• Strauss Gala bueltan dator urte berriarekin

    Strauss Gala bueltan dator urte berriarekin

    Pasa den denboraldiko arrakastaren ondoren, 2027ko urtarrilean Strauss Gala bueltan da, baina oraingo honetan, Bilbon ezezik, ikuskizuna Burgos eta Valladoliden ere izango da.

    Strauss Gala Strauss familiaren musikaren bikaintasuna eta ondarea ospatzen dituen kontzertu ikusgarria da, XIX. mendeko Vienako dotoreziara bidaia eginez. Bals, polka eta martxen aukeraketa fin batekin, ikuskizun honek Vienako kontzertu ospetsuak gogora ekarriko ditu, Mourad Assouil maisu bielorrusiarraren zuzendaritzapean.

    Mourad Assouil orkestra-zuzendaria eta piano-jotzailea da, Musikologian doktorea, eta interpretazioan zein esparru akademikoan ibilbide luzea egin du. Ikasketak amaitu ondoren, Gomeleko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari gisa hasi zuen bere ibilbide profesionala, eta hamar urtez Bielorrusiako zuzendari titular eta artistikorik gazteenaren ospea sendotu zuen. Zuzendari gonbidatu gisa aritu da Moskuko Orkestra Filarmonikoan, Ukrainako Orkestra Sinfoniko Nazionalean, Opera eta Balleteko Antzoki Nazionalean eta Bielorrusiako Orkestra Filarmonikoan.

    Behotsik orkestra eta Mourad Assouil zuzendariaz gain, oholtza gainean aurkezle moduan Unai Izquierdo aktorea izango dugu, baita Teresa González Ardanazen Ballet Klasikoa, Helena Orcoyen sopranoa eta Josu Cabrero tenorea ere.

    Hauek dira Strauss Gala 2027 birako datak:

    – Urtarrilak 2 – Bilboko Elkarte Filarmonikoa, BILBO – Sarrerak
    – Urtarrilak 9 – Cultural Caja de Burgos, BURGOS – Sarrerak
    – Urtarrilak 10 – Teatro Cervantes, VALLADOLID – Sarrerak

    Sarrerak jadanik salgai daude hiru kontzertuetarako. Gogoratu orkestrako bazkidea bazara, deskontua izango duzula Bilboko kontzerturako sarreren prezioan.

    Zuek bertan ikustea espero dugu, datorren urteari dagokion ongi etorria emateko eta Strauss familiaren musika ederraz gozatzeko.

  • Kosmos, bidaia musikala unibertsotik

    Kosmos, bidaia musikala unibertsotik

    Denbora luzea daramagu isilik, baina ez geldi. 2025/2026 denboraldi hau amaitzen doa eta proiektu oso berezia dakargu: Kosmos. Unibertsoan zehar egingo dugun bidaia musikal honek musika, bideoa eta argiak uztartuko dituen ikus-entzuneko emanaldia da.

    70 minutu inguruko iraupenarekin, emanaldia bizitzeko hiru aukera egongo dira ekaina eta uztaila bitartean Miranda de Ebron, Bilbon eta Oñan.

    Bidaia musikala

    Kosmos unibertsoan zeharreko bidaia musikala da, non obra bakoitzak espazioko txoko desberdinetara eramango gaituen. Unibertsoaren sorkuntzatik abiatuko gara Haydnen eskutik, eta Straussekin gizakiaren sorrera biziko dugu. Apollo 13aren barruan hegan egingo dugu Holsten planetak bisitatzeko, eta azkenik, urruneko galaxiak ezagutuko ditugu gure Stargate  zehar ezezagunerantz bidaiatuz. Guzti honen ondoren inoiz joan ez ginela konturatuko gara, unibertsoaren benetako zentroa gizakia baita.

    Ikuskizun hau imaginatu, sentitu eta norbere burua Lurretik haratago eramaten uzteko gonbidapena da. Artea eta kosmosa esperientzia berean lotzen dituen soinu-ibilbidea.

    Hiru kontzertu ekaina eta uztailean

    Kosmos aurkezteko bira honek hiru geldialdi izango ditu ekaina eta uztaila bitartean:

    – Ekainak 7, 12:00 – Casa Municipal de Cultura, Miranda de Ebro
    – Ekainak 12, 19:00 – Juan Crisóstomo de Arriaga Musika Kontserbatorioa, Bilbo
    – Uztailak 4, 20:30 – San Salvador Monasterioa, Oña

    Kontzertuak doakoak izango dira Miranda de Ebron eskainiko duguna izan ezik. Sarrerak jadanik salgai daude 6€-ko prezioan.

  • Badator Gabon Kontua

    Badator Gabon Kontua

    Gabonak heltzear dira, eta behar bezala ospatuko dugu asteburu honetan Barakaldon eta Bilbon antzeztuko den Gabon Kontua – Cuento de Navidad ikuskizunean parte hartuz.

    Gabon Kontua – Cuento de Navidad ipuin kontatua, abestua eta dantzatua da, elebiduna eta adin tarte guztientzat aproposa. Ipuin horretan Gabonen jatorria eta gure gaur eguneko ospakizunekin duen lotura kontatzen da. Gabon Kontua – Cuento de Navidad Kultur Elkarteak antolatutako ikuskizun hau 2012an estreinatu zen Barakaldo Antzokian, Barakaldoko Schola Cantorum-en eskutik, eta arrakasta handia izan du edizioz edizio.

