• Fair Saturday 2023 Ekidazu Abesbatzarekin

    Fair Saturday 2023 Ekidazu Abesbatzarekin

    Aurreko urteetan bezela, aurten ere datorren azaroaren 25ean ospatuko den Fair Saturday 2023 ekimenean parte hartuko dugu. Oraingo honetan, Lezamako Ekidazu Abesbatzarekin batera, Cornelia de Lange Sindromearen Elkartearen aldeko ongizatezko kontzertua prestatu dugu.

    Esan bezala, gure ondoan Lezamako Ekidazu Abesbatza izango dugu. 2001eko udaberrian sortutako abesbatza hau, Euskera Zorrizketan taldeko zenbait kideren ekimena izan zen. Gaur egun 28 ahots mistok osatzen dute eta Iratxe Ispizua da bere zuzendaria.

    Abesbatzaren helburu nagusiak bi dira: alde batetik, musika folklorea eta euskal musika korala maitatu, zaindu, zabaldu eta abestea, eta bestetik, musikaren bitartez euskararenganako maitasuna zabaltzea.

    Fair Saturday 2023 Lezaman

    Fair Saturday jaialdia artistek eta kultura-elkarteek garatutako kultura eta giza izaerako mugimendu globala da. Artista eta kultura-elkarte hauek azaroaren azken larunbatean modu masiboan jardungo dira ekitaldi bakoitzarekin GKE edo proiektu sozial bat bultzatuz.

    Aurten Cornelia de Lange Sindromearen Elkartearen alde egingo dugu. Cornelia de Lange Sindromearen Elkartea 1998an sortu zen, Cornelia de Lange Sindromea duten pertsonen eta haien senideen bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin. Elkarteak Cornelia de Lange Sindromea duten familiei edota kaltetuei orientazioa eta aholkuak emateko asmoa du, bide horretan bakarrik ez daudela jakin dezaten.

    Kontzertua datorren azaroaren 25ean, arratsaldeko 19:00etan, Lezamako Andra Mari elizan (Aretxalde Auzoa 78) ospatuko da. Ongizatezko kontzertu batek duen garrantziaz gain, guretzako berezia izango da kontzertua hau, izan ere, Sancho Almendral gure zuzendari titular berriak zuzentzen duen lehena izango da, beraz, esan beharrik ez dago bertan espero zaituegula.

  • SHAPE Europe & Eurasia Bilbon

    SHAPE Europe & Eurasia Bilbon

    Behotsikek Global Shapers Community nazioarteko sarearen parte eta Munduko Ekonomia Foroaren ekimen den Global Shapers Bilbaok antolatutako SHAPE Europe & Eurasia Bilbao — Bizkaia 2023 ekimenaren irekiera-ekitaldian parte hartuko du, azaroaren 3tik 5era Bizkaiko hiriburuan ospatuko dena.

    SHAPE Europe & Eurasia Bilbao — Bizkaia 2023 hiru egun iraungo dituen nazioarteko gailurra da, ideiak lotu eta erronka globalei buruz lan egiteko. Erronka horiek sei jarduera-ildotan sailkatu dira, eta, 2030eko agendatik eta GJHetatik abiatuta, honako hauetan oinarritzen dira: komunitate inklusiboen sorrera, etorkizunerako (ber)kualifikazioa, osasuna eta ongizatearen hobetzea, oinarrizko premiak asetzea, planeta babestea eta konpromiso soziala indartzea.

    ‘Harreman: uniendo comunidad y territorio’ lelopean, SHAPE Europe & Eurasia Bilbao — Bizkaia 2023 bilerak mundu osoko 250 gazte baino gehiago ekarriko ditu Bilbora erronka horiei aurre egiteko, batez ere Europako eskualde osoko eta Eurasiako hub-ak ordezkatuz. Munduko beste egoitza batzuetako ordezkaritza bati ere ongietorria egingo zaio.

    Goi-bilera hau Global Shapers Bilbaok antolatu du, 20 eta 30 urte bitarteko gazteak batzen dituen Munduko Ekonomia Foroaren ekimena, inpaktu sozialeko proiektuak sortzeko helburuarekin. Komunitateak «Hub» izeneko 150 herrialde baino gehiagotan ditu egoitzak, eta bertan, shaperrak taldeka antolatzen eta autokudeatzen dira. Bilboko Hub-a 2015ean ireki zen eta gaur egun 28 gaztek osatzen dute.

