• Behotsik Barraka XXI ekimenaren kurtso amaieran egongo da

    Behotsik Barraka XXI ekimenaren kurtso amaieran egongo da

    SGAE Fundazioak bultzatutako Barraka XXI Bilbo eskola sozialaren 24-25 ikasturteak bere azken hitzordua izango du datorren igandean, ekainaren 22an, Errekaldeko Plazan ospatuko den kale-jardunaldian, eta Etorkizuna Musikatan orkestrako gure lagunekin batera, bertan izango gara eguna doinuz janzten.

    Musikaren Nazioarteko Eguna (ekainak 21) eta Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna (ekainak 20) ospatu ondoren, musika eta aldarrikapen kutsuz beteriko egun kaletarra izango dugu igande honetan. Bertan, dantza, antzerki eta abesbatzak tartekatuko dira, Etorkizuna Musikatan eta Behotsik orkestren eskutik. Norai Elkartearen eta Begirune Fundazioaren ordezkaritza bat izango da ere, proiektu honen erakunde laguntzaile nagusiak direlarik, baita Gregorio Ybarra Elkartea, Igurko IMQ Bilbozar egoitza, Otxarkoaga Prestakuntza Zentroa, Bilboko Udaleko arduradunena edo Euskadiko SGAEren zuzendaritzarena ere.

    Eskola sozial honetako aitabitxiek, Aiora Renteriak (Zea Mays) eta Alex Sarduik (Gatibu), Inge Condek abagunerako moldatutako konposizio bana eskainiko dituzte abeslari bakarlari gisa. Beraien Neguan joan da ta eta Urepel abestiak Zeinu Hizkuntzan interpretatuko ditu Ane Legarreta Barraka XXI Bilboko irakasleak zuzenduriko ikasle koru batek. Juana Lorren antzerki tailerrak taularatuko du ekitaldia, eta Bilbozar egoitzako adinekoen dantza taldearen emanaldi batekin hasiko da, Legarretak berak zuzenduta ere. BBoy Jaki break dance irakaslearen taldeak, berriz, bere ikasleen emanaldia bideratuko du.

    Ikusten duzuenez, arte disziplina desberdinez eta aldarrikapenez beteriko jardunaldia izango da, eta gu pozarren gaude gure aletxoa jarri ahal izategatik. Igandean, ekainak 22, itxaroten zaituztegu Bilboko Errekalde plazan, eguerdiko 13:00etan.

    Barraka XXI, eskola soziala

    Barraka XXI ekimenaren bitartez, SGAEk La Barracaren espiritua berreskuratu nahi du, 1932ko udan, Federico Garcia Lorca eta Eduardo Ugarte hondarribitarraren gidaritzapean, Urrezko Mendearen lanak kulturak ahaztu ohi zituen lekuetara hurbildu nahiean abiarazitako proiektuari omenaldia eginez. Gizartea birsortzea xede zuen antzeztalde ibiltari eta utopiko hura aldarrikatuz, pedagogoen ezinbesteko lanaz ezezik, artisten, olerkariren, antzerkigileren eta egile ororen garrantzia azpimarratzea bilatuko da.

    Bilbon, San Frantzisko gizarte-etxea izan da egoitza nagusia, eta, neurri txikiagoan bada ere, Bilbozar egoitza edo Amor Misericordioso Ikastetxea. Norai elkartearekin aliantzan, ekimen honen helburua kultur garapena eta gizarte-kolektibo behartsuen integrazioa bultzatzea da, Autoreen eta Argitaratzaileen Elkarte Nagusiko bazkideek (SGAE) jorratzen dituzten diziplina artistikoen bidez.

  • ‘Etorkizuna: Aniztasuna’ ekitaldia, kultura aniztasuna ospatzeko

    ‘Etorkizuna: Aniztasuna’ ekitaldia, kultura aniztasuna ospatzeko

    Pasa den urtean egin genuen bezela, datorren maiatzaren 26an, igandea, Norai elkartearekin batera antolatutako Etorkizuna: Aniztasuna parte-hartze ekitaldian parte hartuko dugu, Elkarrizketa eta Garapenerako Kultura Aniztasunaren Munduko Eguna ospatzeko.

    Ekitaldia Norai elkarte hezitzaile, ekintzaile eta humanizatzaileak antolatu du, zeinek, besteak beste, Etorkizuna Musikatan proiektu sozio-hezitzailea eta orkestrala jarri duen abian, musikak kolektibo pluralak batzeko eta balio pertsonalak, komunitarioak eta kulturartekoak garatuz gizartea hezteko duen gaitasuna erakutsiz. Ondo ezagutzen dugu Bilboko Ibaiondo barrutiko kultura desberdinetako ume eta nerabeek osotzen duten Etorkizuna Musikatan haur-orkestra, beraiekin jo izanaz gain, Daniela, Jhillary, Lino eta Mariana gure kideak proiektuaren parte baitira.

    Ekitaldia Bilboko Bilbi plazan ospatuko da, Nicolás Serrano gure zuzendari laguntzailaren eta Lino Castillo gure kidearen zuzendaritzapean. Etorkizuna: Aniztasuna lelopean, parte-hartze ekitaldi honek etorkizunik gizatiarrenak anitza eta kulturartekoa izan behar duela aldarrikatu nahi dugu.

    Musika eta kultura aniztasuna izango da nagusi

    Parte-hartze ekitaldi honetan orkestra, abesbatza, Euskal Herriko musika-tresnak eta estilo eta herrialde desberdinetako musika izango dira.