    Artistek eta ikusleek elkarrekin bidaiatzen dute duela bi mila urte baino gehiagoko Belengo korta batetik gaurko Euskal Herriko herri bateko plaza batera, Gabon-gaueko arratsaldean, MariJuri eta JuriMari galtzagorriek gidatuta. Galtzagorri bihurri horiek, gainera, Gizotsi aurre egin beharko diote, Gizots Gabonak desagerrarazi nahian baitabil.

    Gabon Kontua – Cuento de Navidad antzezlanean dena da eta ez da: pertsonaiak benetakoak eta alegiazkoak dira, giroa gaur egungoa eta iraganekoa, historia eta irudimena da, tradizioa eta berrikuntza.
    Lanaren gidoia, izenburua eta azpitituluak beren itzulpenak dira; baina, aldi berean, ez dira. Euskara eta gaztelania elkarri lotuta daude; beraz, kontakizuna bi hizkuntzetan uler daiteke. Halaber, hizkuntza biak dakizkienak ez du sumatuko testua errepikatzen denik.

    Antzerki-lan honetan adin guztietako 160 pertsonek hartzen dute parte, gehienak profesionalak izan gabe, diziplina artistiko ezberdinetakoak: musikariak, abesbatzak, aktoreak, magia, balleta, euskal dantzak, umorea etab. Ikusleen inplikazioa eta diziplinen eta belaunaldien arteko lankidetza dira Gabon Kontua – Cuento de Navidad lanaren arrazoia eta emaitza.

    Aurten hiru emanaldi izango dira, sarrera gutxi batzuk gelditzen direlarik:

    – Abenduak 20 – Barakaldo Antzokia (Barakaldo) – 17:00
    – Abenduak 20 – Barakaldo Antzokia (Barakaldo) – 19:30
    – Abenduak 21 – Campos Elíseos Antzokia (Bilbao) – 18:30

      Pozarren gaude hainbeste urtez ospatu izan den ikuskizun batean parte hartzeagatik eta gure haurtzarora bidaiatzeko aukera izateagatik. Aukera baduzue, bertan elkar ikusteko desiatzen egongo gara.

    • Urte berria Strauss Galarekin

      Urte berria Strauss Galarekin

      Hilabete baino ez da falta gabonetako ospakizunekin hasteko, eta urte berriari ongi etorria emateko plan ezin hobearekin gatozkizu. Izan ere, 2026ko urtarrilaren 2an Strauss Gala ikuskizunean parte hartuko dugu Bilboko Elkarte Filarmonikoan.

      Strauss Gala Strauss familiaren musikaren bikaintasuna eta ondarea ospatzen dituen kontzertu ikusgarria da, XIX. mendeko Vienako dotoreziara bidaia eginez. Bals, polka eta martxen aukeraketa fin batekin, ikuskizun honek Vienako kontzertu ospetsuak gogora ekarriko ditu.

      2025. urte honetan Johann Strauss I.aren (aita) jaotzaren 200. urteurrena ospatzen dugu, dinastiaren sortzailea eta musika klasikoaren historian eragina izaten jarraitzen duten 250 obra baino gehiagoren idazlea, beraz aukera ezinhobea da kontzertu honek aurkezten digun musikan murgiltzeko.

      Strauss Gala honetan ez gara bakarrik egongo: aurkezle moduan Unai Izquierdo aktorea izango dugu, Teresa González Ardanazen Ballet Klasikoa eta Naroa Intxausti sopranoa ere izango dira oholtza gainean, eta guzti hau Mourad Assouil maisu bielorrusiarraren zuzendaritzapean.

      Mourad Assouil orkestra-zuzendaria eta piano-jotzailea da, Musikologian doktorea, eta interpretazioan zein esparru akademikoan ibilbide luzea egin du. Ikasketak amaitu ondoren, Gomeleko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari gisa hasi zuen bere ibilbide profesionala, eta hamar urtez Bielorrusiako zuzendari titular eta artistikorik gazteenaren ospea sendotu zuen. Zuzendari gonbidatu gisa aritu da Moskuko Orkestra Filarmonikoan, Ukrainako Orkestra Sinfoniko Nazionalean, Opera eta Balleteko Antzoki Nazionalean eta Bielorrusiako Orkestra Filarmonikoan.

      Guzti hau 2026ko urtarrilaren 2an, arratsaldeko 19:30ean Bilboko Elkarte Filarmonikoan. Sarrerak salgai daude, 16 eta 40 € arteko prezioan. Gogoratu orkestrako bazkidea bazara, deskontua izango duzula sarreren prezioan.

    • Orkestra-zuzendaritza masterclass saioa Juan José Ocónekin

      Orkestra-zuzendaritza masterclass saioa Juan José Ocónekin

      2025-2026 denboraldiarekin hasteko, Behotsik orkestrak Juan José Ocón zuzendariak gidatuko duen orkestra-zuzendaritza masterclass saioa antolatuko du Bilbon azaroko lehen asteburuan. Maila desberdineko zuzendaritza ikasleentzat zuzenduta dago, eta izen-ematea jadanik zabalik dago.

      Masterclass saioa

      Masterclass honen helburua maila desberdinetako zuzendaritza-ikasleei Juan José Ocón bezelako izen handiko zuzendari batekin saio teorikoak eta praktikoak emateko aukera eskaintzea da.

      Horretarako, Behotsik orkestra arituko da orkestra pilotu gisa, eta bi piano jolek parte hartuko dute zuzendaritza-teknikako saioetan, ariketak egin eta orkestrarekin praktikak prestatzeko helburuarekin.