    Aurretik Global Shapers Bilbaorekin lankidetzan arituta, guretzat pozgarria da hainbeste lan eta ardura ekarri dien ekimen baten irekiera-ekitaldian parte hartu ahal izatea. Irekiera ekitaldia azaroaren 3an izango da, arratsaldeko 19: 00etatik aurrera, Bilboko Guggenheim Museoan.

  • Behotsikek Sancho Almendral izendatu du zuzendari titular berri

    Behotsikek Sancho Almendral izendatu du zuzendari titular berri

    Gure hamabigarren urtebetetzearen data aprobetxatu nahi dugu Sancho Almendral Behotsiken zuzendari titular berriaren izena iragartzeko. Almendralek Igor Giménez ordezkatuko du, 2022-2023 denboraldiaren amaieran orkestra utziko zuela iragarri baitzuen apirilean.

    Bere jardueraren profesionalizazio prozesuan aurrera jarraitzen du Behotsikek gailur artistiko berrietarantz abiatuz, diziplina eta geografia desberdinetako erakundeekin lankidetzan aritzearen bidez sinergiak sortzeko helburuarekin.

    Ibilbide musikal luzeko biolontxelista eta musika eszenikoko konpositorea

    Almendralek biolontxeloa ikasi zuen Asier Polo, Elías Arizcuren, Enrico Dindo edota Elena Cheah bezalako irakasleekin eta Daniel Barenboim bezalako musikari handiekin eszenatokia partekatu du.

    Zuzendari gisa Miguel Romea maisuarekin hezia, Sancho Almendral Kolonbiako Teatro Nacional, Sevillako Teatro Maestranza, Guanajuatoko Festival Cervantino edo Guadalajarako Teatro Conjunto Santander bezalako erakunde garrantzitsuekin elkarlanean aritu da, nazioarteko hainbat proiektutan zuzendari laguntzaile zein ekoizpen-zuzendari gisa.

    Orkestra-esperientzia zabala du, eta hainbat orkestra europarretan parte hartzen du, hala nola OSM, ORT, Orquesta Bruno Maderna, Filarmonica Gioacchino Rossini, Orquesta Giovani Europei, European Royal Ensemble, I Solisti di San Severo, Orquesta Sinfónica Siciliana edota Young Musician European Orchestra, zeinekin nazioarteko birak egin baititu Italian, Txinan, Libanon eta Latinoamerikan.

    Nazioarteko presentzia izan duen hautaketa prozesu zorrotz eta lehiakorra

    Behotsikek apirilaren amaieran abiatu zuen hautaketa prozesua, 2022-2023 denboraldia amaitu baino pixka bat lehenago, eta profil askotariko 24 hautagaitza jaso zituen posturako. Harrigarria da nazioarteko presentzia, besteak beste, Belgikatik, Portugaldik edo Venezuelatik etorritako hautagaiekin.

    Lehenengo fasean, batzorde batek hautagaiak hautatu zituen elkarrizketa pertsonal bat izateko. Etapa honetan puntuaziorik handiena lortu zuten lau pertsonek proba praktiko bat egin zuten: orkestraren entsegu bat zuzendu zuten, orkestrako kideek hautagaiak zuzenean ezagutu eta haien ebaluazioa egin ahal izateko.

    Almendralek bi faseak gainditu zituen bere ikuspegi artistiko eta estrategikoari esker, gainerako hautagaiei gailenduz.

    Nicolás Serrano, zuzendari laguntzaile

    Sancho Almendral zuzendari titular berriari eguneroko zereginetan laguntza emateko, Nicolás Serrano izango da orkestrako zuzendari laguntzailea. Orain arte orkestrako perkusionista izan dena hautaketa prozesuko azken fasera ere iritsi zen, eta hain gazte izanik erakutsi zuen heldutasuna eta hazi eta hobetzeko dituen gaitasunak ezinbestekoak izan dira zuzendari laguntzaile izateko izendapenean.

