• Iparraldeko Haizeak, Bertatik Bertara 2020 programan hautatua

    Iparraldeko Haizeak, Bertatik Bertara 2020 programan hautatua

    Polita da egiten duzun lana baloratzen dizutenean, eta horregatik, pozez zoratzen gaude berri honekin. Bertatik Bertara 2020 programan aurkeztu dugun Iparraldeko Haizeak proiektua aukeratu dute urtero ematen duten laguntza jasotzeko. 2020ko abenduan bi kontzertu emango ditugu Coro Joven de Santander abesbatzarekin batera, bana Santanderren eta Bilbon, musikaren bitartez industria-iraultza ezagutuko dugun ikuskizunarekin.

    2016. urtetik aurrera, Bilboko Udalak, Kultura Sailaren bidez, eta Santandarreko Udalak, Santander Creativa Fundazioaren bidez, bi hirietako kulturaren alorrari bultzada eman eta babesa erakusteko, Bertatik Bertara laguntza programa antolatu izan dute. Horrela, urtero 40.000 euro bideratzen dituzte bi hirietako diziplina artistiko desberdineko eragileek diseinatutako proposamenak posible egiteko.

    Duela pare bat hilabete, aurtengo Bertatik Bertara 2020 programa honetan parte hartzea erabaki, eta Coro Joven de Santander abesbatzarekin harremanetan jarri ondoren, Iparraldeko Haizeak ikuskizuna prestatu genuen.

    Proiektuak musika-ikuskizun berritzaile bat aurkezten du, musika haritzat duen historia baten bidez industria-iraultza aurkitzera daramana. Antzerki musikala, zartzuela eta folklorea uztartzen dituen ikuskizuna Santanderren girotuta dago 1892an, eta Mikel gaztearen istorioa kontatzen du. Mikel Santanderreko badian hondoratzen den euskal arrantza-ontzi batetik bizirik atera den bakarra da. Abentura ugari biziko ditu XIX. mendearen amaierako industria-gizarte hasiberrian.

    Joan den uztailaren 21eko bilera telematikoan, Bilboko Udaleko eta Santander Creativa Fundazioko ordezkariek osatutako epaimahaiak lau proiektu aukeratu zituen. Horien artean, eta lehenengo postuan, gure proposamena. Horrela, 10.000 euroko laguntza jasoko dugu proiektua aurrera eramateko eta hiri bakoitzean emango dugun kontzertu banaz gain, mahainguruak antolatzeko.

    Kontzertuak Santanderren eta Bilbon Coro Joven de Santander abesbatzarekin

    Iparraldeko Haizeak ikuskizunaren bi kontzertu egingo ditugu urte amaieran, bana hiri bakoitzean, beti ere Covid-19ak sortutako osasun egoerak ahalbidetzen badu. Kontzertu bakoitzaren aurretik, mahaingurua egingo da hiri bakoitzeko adituekin, ikuskizunean gertatuko den guztia ulertzeko aukera emateko.

    Gure ondoan Coro Joven de Santander abesbatza izango dugu. César Marañónek zuzendutako abesbatza hau, kalitatezko gazte abesbatza bat eratzeko eta Kantabriak zeukan gabeziarekin amaitzeko helburuarekin jaio zen 2017an.

    Beraz, prestatzen ari garen Iparraldeko Haizeak ikuskizunaren parte izango diren kontzertu eta mahainguruen data eta tokien berri izan nahi baduzu, adi egon zaitez gure sare sozialei. Espero dugu osasun egoerak proiektua aurrera eramateko aukera ematea, eta Bertatik Bertara 2020 programan saritua izan den Iparraldeko Haizeak zuengana heltzea.

  • Sirtakia Anthony Queenekin jaio zen

    Sirtakia Anthony Queenekin jaio zen

    Jatorrizko artikulua hemen


    Behotsik Tours bidaia agentziak menu grekoa zerbitzatzen digu, eta altxor batekin hasten dira: musika Periclesen garaian entzuten zuten moduan. Autorea: Cretako Mesomedes eta obra: Némesisen himnoa. Garai haretatik mantendu diren konpositore honen epigrametako bat da. Jarraian, gure musikariek sirtakiaren erritmora dantzarazten digute, Anthony Queen protagonista den Zorba grekoa filmerako espresuki konposatu zutena, nahiz eta hain ezaguna egin da zeinen Grezoako folklorearen parte bilakatu den. Ondoren, Mikis Theodorakisek idatzitako musika klasikoaren ikutu bat eta, postre moduan, Greziak 2005ean Eurovisión jaialdia irabazteko aurkeztu zuen abestia.

  • Musika-bidaiak munduan zehar

    Musika-bidaiak munduan zehar

    Jatorrizko artikulua hemen


    Lehenengo geldialdi honetan Hego Amerikara bidaiatuko dugu. Kolonbian lurra hartzen dugu currulaoa ezagutzeko, jatorri afrikarra duena. Kolonbiar Karibetik porroa heltzen zaigu, eta Andeetako eskualdean bambucoa dantzatzen da. Venezuelan La gaita de Santa Lucía aurkitu dezakegu, baita Fuga con pajarillo ere, musika klasikoa folklorearekin batzen duena, eta calipsoaren eredu bat. Unai Ibáñez eta Karmele Elizaranekin egon gara.

  • Musikarekin alde egin

    Musikarekin alde egin

    Jatorrizko artikulua hemen


    Dena paketetan gordeta dutelarik, kurtsoaren nondik norakoa aztertzea dagokie Behotsik orkestrakoei. Hile hauetan zanfoña, sitarra, Paraguaiko arpa baita organoa ere ikusi ditugu, azken hau tutuz tutu desmuntatu behar izan dena enbalatu ahal izateko. Konfinamenduaren kurtsoa izan da hau, zeinetan Unai Ibáñez eta Borja Mollák Leningradoko sitioari omenaldia egin zioten. Baina instrumentu guztiak ez daude gordeta. Berezi bat geratzen da Galderrentzat: pandereta.