      Masterclass saioak Bilbon ospatuko dira, 2025eko urriaren 31ko arratsaldean hasi eta azaroaren 2ko arratsaldera bitartean. Azken saioan, parte-hartzaile bakoitzak bideo-zati bat grabatu ahal izango du orkestra zuzentzen duen bitartean.

      Juan José Ocón

      Juan José Ocón (Donostia, 1968) musikaria, pedagogoa eta orkestra-zuzendaria da. Donostiako Goi Mailako Kontserbatorioan hasi zen ikasten, non tronpetan eta zuzendaritzan espezializatu zen, Karrera Amaierako Saria lortuz. Ordutik hona, bere karrerak bokazio artistiko sakona eta musikarien belaunaldi berrien prestakuntzarekiko konpromiso sendoa izan ditu.

      Euskal Herriko Gazte Orkestraren (EGO) zuzendari artistikoa eta titularra izan zen. Prestakuntza horren buru izatea funtsezkoa izan da euskal talentu gazteak nazioarteko agertokietan proiektatzeko.

      Zuzendari gonbidatu gisa egin duen ibilbidea dela eta, lehen mailako hainbat orkestrarekin lan egin du, hala nola, Moraviako Orkestra Filarmoniko, Letoniako Orkestra Nazionala, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Galiziako Orkestra edo Bratislavako Orkestrarekin, eta A Coruñako Udal Musika Bandaren zuzendaria izan da 2017 eta 2020 artean.

      Gaur egun, Donostian jarritzen du bere hezkuntza-lanarekin, eta proiektu sortzaile eta berritzaileak bultzatzen jarraitzen du, hala nola, Txorimaloen ametsak euskarazko haurrentzako opera, 2025ean estreinatua.

      Izen-ematea

      Masteclass saioetan parte hartzeko interesa duenak jarraian agertzen den inprimakia bete beharko du, eta berarekin kontaktuan jarriko gara informazio guztia helarazteko.

      Esan beharra dago masterclass saioak leku mugatuak dituela, beraz, izen-emate ordena kontuan izango da. Zalantzarik izatekotan, jar zaitez gurekin harremanetan info@behotsik.eus helbide elektronikoaren bidez.

    • Behotsikeko Gazte Talentuak denboraldia bukatzeko

      Behotsikeko Gazte Talentuak denboraldia bukatzeko

      2024/2025 denboraldi hau bukatzeko programa berezia dakargu, non Behotsik orkestra osatzen dugun musikariengan eta haien lan onean jarriko dugun arreta. Izan ere, Gazte Talentuak izenburupean, bakarlarientzako obraz osatuta egongo diren bi kontzertu prestatu ditugu uztaila hasierarako.

      Behotsik orkestran asko gustatzen zaigu elkarlana eta talde, disziplina artistiko eta estilo desberdinak uztartzea, eta horren erakusle dira azkenaldian egin ditugun kontzertuak. Baina musika klasikoaren erroetara itzuli eta orkestrako musikariak oholtzako aurrealdera ekartzea ere atsegin dugu.

      Urteak igaro dira EuroCamerata orkestrarekin Alemaniako birak egin genituenetik, non bakarlarientzako obraz beteriko programak jotzen genituen, eta horrexegatik, horrelako kontzertu bat gauzatzeko musikarion nahiari gehituta, Gazte Talentuak kontzertu sorta hau prestatzea erabaki dugu.

      Aurtengo edizio honetan, Mariana Blanco (bibolina), Izei Díaz (kontrabaxua), Yun Erro (bibolina), Naiara Hernández (oboea), Tatiana Hernández (bibolina), Julen Macía (bibolina), Marcos Martínez (klarinetea) eta Sara Prado (klarinetea) gure kideek parte hartuko dute.

      Antzeman dezakezuenez, era askotako piezaz osatutako kontzertua izango da. Adi gure sare sozialei datozen egunetan, musikariak haiek izango baitira joko duten obren nondik norakoak azalduko dituztenak.

      Kontzertuak Bilbon eta Oñan

      Gazte Talentuak kontzertu sorta honetan bi geldialdi izango ditugu.

      Lehenengoa etxean izango da, Bilboko Deustuko San Pedro elizan hain zuzen ere, uztailaren 5ean, larunbata, arratsaldeko 20:00etan.

      Bigarren kontzerturako urrunago joango gara. Izan ere, Burgosko Oña udalerriraino bidaiatuko dugu, eta bertan kokatuta dagoen San Salvador monasterio ederrean emango dugu kontzertua, uztailaren 12an, larunbata, arratsaldeko 20:00etan.

      Denboraldia ixteko modu polita dugu aurtengoa, beraz, beti bezela, gonbidapena luzatzen dizuegu hemendik.

    • Behotsik Barraka XXI ekimenaren kurtso amaieran egongo da

      Behotsik Barraka XXI ekimenaren kurtso amaieran egongo da

      SGAE Fundazioak bultzatutako Barraka XXI Bilbo eskola sozialaren 24-25 ikasturteak bere azken hitzordua izango du datorren igandean, ekainaren 22an, Errekaldeko Plazan ospatuko den kale-jardunaldian, eta Etorkizuna Musikatan orkestrako gure lagunekin batera, bertan izango gara eguna doinuz janzten.