    Serrano orkestra eta banda zuzendaritza ikasketak egiten dihardu Antropologiako Gradua ikasi bitartean, zuzendari gonbidatu izan da Zizur Nagusiko Udal Musika Banda eta Arriaga Flauta Taldearekin eta Bilboko “La Viva” Banda Sinfonikoaren sortzaile eta zuzendaria da.

  • Kultura Aniztasunaren Munduko Eguna ospatzen

    Kultura Aniztasunaren Munduko Eguna ospatzen

    Datorren maiatzaren 21ean, igandea, Norai elkartearekin batera antolatutako Etorkizuna: Aniztasuna ekimen musiko-sozialean parte hartuko dugu, Kultura Aniztasunaren Munduko Eguna ospatzeko, non lagun zahar askoz inguraturik egongo garen.

    Ekitaldia Norai elkarte hezitzaile, ekintzaile eta humanizatzaileak antolatu du, zeinek, besteak beste, Etorkizuna Musikatan proiektu sozio-hezitzailea eta orkestrala jarri duen abian, musikak kolektibo pluralak batzeko eta balio pertsonalak, komunitarioak eta kulturartekoak garatuz gizartea hezteko duen gaitasuna erakutsiz. Jadanik izan genuen Bilboko Ibaiondo barrutiko kultura desberdinetako ume eta nerabeek osotzen duten Etorkizuna Musikatan haur-orkestrarekin lan egiteko aukera, 2021eko udazkenean Musika balkoietatik ekimenean parte hartu genuenean.

    Ekitaldia Bilboko Bilbao Arenako zelaigunean ospatuko da, Bilbo osoko auzo multikulturalenetakoak diren San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabala auzoen ondoan. Etorkizuna: Aniztasuna lelopean, ekitaldi musiko-sozial honek kulturen arteko elkarrizketaren, aniztasunaren eta inklusioaren garrantzia nabarmendu nahi du. Etorkizunik gizatiarrena anitza eta kulturartekoa izango da, edo ez da izango.

    Konpainia on eta anitzean

    Aurretik aipatu dugun Etorkizuna Musikatan haur-orkestraz gain, hainbestetan lagun izan dugun Sanfran Korue abesbatza, Txiki-Musika haur-abesbatza, Euri Artean konpainia eta Balakulanya perkusio taldea egongo dira gurekin.

    Hau guztia Etorkizuna: Aniztasuna ekitaldian, datorren maiatzaren 21ean, igandea, eguerdiko 12:00etatik aurrera Bilboko Bilbao Arenako zelaigunean, A atearen parean. Zuen zain gaude!

  • Behotsik orkestrak zuzendari titularra bilatzen du

    Behotsik orkestrak zuzendari titularra bilatzen du

    Pasa den astean iragarri genizuen bezala, Igor Giménez gure zuzendariak orkestrako zuzendari titular izateari utziko dio 2022-2023 denboraldi honen amaieran. Horrexegatik, gaur Behotsik orkestraren Zuzendari Titularra hautatzeko prozesua martxan jartzen dugu.

    Orkestra-zuzendaritza ikasten al zaude? Beste musika ikasketa batzuk egiten zabiltza baina zuzendaritzan interes handia duzu? Musikaren beste alor batean jardun arren, beti izan duzu orkestra-zuzendaritzan sakontzeko gogoa? Horrelako lagun edo ezagunen bat daukazu? Orkestra gazte eta berritzaile bat zuzentzeko aukera paregabea daukazu oraingoan.

    Ez dago baldintza berezirik Behotsik orkestrako zuzendari titularra izan nahi duten hautagaientzat. Funtsean, orkestraren izaera eta funtzionamenduarekin bat egiten duen pertsona bat bilatzen dugu. Behotsik orkestra gazte, aktiboa eta konprometitua da, gazte talde batek sortu eta kudeatua, gauza berriak egitea bilatzen duena. Azken finean, musika egitea gustuko duten lagun taldea gara, eta zuzendari titularra izango denak talde honetako beste kide bat izan behar du. Behotsik zer den ulertzeko, lagungarri izan daiteke aurreko egunetan Igor gure zuzendariari egindako elkarrizketako ondorengo bideo hauek.

