• Behotsikek ‘Camera Café’ telesaila berreskuratu du

    Behotsikek ‘Camera Café’ telesaila berreskuratu du

    Behotsik orkestrak Camera Café telebistako formatu ezagunari omenaldia egingo dio lau kapitulu izango dituen minisail baten ekoizpenarekin, Zezilia Deuna eguna ospatzeko azken urteetako ohiturari eutsiz.

    Badira zazpi urte Zezilia Deuna egunerako ikus-entzunezko pieza bat ekoizten dugula, orkestrako kideen parte hartzearekin. Ideiaren sorrera, gidoia idaztea, kokapenak bilatzea, aktore lanak, muntaketa… guztia orkestra osatzen dugun gazteon arteko elkarlanean egiten da, orkestraren oinarrietako bat jarraituz.

    Aipatzekoak dira 2020an argitaratutako La Casa de las Partituras pieza, La Casa de Papel fenomenoari keinua eginez, edo 2022ko Musicomio film laburra, aspalditik lagun ditugun Galder Pérez eta Ane Zabala aktoreen cameoarekin.

    Orkestraren egunerokotasunetik aldentzen den ekimen honek helburu argia du: musikariek eta orokorrean arte eta kulturako eragileek pairatzen dituzten miseriak, kutsu barregarri eta ironiko batekin salatzea.

    Aurten, Camera Café telebistako formatu ezagunari omenaldia egingo diogu lau kapitulu izango dituen minisail batekin. Kontserbatorio batean girotua, telesail hau azaroaren 1ean hasiko da emititzen YouTubeko kanalean eta gainerako sare sozialetan.

    Ostiralero, kontserbatorio honetako irakasle eta zuzendaritza-taldearen zoritxarrak ezagutuko ditugu kafe makinako leiho begiluzearen bitartez, Telecinco kateko telesail ospetsuko pertsonaiei keinuak eginez. Azken kapitulua azaroaren 22an, ostirala, argitaratuko da, musikarien zaindari den Zezilia Deuna egunean.

    Unai Ibáñez eta Borja Mollá gure kideen zuzendaritzapean, eta Borja Molláren gidoiarekin, Aitor Antúnez, Aitziber Elizaran, Igor Giménez, Julen Macía, Irene Martínez, Borja Mollá, Alex Osta, Eneko Rodríguez, Jhillary Rojas eta Sara Valparís izango dira aurtengo piezaren protagonistak.

    Beraz, bihar bertan, goizeko 12etan, lehenengo kapitulua eskuragarri izango duzue gure YouTube kanalean. Espero dugu mimoz eta lan handiz egindako bideo hauek zuen gustukoak izatea, eta artearen eta kulturaren alde lanean jarraitzea.

  • Musikaren M Zezilia Deuna egunean

    Musikaren M Zezilia Deuna egunean

    Gaur Zezilia deuna da, zein Elizak musikarien zaindari sagaratuko zuen. Bere omenez kontzertu bereziak egingo dira eta komunikabideetan pasadizozko espazioren bat eskainiko zaio.

    Eta besterik ez.

    Egun honen botere aldarrikatzailea ahaztu dugu, eta besteak musikaren egoerari buruz kontzientziatzeko duen gaitasuna baztertzean bere izpirituari traizio egiten ari gatzaizkio, gure arima arinkeriari salduaz.

    Horregatik, gonbidapena luzatzen dizuet azaroaren 22 honetan zuen adiskide agenda hartu, ezagutzen dituzuen musikariak bilatu eta “eskerrik asko” esateko.

    Eskerrik asko mundu hau sutsuagoa egiteagatik, eskerrik asko nire bizitzari soinu banda jartzeagatik, eskerrik asko larritasuna nuenean lasaitzeagatik, goibel nengoenean alaitzeagatik, ni hunkitzeagatik, ni gozarazteagatik, eskerrik asko nire momentu txarrak arintzeagatik, onak hobetzeagatik, mila esker zure denbora, zure bizitza besteak zoriontsu egiteko eskaintzeagatik.

    Espero dot Zezilia Deuna bakoitza gure musikarekiko konpromezua urte osoan zehar ikuskatzeko eguna izatea, kontzientzia-azterketa egiteko, guretzat musika zeinen garrantzitsua den konturatu gaitezen eta behingoz ikus dezagun zeinen gutxi baloratzen ditugun bere sortzaile eta interpretatzaileak, bere dohainak irakatsi eta zabaltzen dituztenak, eta, azken finean, gaurko egunak zentzua eukitea posible egiten duten guztiak.