      Musikaren Nazioarteko Eguna (ekainak 21) eta Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna (ekainak 20) ospatu ondoren, musika eta aldarrikapen kutsuz beteriko egun kaletarra izango dugu igande honetan. Bertan, dantza, antzerki eta abesbatzak tartekatuko dira, Etorkizuna Musikatan eta Behotsik orkestren eskutik. Norai Elkartearen eta Begirune Fundazioaren ordezkaritza bat izango da ere, proiektu honen erakunde laguntzaile nagusiak direlarik, baita Gregorio Ybarra Elkartea, Igurko IMQ Bilbozar egoitza, Otxarkoaga Prestakuntza Zentroa, Bilboko Udaleko arduradunena edo Euskadiko SGAEren zuzendaritzarena ere.

      Eskola sozial honetako aitabitxiek, Aiora Renteriak (Zea Mays) eta Alex Sarduik (Gatibu), Inge Condek abagunerako moldatutako konposizio bana eskainiko dituzte abeslari bakarlari gisa. Beraien Neguan joan da ta eta Urepel abestiak Zeinu Hizkuntzan interpretatuko ditu Ane Legarreta Barraka XXI Bilboko irakasleak zuzenduriko ikasle koru batek. Juana Lorren antzerki tailerrak taularatuko du ekitaldia, eta Bilbozar egoitzako adinekoen dantza taldearen emanaldi batekin hasiko da, Legarretak berak zuzenduta ere. BBoy Jaki break dance irakaslearen taldeak, berriz, bere ikasleen emanaldia bideratuko du.

      Ikusten duzuenez, arte disziplina desberdinez eta aldarrikapenez beteriko jardunaldia izango da, eta gu pozarren gaude gure aletxoa jarri ahal izategatik. Igandean, ekainak 22, itxaroten zaituztegu Bilboko Errekalde plazan, eguerdiko 13:00etan.

      Barraka XXI, eskola soziala

      Barraka XXI ekimenaren bitartez, SGAEk La Barracaren espiritua berreskuratu nahi du, 1932ko udan, Federico Garcia Lorca eta Eduardo Ugarte hondarribitarraren gidaritzapean, Urrezko Mendearen lanak kulturak ahaztu ohi zituen lekuetara hurbildu nahiean abiarazitako proiektuari omenaldia eginez. Gizartea birsortzea xede zuen antzeztalde ibiltari eta utopiko hura aldarrikatuz, pedagogoen ezinbesteko lanaz ezezik, artisten, olerkariren, antzerkigileren eta egile ororen garrantzia azpimarratzea bilatuko da.

      Bilbon, San Frantzisko gizarte-etxea izan da egoitza nagusia, eta, neurri txikiagoan bada ere, Bilbozar egoitza edo Amor Misericordioso Ikastetxea. Norai elkartearekin aliantzan, ekimen honen helburua kultur garapena eta gizarte-kolektibo behartsuen integrazioa bultzatzea da, Autoreen eta Argitaratzaileen Elkarte Nagusiko bazkideek (SGAE) jorratzen dituzten diziplina artistikoen bidez.

    • Behotsik Musika-Música jaialdira itzuliko da

      Behotsik Musika-Música jaialdira itzuliko da

      Bost urte pasa dira 2020ko edizioan, Covid-19 gaixotasunaren pandemia baino lehen, azkenengo aldiz Musika-Música jaialdian parte hartu genuenetik. Gaur, Behotsik osatzen dugun gehienon txikitako memoriaren parte den jaialdira itzuliko garenaren berri eman ahal dizuegu.

      Atzo aurkeztu zuten Musika-Música jaialdiaren 24. edizioa. Bilboko Udalak antolatuta, eta Musika eta emozioak lelopean, 2025eko martxoaren 7tik 9ra egingo den edizio honetan, musikak sentimendu sakonak gogora ekartzeko duen gaitasuna aztertuko du. Guztira, 70 kontzertuko programa bat eskainiko da 1.500 interprete baino gehiagoren parte-hartzearekin, eta Euskalduna Jauregira askotariko entzuleak erakartzeko asmoarekin.

      Kontzertu honetan aurkeztuko dugun programa prestatzerako orduan, musikak sorrarazi ditzaken emozio guztien artean amorrua eta gorrotoa aukeratu dugu, eta hau izango da kontzertu berezi honetarako prestatu ditugun lau piezak lotuko dituen haria. Camille Saint-Saëns, Edvard Grieg eta Joaquín Turinaren obrak izango ditugu, baina gehiago jakin nahi baduzue, egon adi gure sare sozialei datozen asteetan programari buruz gehiago kontatuko baitizuegu.

      Gure kontzertua Musikari gazteak atalean programatuta dago, eta martxoaren 9an, igandea, goizeko 11:45ean Euskalduna Jauregiko kioskoan izango da. Hau izango da urte hasieratik zuzendari titular lanetan dabilenetik Nicolás Serranok zuzenduko duen lehenengo kontzertua.

      Musikari gazteak ataleko kontzertuetara sartzeko sarrera hartu behar da, 4€-ko prezioa duena. Sarrerak salgai egongo dira biharko goizeko 12:00etatik aurrera Euskalduna Jauregiko txarteldegietan eta jaialdiaren webgunean. Kontsulta ezazu informazio guztia Musika-Música 2025eko webgunean.

      Denbora luzean landutako programa hau entzun dezazuen irrikitan gaude, beraz, ba al dago igande goiz batean egiteko plan hoberik? Zuen zain egongo gara.

    • YMEO gazte orkestra europarrak Sancho Almendral fitxatu du

      YMEO gazte orkestra europarrak Sancho Almendral fitxatu du

      Urtea hasi berri dugu eta pena handiz iragarri behar dugu azken urte eta erdian gure zuzendari titularra izan den Sancho Almendralek Behotsik orkestra utziko duela.