    Zuzendari titularra hautatzeko prozesu honek hiru fase izango ditu:

    Lehenengo eta behin, apirilaren 24tik maiatzaren 15era arte, biak barne, hautagaiek izena eman ahalko dute argitalpen honen bukaeran dagoen estekako inprimakia bete eta bidaliz. Inprimaki horretan bere izen-abizenak, helbide elektronikoa eta telefonoa bete beharko dituzte, eta bere curriculuma duen DOC edo PDF motako fitxategia bidali beharko dute.

    Bigarren fasean, hautagaien aurkezpenerako epea amaitu eta hurrengo asteetan, beraiekin harremanetan jarriko gara elkarrizketa pertsonala izateko.

    Azkenik, hautagai bakoitzak orkestraren entsegu bat zuzentzeko aukera izango du, orkestrak hautagaia nola moldatzen den ikusteko eta hautagaiak berak orkestra ezagutzeko ere.

    Prozesu honen ondoren, denboraldi honen azkenengo asteetan, Behotsik orkestraren Zuzendari Titularra nor izango den iragarri ahal izango dugu. Zalantzarik izatekotan, jar zaitez gurekin harremanetan info@behotsik.com helbide elektronikoaren bidez.

    Beraz, orkestrarentzako hain garrantzitsua den prozesu honetan parte hartzera animatzen zaitugu. Eskerrik asko!

  • Eskerrik asko Igor!

    Eskerrik asko Igor!

    Hamaika urte baino gehiagoko ibilbidearen ondoren, izugarrizko pena handiz iragarri behar dugu gure orkestraren hasieratik gaur egun arte gure zuzendaria den Igor Giménezek Behotsik orkestrako zuzendari titular izateari utziko diola 2022-2023 denboraldi hau amaitzean.

    Behotsik gure hastapenetatik ezagutzen duenak edo orkestraren eguneroko funtzionamenduan murgilduta egon den edonork jakin badaki Igorrek orkestrarentzat eta orkestra osatzen dugun guztiontzat duen garrantzia. Modu sinple eta argi batean esanda, ezin da Behotsik ulertu Igor Giménez gabe.

    Gure 5. urteurrenean argitaratu genuen bideo honetan kontatzen genuen bezela, bera izan zen orkestra osatzeko ideia sortu zen udako arratsalde horretan egon zenetako bat. Zuzendari gonbidaturik izan dugun kontzertuetan izan ezik, Igor izan da gure zuzendaria kontzertu guztietan. Orkestraren egunerokotasunaren edozein egoeratan arazoren bat egotekotan, beti berarengana jotzen dugu. Bera izan da orkestrako zuzendari artistikoa, igeltseroa, talentu-bilatzailea, furgoneta gidaria, erosketa-burua eta harreman publikoak. Baina horrez gain, orkestrako kide askoren aholkulari, kide eta laguna ere bada.

    Horregatik guztiagatik, esker hitzak baino ez ditugu berarentzat. Eskerrik asko elkarbanatzen dugun Behotsik izeneko ideia zoro aurrera eramateagatik eta Bilbo eta Bizkaia mailan erreferente izaten lortzeagatik. Eskerrik asko hainbeste irakatsi eta ikasteagatik. Eta azken finean, Behotsik behar izan duen guztietan, hor egoteagatik.

    Hurrengo egunetan Igorrekin egin dugun elkarrizketa baten bideotxoak igotzen joango gara gure YouTube kanalean eta sare sozialetan, beraz adi egon hauei orkestraren ibilbidearen inguruko anekdotak eta Igor Giménez bera gehiago ezagutu nahi badituzu.

    Zuzendari bila

    Hurrengo asteetan, datorren denboralditik aurrera Behotsik orkestrako zuzendari titularra bilatzeko prozesua jarriko dugu martxan. Datozen egunetan argitaratuko dugu gure webgune eta sare sozialetan prozesu horretan parte hartu nahi duten guztiontzako informazio eta xehetasun guztiak.

  • London Conducting Workshop Barakaldon

    London Conducting Workshop Barakaldon

    Behotsik orkestrak orkestra anfitrioi gisa parte hartuko du London Conducting Workshop nazioarteko orkestra-zuzendaritza ikastaro ospetsuan, 2023ko apirilaren 10etik 15era bitartean Barakaldoko Udal Musika Kontserbatorioan ospatuko dena.

