• Iparraldeko Haizeak, Bertatik Bertara 2020 programan hautatua

    Iparraldeko Haizeak, Bertatik Bertara 2020 programan hautatua

    Polita da egiten duzun lana baloratzen dizutenean, eta horregatik, pozez zoratzen gaude berri honekin. Bertatik Bertara 2020 programan aurkeztu dugun Iparraldeko Haizeak proiektua aukeratu dute urtero ematen duten laguntza jasotzeko. 2020ko abenduan bi kontzertu emango ditugu Coro Joven de Santander abesbatzarekin batera, bana Santanderren eta Bilbon, musikaren bitartez industria-iraultza ezagutuko dugun ikuskizunarekin.

    2016. urtetik aurrera, Bilboko Udalak, Kultura Sailaren bidez, eta Santandarreko Udalak, Santander Creativa Fundazioaren bidez, bi hirietako kulturaren alorrari bultzada eman eta babesa erakusteko, Bertatik Bertara laguntza programa antolatu izan dute. Horrela, urtero 40.000 euro bideratzen dituzte bi hirietako diziplina artistiko desberdineko eragileek diseinatutako proposamenak posible egiteko.

    Duela pare bat hilabete, aurtengo Bertatik Bertara 2020 programa honetan parte hartzea erabaki, eta Coro Joven de Santander abesbatzarekin harremanetan jarri ondoren, Iparraldeko Haizeak ikuskizuna prestatu genuen.

    Proiektuak musika-ikuskizun berritzaile bat aurkezten du, musika haritzat duen historia baten bidez industria-iraultza aurkitzera daramana. Antzerki musikala, zartzuela eta folklorea uztartzen dituen ikuskizuna Santanderren girotuta dago 1892an, eta Mikel gaztearen istorioa kontatzen du. Mikel Santanderreko badian hondoratzen den euskal arrantza-ontzi batetik bizirik atera den bakarra da. Abentura ugari biziko ditu XIX. mendearen amaierako industria-gizarte hasiberrian.

    Joan den uztailaren 21eko bilera telematikoan, Bilboko Udaleko eta Santander Creativa Fundazioko ordezkariek osatutako epaimahaiak lau proiektu aukeratu zituen. Horien artean, eta lehenengo postuan, gure proposamena. Horrela, 10.000 euroko laguntza jasoko dugu proiektua aurrera eramateko eta hiri bakoitzean emango dugun kontzertu banaz gain, mahainguruak antolatzeko.

    Kontzertuak Santanderren eta Bilbon Coro Joven de Santander abesbatzarekin

    Iparraldeko Haizeak ikuskizunaren bi kontzertu egingo ditugu urte amaieran, bana hiri bakoitzean, beti ere Covid-19ak sortutako osasun egoerak ahalbidetzen badu. Kontzertu bakoitzaren aurretik, mahaingurua egingo da hiri bakoitzeko adituekin, ikuskizunean gertatuko den guztia ulertzeko aukera emateko.

    Gure ondoan Coro Joven de Santander abesbatza izango dugu. César Marañónek zuzendutako abesbatza hau, kalitatezko gazte abesbatza bat eratzeko eta Kantabriak zeukan gabeziarekin amaitzeko helburuarekin jaio zen 2017an.

    Beraz, prestatzen ari garen Iparraldeko Haizeak ikuskizunaren parte izango diren kontzertu eta mahainguruen data eta tokien berri izan nahi baduzu, adi egon zaitez gure sare sozialei. Espero dugu osasun egoerak proiektua aurrera eramateko aukera ematea, eta Bertatik Bertara 2020 programan saritua izan den Iparraldeko Haizeak zuengana heltzea.

  • Balioak Martxan lehiaketan sarituak

    Balioak Martxan lehiaketan sarituak

    Pasa den otsailaren 6an Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol Sailak bultzatutako Balioak Martxan Lehiaketaren 1. edizioan sarituak izan diren proiektuen arduradunentzako Esker On Ekitaldia ospatu zen Bilboko Euskal Museoan, non gure orkestrak Lehen Saria jaso duen Gazte Kolektiboen kategorian, 5.000 euroko laguntza ekonomikoarekin.

    Ekitaldia hasi baino lehen, Juan Mari Aburto Alkatea, Oihane Agirregoitia Gazteria eta Kirol Saileko Zinegotzia eta Idoia Uriarte Gazteria eta Kirol Saileko Zuzendariarekin hitz egiteko aukera izan genuen, nori Behotsik den ideia zoro hau zertan datzan azaldu genien eta guretzat gaur egungo eta etorkizuneko Bilbao nolakoa izan behar den azaldu genien: integratzailea, inklusiboa, gazteriaren arazo eta beharrizanei arreta jartzen diona eta kulturarekin eta gazteek bultzatutako proiektuekin konprometitua.

    Hemendik, Balioak Martxan lehiaketako epaimahaiari, Gazteria eta Kirol Sailean lan egiten duten pertsonei eta Bilboko Udalari eskerrak ematea besterik ez zaigu gelditzen, bilbotarrak izanda, bilbotar harrotasunez betetzen gaituen sari honengatik.

    ESKERRIK ASKO!

  • Karmele eta Haizea, Euskadiko Musikari Gazteak

    Karmele eta Haizea, Euskadiko Musikari Gazteak

    Pasa den asteburuan Bilboko J. C. De Arriaga Musika Kontserbatorioan ospatu da Euskadiko Musikari Gazteak Lehiaketa, eta aurtengo XII. edizio honetan gure orkestrako bi kidek parte hartu dute, Karmele Castillo gure biolontxelo jolea eta Haizea Lores gure tronpa jolea.

    Karmelek hari modalitateko A mailan (16-19 urte) parte hartu du, J. S. Bachen biolontxeloarentzako 3. Suiteko Preludioa, Saint-Saënsen biolontxeloarentzako 1. kontzertuko 1. eta 2. mugimenduak, eta  Paganinik Rossiniren gai baten inguruan eginiko bariazioak interpretatuz.

    Haizeak, bere aldetik, Mozarten tronparako 3. kontzertuko 1. mugimendua, Straussen 1. kontzertuko 1. mugimendua, eta Bernhard Krolen Laudatio for Solo Horn jo ditu, Haize metaleko A mailan.

    Benetan pozgarria da Euskadiko Musikari Gazteak bezelako lehiaketetara aurkezten diren artistatzarrak gurekin edukitzea, eta gainera, sarituak direnean are gehiago. Karmelek harizko instrumentuen A mailan 2. saria lortu du, eta Haizeak, haize metaleko A mailako ohoreko aipamena. Gainera, gure kide izandako Tristán Gonzálezek ere ohorezko aipamena jaso du harizko instrumentuen A mailan. Zorionak guztioi!

  • Euskadiko Musikari Gazteen VIII. Lehiaketa

    Euskadiko Musikari Gazteen VIII. Lehiaketa

    Pasa den asteburuan, Bilboko Kontserbatorioan Euskadiko Musikari Gazteen VIII. lehiaketa ospatu da, non gure bi kide sarituak izan diren.

    Garoa Zelaia gure tronpa-joleak Haize Metaleko A kategoriako Lehen Saria jaso du.

    Era berean, Jon Ander Arcenillas gure klarinete-joleak Haize Egurreko A kategoriako Ohorezko Aipamena jaso du.

    Zorionak Behotsik orkestra guztiaren partez!