      Sancho Almendral (Sevilla 1991) 2023/2024 denboralditik aurrera ibili da zuzendari titular lanetan, 2023ko apirilean abiatu genuen hautaketa prozesua gainditu ondoren, bere ikuspegi artistiko eta estrategikoari esker. Ordutik hona, lan ederra egin du orkestrarekin, erronka handiei aurre eginez eta bere estiloaren aztarna utziz.

      Berriki, Ravennan egoitza duen Young Musicians European Orchestra (YMEO) nazioarteko gazte orkestraren zuzendaritza artistikoaren ardura hartzeko eskaintza egin diote, eta horrek astebururo Bilbora etortzea eta gure orkestraren zuzendari titular lanetan jarraitzea eragozten dio, erabaki hau hartzera behartuz.

      Behotsiketik zorterik onena opa diogu Sanchori erronka profesional berri honetan, eta Behotsik orkestrako zuzendari izan den denbora polit honetan egindako lanagatik eskerrak ematea baino ez dugu. Argi dugu hau ez dela behin betiko agurra eta gure bideek etorkizunean berriro topo egingo dutela. Eskerrik asko eta laster arte, Sancho!

      Nicolás Serrano, harrobiko zuzendaria

      Berri honek ustekabean harrapatu gaitu baina prest gaude datozen konpromisoei Nicolás Serranoren zuzendaritzapean aurre egiteko, bera izango baita Behotsik orkestraren zuzendari titularra denboraldi amaierara arte.

      Orain arte orkestrako perkusionista eta zuzendari laguntzailea izan da Nicolás, eta 2023ko hautaketa prozesuko azken fasera ere iritsi zen, hain gazte izanik erakutsi zuen heldutasunari esker, hazi eta hobetzeko dituen gaitasunek bultzatuta.

      Aski argi erakutsi digu Behotsik bezalako orkestra bat zuzentzeko duen trebetasuna eta horren eredu dira zuzendari laguntzaile moduan egon den denbora honetan gidatutako entseguak baita pasa den urteko maiatzaren 26an zuzendutako Etorkizuna: Aniztasuna kontzertua ere. Pozarren gaude berarekin berriro lanean hasteko, beraz, modu ezberdinean bada ere, ongi etorri Nico!

    • Behotsikek ‘Camera Café’ telesaila berreskuratu du

      Behotsikek ‘Camera Café’ telesaila berreskuratu du

      Behotsik orkestrak Camera Café telebistako formatu ezagunari omenaldia egingo dio lau kapitulu izango dituen minisail baten ekoizpenarekin, Zezilia Deuna eguna ospatzeko azken urteetako ohiturari eutsiz.

      Badira zazpi urte Zezilia Deuna egunerako ikus-entzunezko pieza bat ekoizten dugula, orkestrako kideen parte hartzearekin. Ideiaren sorrera, gidoia idaztea, kokapenak bilatzea, aktore lanak, muntaketa… guztia orkestra osatzen dugun gazteon arteko elkarlanean egiten da, orkestraren oinarrietako bat jarraituz.

      Aipatzekoak dira 2020an argitaratutako La Casa de las Partituras pieza, La Casa de Papel fenomenoari keinua eginez, edo 2022ko Musicomio film laburra, aspalditik lagun ditugun Galder Pérez eta Ane Zabala aktoreen cameoarekin.

      Orkestraren egunerokotasunetik aldentzen den ekimen honek helburu argia du: musikariek eta orokorrean arte eta kulturako eragileek pairatzen dituzten miseriak, kutsu barregarri eta ironiko batekin salatzea.

      Aurten, Camera Café telebistako formatu ezagunari omenaldia egingo diogu lau kapitulu izango dituen minisail batekin. Kontserbatorio batean girotua, telesail hau azaroaren 1ean hasiko da emititzen YouTubeko kanalean eta gainerako sare sozialetan.

      Ostiralero, kontserbatorio honetako irakasle eta zuzendaritza-taldearen zoritxarrak ezagutuko ditugu kafe makinako leiho begiluzearen bitartez, Telecinco kateko telesail ospetsuko pertsonaiei keinuak eginez. Azken kapitulua azaroaren 22an, ostirala, argitaratuko da, musikarien zaindari den Zezilia Deuna egunean.

      Unai Ibáñez eta Borja Mollá gure kideen zuzendaritzapean, eta Borja Molláren gidoiarekin, Aitor Antúnez, Aitziber Elizaran, Igor Giménez, Julen Macía, Irene Martínez, Borja Mollá, Alex Osta, Eneko Rodríguez, Jhillary Rojas eta Sara Valparís izango dira aurtengo piezaren protagonistak.

      Beraz, bihar bertan, goizeko 12etan, lehenengo kapitulua eskuragarri izango duzue gure YouTube kanalean. Espero dugu mimoz eta lan handiz egindako bideo hauek zuen gustukoak izatea, eta artearen eta kulturaren alde lanean jarraitzea.

    • Behotsik eta Bizkaiko Ingeniarien Abesbatza Bilboko Elkarte Filarmonikoan

      Behotsik eta Bizkaiko Ingeniarien Abesbatza Bilboko Elkarte Filarmonikoan

      Datorren azaroaren 29an estreinatu berri dugun 2024-2025 denboraldi honen lehenengo kontzertua emango dugu, non eta Bilboko Elkarte Filarmonikoan, Bizkaiko Ingeniarien Abesbatzarekin batera.