    London Conducting Workshop orkestra-zuzendaritza ikastaro nagusietako bat da Europan. 2005. urteaz geroztik orkestra-zuzendaritza ikastaroak eman ditu, Londres, Paris, Venezia eta Dublinen.

    Ikastaroetako partaideak munduko hainbat lekutatik etorritako zuzendariak dira, bere garapenaren etapa desberdinetan daudenak, bere ikasketen hasieran daudenetatik hasi eta ibilbide profesionala hasten dutenetaraino. Lehenengo ediziotik 345 pertsonak parte hartu dute ikastaroetan, parte-hartzaile aktibo zein entzule gisa.

    Oraingo honetan, Barakaldoko Udal Musika Kontserbatorioaren 40. urteurrena dela eta, London Conducting Workshop ikastaroaren edizio berria Barakaldon ospatuko da, John Farrer zuzendari estatubatuarraren eta Barakaldoko Udal Musika Kontserbatorioko zuzendaria den Fuensanta Figueroaren eskutik.

    Maila handiko erronka

    Guretzat London Conducting Workshop ikastaroan orkestra anfitrioi gisa parte hartzea erronka garrantzitsua da hainbat arrazoirengatik. Alde batetik, ikastaroan parte hartzen duten nazioarteko zuzendaritza ikasleekin edo John Farrer eta Fuensanta Figueroaren mailako zuzendariekin lan egitea larunbatero gure entseguetan izaten ez dugun aukera da.

    Bestalde, Elgarren Hariarentzako Serenata mi minorrean, Mendelssohnen Hebriden Obertura, Beethovenen 1. Sinfonia Do Maiorrean edota Ravelen Nire Ama, Antzara Suitea bezalako obrak dituen programa bati aurre egitea, munta handiko erronka musikala da, baina biziki hunkitzen gaituena.

    Ikastaroa Barakaldoko Udal Musika Kontserbatorioan izango da, datorren apirilaren 11tik (asteartea) apirilaren 14ra (ostirala) bitartean. Hau amaitu ondoren, larunbatean, apirilak 15, arratsaldeko 18:30etan, ikastaroko ikasleek zuzendutako kontzertua ospatuko da Barakaldo Antzokian. Ordutegiari eta sarrerei buruzko berririk izan bezain laster, gure webgune eta sare sozialen bidez jakin ahalko duzue.

  • Fair Saturday Inmakuladako Abeslariak eta Oihartzuna Abesbatzarekin

    Fair Saturday Inmakuladako Abeslariak eta Oihartzuna Abesbatzarekin

    Aurreko urteetan bezela, aurten ere datorren azaroaren 26an ospatuko den Fair Saturday 2022 ekimenean parte hartuko dugu. Oraingo honetan, Bilboko Inmakuladako Abeslariak eta Muskizko Oihartzuna Abesbatzarekin batera, Alboan GKEk duen Emakumeok Martxan programaren aldeko ongizatezko kontzertua prestatu dugu.

    Pasa den uztailaren 2an gure 10. urteurrena ospatzeko Euskalduna Jauregian eman genuen kontzertuan parte hartu zuten lagunen artean, Eduardo Lopéz de Herediak zuzendutako Inmakuladako Abeslariak eta Muskizko Oihartzuna Abesbatza ditugu, Fair Saturday honetan beraiekin berriro elkarlanean arituko garelarik.

    Inmakuladako Abeslariak duela 40 urte baino gehiago sortu zen Bilboko Basurtu auzoan. Hasieratik zuzendari eta koralista ugari igaro dira abesbatzatik, baina betiere gako konstante batzuei eutsi dio: Basurtuko auzoari eta bertako jendeari atxikitzea eta
    musika koralarekiko grina, edozein modutan bada ere.

    Oihartzuna Abesbatzak, ordea, 1981eko udaberrian ekin zion bere ibilbideari, Coral Muñatones izenarekin. 1987an hartu zuen gaur egungo izena. Muskizko Udalarekin lankidetzan aritzen da udalerrian egiten diren musika koralari buruzko ekitaldi guztietan. Hainbat topaketa eta abesbatza lehiaketatan parte hartu du, eta errepertorio zabala eta askotarikoa dauka.