    Gurekin batera, aurretik aipatu dugun Etorkizuna Musikatan orkestra eta korua, hainbestetan lagun izan dugun Sanfran Korue abesbatza, Bilbo Zaharreko Txalaparta Bilgunea, Betto Snay artista, Olfa Sendesni eta Ghassen Ghrissi, Joselu Angulo txistularia, Dibujatolrato Sinparar taldea eta Alberto Bargos ipuinkontalaria egongo dira.

    Hau guztia Etorkizuna: Aniztasuna ekitaldian, datorren maiatzaren 26an, igandea, eguerdiko 12:00etatik aurrera Bilboko Bilbi plazan. Zuen zain gaude!

    Etorkizuna: Aniztasuna
  • Kultura Aniztasunaren Munduko Eguna ospatzen

    Kultura Aniztasunaren Munduko Eguna ospatzen

    Datorren maiatzaren 21ean, igandea, Norai elkartearekin batera antolatutako Etorkizuna: Aniztasuna ekimen musiko-sozialean parte hartuko dugu, Kultura Aniztasunaren Munduko Eguna ospatzeko, non lagun zahar askoz inguraturik egongo garen.

    Ekitaldia Norai elkarte hezitzaile, ekintzaile eta humanizatzaileak antolatu du, zeinek, besteak beste, Etorkizuna Musikatan proiektu sozio-hezitzailea eta orkestrala jarri duen abian, musikak kolektibo pluralak batzeko eta balio pertsonalak, komunitarioak eta kulturartekoak garatuz gizartea hezteko duen gaitasuna erakutsiz. Jadanik izan genuen Bilboko Ibaiondo barrutiko kultura desberdinetako ume eta nerabeek osotzen duten Etorkizuna Musikatan haur-orkestrarekin lan egiteko aukera, 2021eko udazkenean Musika balkoietatik ekimenean parte hartu genuenean.

    Ekitaldia Bilboko Bilbao Arenako zelaigunean ospatuko da, Bilbo osoko auzo multikulturalenetakoak diren San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabala auzoen ondoan. Etorkizuna: Aniztasuna lelopean, ekitaldi musiko-sozial honek kulturen arteko elkarrizketaren, aniztasunaren eta inklusioaren garrantzia nabarmendu nahi du. Etorkizunik gizatiarrena anitza eta kulturartekoa izango da, edo ez da izango.

    Konpainia on eta anitzean

    Aurretik aipatu dugun Etorkizuna Musikatan haur-orkestraz gain, hainbestetan lagun izan dugun Sanfran Korue abesbatza, Txiki-Musika haur-abesbatza, Euri Artean konpainia eta Balakulanya perkusio taldea egongo dira gurekin.

    Hau guztia Etorkizuna: Aniztasuna ekitaldian, datorren maiatzaren 21ean, igandea, eguerdiko 12:00etatik aurrera Bilboko Bilbao Arenako zelaigunean, A atearen parean. Zuen zain gaude!

  • Musika balkoietatik

    Musika balkoietatik

    Datorren igandean gure 10. urteurrena ospatzen ari garen denboraldi honetako lehenengo kontzertua emango dugu, Musika Balkoietatik ekitaldiaren barruan. Emanaldi berezi honetan, Etorkizuna Musikatan haur-orkestra izango dugu lagun, Bilboko Ibaiondo barrutiko kultura desberdinetako ume eta nerabeek osotzen dutena.

    Ekitaldia Norai elkarte hezitzaile, ekintzaile eta humanizatzaileak antolatu du, zeinek, besteak beste, Etorkizuna Musikatan proiektu sozio-hezitzailea eta orkestrala jarri du abian, musikak kolektibo pluralak batzeko eta balio pertsonalak, komunitarioak eta kulturartekoak garatuz gizartea hezteko duen gaitasuna erakutsiz. Gainera, Fair Saturday fundazioak laguntzen du, hainbestetan parte hartu dugun kultur mugimenduak, Barreras Invisibles ekimenaren barruan.

    Musika Balkoietatik arrisku larrian dauden Afganistango Gazte Orkestra eta Zohra Ensemble, Afganistango Emakumezkoen Orkestra, haur eta gazte orkestren aldeko ekimena izango da. Borondatez egiten diren ekarpen ekonomikoak orkestra horiei laguntzera bideratuko dira oso-osorik, Ahmad Sarmast orkestra zuzendariaren bitartez.

    Balkoietatik, auzora

    Ekimen musiko-sozial hau Bilbiko plazan egingo da, eta berezitasun bat izango du: musikarietako batzuk plazako balkoi batzuetan egongo dira, jabeek beren borondatez lagata. Etxea pertsonaren eta familiaren intimitatearen sinbolo pribilegiatua da. Espazio horretan, balkoiak kanporako, kalerako eta auzorako irekiera irudikatuko luke. Balkoira irtetea, pertsona-familiarra kolektibo-auzokora bilakatzea bezala ulertuko genuke. Horrela, gure etxeak auzora irekitzea ikusarazi nahiko genuke; pertsonala eta familiakoa dena, desberdina, anitza eta, aldi berean, hurbilekoa bihurtzea.

    Musika Balkoietatik pertsona, familia, kolektibo eta elkarte askok auzoan egiten duten lanari balioa eman nahi dio, haien inplikazioarekin gizartea eraldatzen lagunduz. Era berean, aniztasuna elkarrekintzan jarritako aberastasun gisa ikusarazi nahi du.

    Behotsik Orkestrarentzat berezia da horrelako ekitaldi bat gure 10. urteurrenean egitea, eta Etorkizuna Musikatan haur orkestrako neska-mutilekin izan ditugun entseguen ondoren, ziur gaude galdu ezin duzuen ekitaldia dela. Horregatik, datorren igandean, urriak 17, 12:00etan Bilboko Bilbi plazara gonbidatzen zaituztegu.