      Bizkaiko Ingeniarien Abesbatza 1997an sortu zen, Bilboko Ingeniarien Eskolaren Mendeurrenaren ospakizunaren harira. Hasierako koru misto txiki hura, kantua maite zuen ingeniari industrialen talde batek sortua, hazten joan zen, gaur egun Alberto Carreraren zuzendaritzapean dauden 45 ahotsetara iritsi arte.

      27 urteko ibilbidearekin, bi musika lan argitaratu ditu eta ia 400 kontzertu eman ditu Euskal Herrian eta estatu mailan, baita Frantzia, Austria edo Errusian ere. Aipatzekoa da azaroaren hasieran Vatikano Hiriko San Petri basilikan eskainiko duten kontzertua.

      Horrelako ibilbidea duen talde batekin lan egiteak ilusio handia egiten digu, baina Bilboko Elkarte Filarmonikoa bezalako oholtza batean joko dugula jakiteak are gehiago pozten gaitu. 128 urteko historiarekin, Europako musika klasikoaren interpretazioaren erreferente bihurtu da areto hau. Ehunka artista eta talde igaro dira bertatik, hala nola, Arthur Rubinstein pianista, Claudio Abbado eta Simon Rattle zuzendariak edo Maurice Ravel konpositorea. Kontzertu ugari eman ditugu Bilbon, baina Bilboko Elkarte Filarmonikoan joko dugun lehenengo aldia da.

      Eskainiko dugun kontzertua bi zatitan egituratuko da. Lehenengo atal batean orkestrak joko du, non indarrez, energiaz eta erritmoz beteriko Camille Saint-Saëns, Edvard Grieg eta Joaquín Turinaren obrak joko ditugun. Ondoren, Bizkaiko Ingeniarien Abesbatza batuko zaigu, musika liturgiko eta lasaiagoarekin. Bigarren zati honetako obra nagusia hain gutxitan entzuten den Eugene Butlerren Liturgical Suite obra ederra izango da.

      Esan bezela, kontzertua datorren azaroaren 29an izango da, arratsaldeko 19:30etan, Bilboko Elkarte Filarmonikoan. Sarrerak salgai daude 15 €-ko prezioan, baina orkestrako bazkideek %33ko deskontua izango dute. Sarrerak eskuratzeko mezu elektronikoa bidal dezakezu sarrerak@behotsik.eus helbidera.

    • Behotsikek Bilboko Gau Zurian parte hartuko du

      Behotsikek Bilboko Gau Zurian parte hartuko du

      Datorren ekainaren 14 eta 15ean, Bilboko uriaren fundazioaren 724. urteurrena ospatzeko, Bilboko Udalak Gau Zuria 2024 ekimena antolatu du eta Behotsik bertan egongo da orkestrako kideek osotutako tamaina txikiko zenbait talderekin.

      Azken aldian egin den bezala, larunbat honetan, ekainak 15, Bilboko uriaren sorreraren urteurrena ospatzeko Udalak Gau Zuria dinamikaren edizio berria antolatu du. Ekitaldi jendetsu eta txalotu hau ekainaren 14 eta 15eko arratsalde-gauetara (19:30-00:30) itzuliko da 33 emanaldi artistikorekin eta 2 ikuskizun ibiltarirekin, tokiko, estatuko eta atzerriko sortzaileen proposamenekin.

      Gau Zuria 2024 edizio honek hainbat kultura-espazio irekiko ditu aldi berean (Arriaga Antzokia, Arte Ederren Museoa, Azkuna Zentroa, Euskalduna Jauregia, Eleiz Museoa, Itsasmuseoa…), eta hiri-paisaiako eguneroko espazioak dekoratuko dira: elizak, plazak, parkeak, kaiak edo zubiak.

      Zubi baten azpian, Arrupe pasabidearen azpian hain zuzen ere, parte hartuko du Behotsik orkestrak Dirdirak instalazioari musika jarriz. Egunez, itsasadarrak eta eguzkiak sortutako distiren dantza ikusiko dugu. Gauez, ilargi artifizial batek espazioa argituko du, musika geldi ez dadin.

      Horretarako, orkestrako kideek osatutako tamaina txikiko 6 talde desbardinek musika jarriko diote ekainaren 14 eta 15eko arratsalde eta gauean zehar. Hari hirukote eta laukoteak, haize boskotea eta perkusio bikote bat izango ditugu tarte desberdinetan zehar argiak sortutako dirdira are ikusgarriagoa egiteko.

      Ez da Bilboko Gau Zurian parte hartzen dugun lehen aldia. Edo bai. Izan ere, 2016. urteko edizioan Hiri Baten Sinfonia ikuskizunarekin parte hartzeko izan ginen Bilboko Udaletxearen aurrean, baina eguraldiak ez zigun utzi.

      Beraz, espero dugu ostiral eta larunbat honetan Bilbo galaz, sormenaz eta teknologiaz jantziko duen Gau Zuriaz gozatzea, eta Arrupe pasabidera gerturatuz gero, gure musikarekin eta Dirdira instalazioarekin tartetxo ederra igarotzea.

    • Behotsik Symphonic Reggaeton bira

      Behotsik Symphonic Reggaeton bira

      Denbora luzea daramagu proiektu honekin isilpean lan egiten, baina iritsi da zuekin guztiekin elkarbanatzeko ordua. Ekainean Behotsik Symphonic Reggaeton bira egingo dugu, erritmoz beteriko hiru kontzerturekin non reggaetoi eta elektrolatinoko abesti mitikoenak joko ditugun.