    Fair Saturday mugimenduan

    Fair Saturday jaialdia artistek eta kultura-elkarteek garatutako kultura eta giza izaerako mugimendu globala da. Artista eta kultura-elkarte hauek azaroaren azken larunbatean modu masiboan jardungo dira ekitaldi bakoitzarekin GKE edo proiektu sozial bat bultzatuz.

    2019ko edizioan bezela, aurten ere Jesusen Lagundiak bultzatutako Alboan elkartearekin bat egingo dugu, zehazki Emakumeok Martxan mugimenduarekin. Emakumeok Martxan programaren helburu nagusia da mugikortasun behartuko testuinguruetan indarkeria sufritu duten emakumeen premiei erantzuteko proiektuak garatzea.

    Kontzertua datorren azaroaren 26an, arratsaldeko 17:00ean, Bilboko Jesusen Bihotza elizan (Urkixo Zumarkalea 7) ospatuko da, eta esan beharrik ez dago, baina bertan espero zaituegu.

  • Behotsik: 10 urte, hamaika lagun, Euskalduna Jauregian

    Behotsik: 10 urte, hamaika lagun, Euskalduna Jauregian

    Denbora daramagu hau dena prestatzen. Eta horretan darraigu. Denbora daramagu hau isilik mantendu ezinik. Baina heldu da eguna dena kontatzeko. Datorren uztailaren 2an Bilboko Euskalduna Jauregira goaz gure 10 urteak ospatzera. Heldu da Behotsik: 10 urte, hamaika lagun.

    Jakin dakizuenez, 2021eko abuztuan 10 urte bete genituen, eta 2021-2022 denboraldiak urteurren honen ospakizun gisa balio izan digu. Denboraldi berezi honen amaiera izango da Behotsik: 10 urte, hamaika lagun kontzertu hau. Gainera, Euskalduna Jauregiko Auditoriumean izateak are bereziagoa egingo du kontzertua, izan ere, gure 10 urteko historian Bilboko oholtza enblematiko honetara igotzen garen lehen aldia izango baita.

    Gala-kontzertu formatua izango duen ekitaldi honen haria orkestraren ibilbideari errepasoa egitea da, euskal musikaren historian zehar bidaia bat eginez: Guridi, Arriaga edo Ravelen jatorri klasikoetatik hasi Aneguria edo Gatibu bezalako egungo artisten musikara heldu arte, Oskorri edo Itoiz bezalako talde historikoetatik igaroz.

    10 urte, hamaika lagun

    Badago ilusio gehiago egiten digun zeozer: kontzertu honetan ez gara bakarrik egongo. Egun honetan orkestratik igaro den hamaika lagunekin agertokian berriro elkartzeko aukera izango dugu, baita 10 urte baino gehiagoko ibilbidean lan egin dugun taldeekin eta zenbait artista gonbidaturekin biltzeko ere. Datozen asteetan zehar gure sare sozialetan haien berri ematen joango gara, beraz, adi ibili.

    Sarrerak bihar (maiatzak 12) jarriko dira salgai, goizeko 12:00etan, Euskalduna Jauregiko webgunean, 8 eta 12 €-ko prezioan. Gure bazkideek %100-eko deskontua izango dute beraien sarreran. Horretarako, Euskalduna Jauregiko txarteldegietan erosi beharko dute sarrera, beraien datuak eman behar dituztelarik. 12 urte beherakoek ere %20-ko deskontua izango dute.

    10 urte hauek zuetako bakoitzarekin ospatu nahi ditugu, beraz, elkar ikusiko dugu datorren uztailaren 2an arratsaldeko 19:30ean Euskalduna Jauregian. Zatoz eta elkarrekin ospatu dezagun batzen gaituena, musika hain zuzen ere.

  • Zornotzako Itunaren 150. urteurrena ospatuko dugu

    Zornotzako Itunaren 150. urteurrena ospatuko dugu

    Datorren maiatzaren 24an Amorebieta-Etxanoko Zornotza Aretoan izango gara, Zornotzako Itunaren 150. urteurrena ospatzeko herrian antolatu duten egitarau zabalaren barruan.

