zehazteke daude.

    Madrilen, JOECOM orkestrarekin batera

    Madrilgo kontzertua berezia izango da hainbat arrazoi direla eta. Madrilera kontzertu bat ematera bidaiatzeak suposatzen duenaz gain, kontzertu horretarako Ópera Divertimento taldeaz aparte, JOECOM Orkestrarekin bat egingo dugu.

    Madrilgo Ikasle eta Ikastetxe Nagusietako Gazte Orkestra JOECOM 2013. urtean sortzen da musikak batzen dituen ikasle talde baten eskutik, beraien pasioaz elkarrekin gozatzeko. Ordutik hona, Alejandro Puerta Cantalapiedraren zuzendaritzapean hainbat kontzertu eman dituzte baita Madrilgo Auditorio Nazionalean ere.

    Behotsik Orkestra sortu zen ideia antzekoekin abiatu zen JOECOM ere; horregatik, ziur gaude esperientzia polita izango dela.