      Beti esaten dugu Behotsik musika klasikoari egozten zaizkion estereotipoak hausten saiatzen dela, gure historian zehar prestatu izan ditugun programa berezien bidez, hala nola, 2015ean egin genuen rock sinfonikoarekin edo 2018an Aneguria rap abeslariarekin egindako kolaborazioarekin, Bilbao BBK Live jaialdian jo zuen lehenengo orkestra bilakatuz.

      Oraingo honetan, Behotsik Symphonic Reggaeton ikuskizunarekin, gutxitan ikus daitekeen orkestra sinfoniko baten eta reggaetoi eta elektrolatino musikaren arteko uztarketa egin nahi dugu, hasiera batean hain urrun daudela diruditen bi publiko elkartzeko asmoarekin.

      Ikuskizuna irratsaio bat izango da, Gazteako TopGaztea edo Los40-ko Del40al1 bezalakoa, eta reggaetoi eta elektrolatinoko abesti mitikoenak birpasatuko ditu. Joseina Etxezarreta, Oihan Vesga eta Ainhoa Bilbaok aurkeztutako Behotsik Irratiko saio honetan ez dira faltako Daddy Yankee, Don Omar, Luis Fonsi edo Gente de Zona bezalako artisten kantuak.

      Hiru kontzertu Bilbon

      Behotsik Symphonic Reggaeton birak honako hiru data hauek izango ditu Bilbon, ekaineko azken bi asteetan zehar:

      – Ekainak 22, 12:30 – Deustuko Unibertsitateko Klaustroa – VASS Sanfilippo Euskadiren aldeko kontzertua
      – Ekainak 29, 12:30 – Errekaldeko plaza
      – Ekainak 30, 12:30 – Areatzako Kioskoa

      Berezia izango da ekainaren 22an emango dugun kontzertua, izan ere, sarritan bidailagun izan dugun VASS Sanfilippo Euskadi elkartearen aldeko ongintzazko kontzertua izango da. Sanfilippo sindromea duten haur eta familien bizi kalitatea hobetuz, beraien bidean aurkitzen dituzten oztopoak gainditzea da elkartearen xedea, eta pozarren gaude gure aletxoa jarri ahal izateagatik.

      Ekainaren 29 eta 30eko beste bi kontzertuak, MusikAuzo programaren baitan daude, hainbat estilotako artista eta taldeak, doan eta espazio publikoan, bilbotarrei hurbiltzeko helburua duen Bilboko Udalak antolatutako ekimenean.

      Ezin dugu ahaztu berriro ere Laboral Kutxaren babesa izango dugula proiektu hau aurrera ateratzeko, beraz, hemendik gure eskerrik beroenak helarazi nahi dizkiogu gure ondoan egoteagatik.

    • ‘Etorkizuna: Aniztasuna’ ekitaldia, kultura aniztasuna ospatzeko

      ‘Etorkizuna: Aniztasuna’ ekitaldia, kultura aniztasuna ospatzeko

      Pasa den urtean egin genuen bezela, datorren maiatzaren 26an, igandea, Norai elkartearekin batera antolatutako Etorkizuna: Aniztasuna parte-hartze ekitaldian parte hartuko dugu, Elkarrizketa eta Garapenerako Kultura Aniztasunaren Munduko Eguna ospatzeko.

      Ekitaldia Norai elkarte hezitzaile, ekintzaile eta humanizatzaileak antolatu du, zeinek, besteak beste, Etorkizuna Musikatan proiektu sozio-hezitzailea eta orkestrala jarri duen abian, musikak kolektibo pluralak batzeko eta balio pertsonalak, komunitarioak eta kulturartekoak garatuz gizartea hezteko duen gaitasuna erakutsiz. Ondo ezagutzen dugu Bilboko Ibaiondo barrutiko kultura desberdinetako ume eta nerabeek osotzen duten Etorkizuna Musikatan haur-orkestra, beraiekin jo izanaz gain, Daniela, Jhillary, Lino eta Mariana gure kideak proiektuaren parte baitira.

      Ekitaldia Bilboko Bilbi plazan ospatuko da, Nicolás Serrano gure zuzendari laguntzailaren eta Lino Castillo gure kidearen zuzendaritzapean. Etorkizuna: Aniztasuna lelopean, parte-hartze ekitaldi honek etorkizunik gizatiarrenak anitza eta kulturartekoa izan behar duela aldarrikatu nahi dugu.

      Musika eta kultura aniztasuna izango da nagusi

      Parte-hartze ekitaldi honetan orkestra, abesbatza, Euskal Herriko musika-tresnak eta estilo eta herrialde desberdinetako musika izango dira.

      Gurekin batera, aurretik aipatu dugun Etorkizuna Musikatan orkestra eta korua, hainbestetan lagun izan dugun Sanfran Korue abesbatza, Bilbo Zaharreko Txalaparta Bilgunea, Betto Snay artista, Olfa Sendesni eta Ghassen Ghrissi, Joselu Angulo txistularia, Dibujatolrato Sinparar taldea eta Alberto Bargos ipuinkontalaria egongo dira.

      Hau guztia Etorkizuna: Aniztasuna ekitaldian, datorren maiatzaren 26an, igandea, eguerdiko 12:00etatik aurrera Bilboko Bilbi plazan. Zuen zain gaude!