    150 urte igaro dira Bigarren Gerra Karlistari amaiera emateko asmoz Zornotzako Ituna sinatu zenetik. Hitzarmen hau 1872ko maiatzaren 24an sinatu zuten, liberalen partetik, ordura arte Espainiako gobernuaren presidente zen Francisco Serrano jeneralak, eta karlisten aldetik Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkari ziren Fausto Urkizuk eta Juan E. Oruek, beren izenean eta Antonio Arginzoniz jaunaren izenean. Azkenean, liberalek eta karlistek itun hau onartu ez zuten arren, gerrak jarraitu zuelarik, negoziazio saiakera hau gertaera historiko garrantzitsua izan zen azken Karlistaldi honetan.

    Hori dela eta, udalerriak ez du alde batera utzi nahi efemeride esanguratsu hau, eta denboran atzera egin nahi du kultura-jardueren programa zabal baten bidez, maiatzaren 1etik 24ra luzatuko dena. Programa honetan, adin guztiak hartuko dituen publiko batengana iritsi nahi dute, formatu desberdinen bitartez. Programatutako jardueren artean, hitzaldiak, antzezlanak, haur eta gazteentzako jarduerak, erakusketa bat, liburu bat eta, nola ez, prestatzen ari garen kontzertua ere egongo da.

    Zornotzan kontzertua, bi zornotzarren ondoan

    Maiatzaren 24an ez gara bakarrik egongo. Zornotzako Itunaren 150. urteurrena ospatzen dugun kontzertu berezi honetan bi zornotzar handi izango ditugu lagun.

    Alde batetik, lagun zahar bat izango dugu zuzendari lanetan. Ilusio handia egiten digu Aritz Labradorrekin berriro lan egiteak, 2019ko Musika-Música jaialdian egin genuen bezala, 10 urte hauetan eman dugun kontzerturik onenetakoa eskaini genuelarik. Errepertorio polita baina zaila dugu aurretik, baina entseguek aurrera egin ahala, Aritz gure onena ateratzen dabil.

    Bestalde, Elisene Alzola biolinista izango dugu, prestatzen ari garen errepertorioko pieza batean bakarlari gisa arituko dena. Elisenek Leipzigeko (Alemania) Hochschule für Musik und Theater Leipzig Goi Mailako Kontserbatorioan egin zituen ikasketak. Ondoren, Leipzigen master artistiko bat egin zuen Mariana Sirburen zuzendaritzapean. Gaur egun Euskadiko Orkestraren eta Bilbao Orkestra Sinfonikoaren kolaboratzailea da.

    Kontzertua maiatzaren 24an, asteartea, arratsaldeko 20: 00etan izango da Amorebieta-Etxanoko Zornotza Aretoan. Sarrerak jada salgai daude Zornotza Aretoaren webgunean, 3 €-ko prezioan.

  • Deustuko Unibertsitatearen omenaldia Javier Elzo irakasleari

    Deustuko Unibertsitatearen omenaldia Javier Elzo irakasleari

    Oraingoan ezohiko kontzertu batekin gatoz. Izan ere, datorren maiatzaren 6an Deustuko Unibertsitateko Donostiako campusak Javier Elzo Soziologiako katedradun emerituari egingo dion omenaldian parte hartuko dugu.

    Omenaldia jasoko duen Javier Elzo irakaslea Ludwig van Beethovenen zale amorratua eta aditua da, Beethoven eta oro har musika klasikoaren inguruan artikulu ugari idatzi dituelarik. Horregatik, Beethovenen zenbait obra joko ditugu ekitaldi honetan.

    Kontzertu berezi hau duela bi urterako prestatu genuen, baina pixkanaka atzean uzten ari garen pandemia honek atzeratzea ekarri zuen. Baina azkenik posible da kontzertua ospatzea eta horrela egingo dugu datorren maiatzaren 6an, ostirala, arratsaldeko 18:00etan, Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko Loiola Centrumen.

    Ekitaldia pribatua izango da. Hala ere, Deustuko Unibertsitateak izena emateko inprimakia jarri du bere webgunean, maiatzaren 5a baino lehenago bete behar dena.