      Etorkizuna: Aniztasuna
    • Pasioaren indarra

      Pasioaren indarra

      Gogoz gaude azken hilabete hauetan lantzen ibili garen gure hurrengo programa zuekin elkarbanatzeko. Apirilean The Walk On Project (WOP) eta InteRed elkarteen aldeko bi kontzertu egingo ditugu, pasioaren indarra hobekien transmititzen duten konpositoreen musikarekin: Beethoven, Brahms eta Bernstein.

      Pasioaren indarra izeneko programa honetan musikaren historian zehar bidaiatuko dugu, Beethoven (1770-1827), Brahms (1833-1897) eta Bernsteinen (1918-1990) musikaren bitartez. Garai eta estilo desberdineko konpositoreak, baina musikaren energia, kemena eta indarra elkarbanatzen dute, ongintzazko kontzertu hauetarako ezin aproposagoa dena.

      Apirilaren 13an, The Walk On Project-en alde

      2008ko udan Jontxu, 6 urteko mutila, behaztopa egiten hasi zen mendian. Urte hartako urriaren 13an Mikel eta Mentxu, bere gurasoei, jakinarazi zieten gaixotasun neurodegeneratibo larri baten diagnostikoaren iragarkia zela.

      Hor hasi zen familian gaixotasun horien aurkako borroka. Eta orduan hasi zen Mikel konposatzen. Bere abestien artean ‘Walk On’ idatzi zuen, bere semeari egindako promesa gisa. Eta abesti horretatik sortu zen The Walk On Project (WOP), Mikelen familiaren alderdi bat bezala, erreferentziazko enpresa soziala bihurtu arte. Horrela, balio sozialeko jarduerak garatuz eta inguruko erakunde eta pertsona guztiak zainduz, 1 milioi euro baino gehiago bideratu dituzte gaixotasun neurodegeneratiboen inguruko ikerkuntzarako.

      Apirilaren 27an, InteRed erakundearen alde

      InteRed duela 30 urte baino gehiago sortutako Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundea da, Teresiar Erakundeak bultzatuta. Azken honen gizarte- eta hezkuntza-ikuspegia erreferentziatzat hartuz, pertsona guztien sustapena bultzatzen du, kolektibo baztertuenetan arreta berezia jarriz.

      Kalitatezko hezkuntzan sinesten dute, baita garapen pertsonala eta pobrezia desagerraraztea ahalbidetzen duen botere eraldatzailean ere. Horregatik, oinarrizko hezkuntzan, irakasleen prestakuntzan, haurren eskubideen sustapenean eta genero-ekitatean lan egiten dute.

      Pasioaren indarra erakusteko ongintzazko kontzertuak

      Horrela, orkestra sortu genuenetik askotan egin dugun moduan, apirilean zehar ongintzazko bi kontzertu emango ditugu Bilbon, indarrez beteriko programa honekin.

      Lehenengoa, apirilaren 13an, arratsaldeko 19:30etan, Bilboko Deustuko Salesianos ikastetxeko antzokian izango da, The Walk On Project (WOP) elkartearen alde. Sarrerak jadanik salgai daude elkartearen webgunean, 10 €-ko prezioan.

      Bigarren kontzertua, InterRed Euskal Herria Garapenerako GKEaren alde, apirilaren 27an Indautxuko El Carmen elizan izango da, arratsaldeko 20:00etan.

      Beti bezela, bertan espero zaituztegu, pasioz beteriko musikaz gozatzeko, horrelako ekimen eta elkarteen alde norberak bere aletxoa jarriz.

    • Behotsik ere Korrikaren alde

      Behotsik ere Korrikaren alde

      Hastear da 23. Korrika, martxoaren 14tik 24ra bitartean Irundik Baionara joango dena, eta aurten, lehendabiziko aldiz, Behotsikek, erakunde bezela, ekimena babestuko du datorren martxoaren 21ean Bilbotik egingo duen ibilbidearen kilometro bat eskuratuz.

      Korrika Euskal Herri osoan zehar egiten den euskararen aldeko ekimen erraldoia da. Euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea ditu helburu. Ibilbidea hasi eta amaitu arte, lekukoa eskuz esku eta kilometroz kilometro eramaten dute korrikalariek; lekuko horren barruan, euskaldun ezagun batek Korrika helmugara iristean irakurriko duen mezua gordetzen da, ordura arte sekretupean gordetzen dena.

      Aurten, 2024ko martxoaren 14an hasita, 11 egunez eta 10 gauez, eta gelditu gabe, Korrikak Euskal Herria zeharkatuko du 23. aldiz. Bi mila kilometro baino gehiago euskararen alde, adin eta mota guztietako milaka partaiderekin, gau eta egun gelditu gabe. Korrika bi urterik behin Euskal Herriko jendartea astintzen duen gertakari bilakatu da, oso ekimen babestua eta maitatua, zalantzarik gabe.

      Behotsik orkestra gaztea da, Bilbo eta inguruko euskaraz hazi eta hezi diren musikari gazteek osatua, eta ahal den heinean, gure ekintzetan eta gure arteko harremanetan euskaraz bizi bahi dugu. Horrexegatik, aurten elkarte moduan ekimen hau babestea erabaki dugu, Korrika Bilbotik egingo duen ibilbidearen kilometro bat eskuratuz.

      Korrikako antolakuntzak 1.851 kilometroa esleitu digu eta Korrika martxoaren 21eko 17:35ean Bilboko Irala kaleko 53. zenbakitik igarotzean lekukoa jasoko dugu. Hemendik deialdia luzatzen dizuegu gurekin bat egin eta gure hizkuntzaren alde egiteko.