  • Betiko musika Ea laukotearekin

    Betiko musika Ea laukotearekin

    Gure 10. urteurrenaren ospakizunekin jarraituz, emango dugun hurrengo kontzertua aurkeztu nahi dizuegu. Oraingo honetan, ez da orkestra osoaren kontzertua izango, Borja, Unai, Karmele eta Aitziber gure kideek osatzen duten laukotearen kontzertua baizik. Formatu horretan Bilboko Udalak antolatutako Betiko Musika de Siempre programan parte hartuko dugu datorren martxoaren 26an.

    Bilboko Udalak, urtarrilaren 29an, otsailaren 12an eta 26an, martxoaren 12an eta 26an eta apirilaren 9an (larunbatak), Betiko Musika de siempre musika-programaren beste edizio bat abian jarri du Otxarkoaga auzoan. Kontzertuak urte askotan gure entsegu lekua izan den Otxarkoagako Udaltegian izango dira eta bertan boleroak, Ebroko Erriberako abesti herrikoiak, habanerak edo otxoteak entzun ahal izango dira, honako talde hauen eskutik: Bolero’s 4; Voces del Ebro; Los chimberos; Trio Veracruz; Ea Laukotea – Behotsik Orkestrako Hari Laukotea; eta Otxote Bilbao Argia.

    Behotsik orkestraren izenean, Ea Laukotea izango dugu Betiko Musika de siempre ekimen honetan. Borja Mollá (bibolina), Unai Ibáñez (bibolina), Karmele Elizaran (biola) eta Aitziber Elizaranek (txeloa) osatutako laukote honek formatu txikiko kontzertu bat eskainiko du, estilo desberdineko errepertorioarekin eta publiko guztiarentzat eskuragarria.

    Ziur gaude ordezkari aproposak bialdu ditugula, beraz, ez ezazu galdu Behotsik orkestrako Ea Laukotaren kontzertu hau datorren martxoaren 26an, arratsaldeko 18:00etan, Bilboko Otxarkoagako Udaltegian. Sarrera doakoa izango da edukiera bete arte.

  • Bueltan dira Iparraldeko Haizeak

    Bueltan dira Iparraldeko Haizeak

    Gure 10. urteurrena ospatzen jarraitzen dugu, eta oraingoan berri oso pozgarri batekin gatoz: Iparraldeko Haizeak bueltan dira. Pasa den otsaila eta martxoan estreinatu genuen Iparraldeko Haizeak ikuskizuna errepikatuko dugu, oraingo honetan Torrelavega eta Santanderren kontzertu banarekin.

    Gogoratzen ez denarentzat, Iparraldeko Haizeak ikuskizuna Borja Mollá Moral gure kideak eta Inazio López Ochoak idatzitako zartzuela da, antzerki musikala, zartzuela eta folklorea uztartuz, musika-ikuskizun berritzaile bat aurkezten duena, musika haritzat duen historia baten bidez industria-iraultza aurkitzera daramana.

    Santander, 1897. Euskal arrantza-ontzi bat badian hondoratu da. Lagun bakarra atera da bizirik, Mikel, San Rafael Ospitalean konorterik gabe dagoen itsasmutil gaztea. Esnatzerakoan, hura zaintzen dauden mojak hitzik esan eta esaten zaion ezer ere ulertzen ez duela ohartzen dira. Hala ere, laster ikusiko dugu istripuaren trauma edo ondorioak gauzatuta dirudiena azalpen errazagoa duela: Mikel euskaraz baino ez da mintzatzen. Hori, ordea, ez du oztopo izango Santanderreko familia aberatsenetako baten zerbitzura mandatari lanetan jartzeko eta XIX. mende amaierako gizarte industrial zurrunbilotsuaren kontrasteak zuzenean ikusteko.

    Aurreko emanaldietan bezela, oraingoan ere gure ondoan Coro Joven de Santander abesbatza izango dugu. César Marañónek zuzendutako abesbatza hau, kalitatezko gazte abesbatza bat eratzeko eta Kantabriak zeukan gabeziarekin amaitzeko helburuarekin jaio zen 2017an.

    Torrelavegan eta Santanderren

    Proiektua Torrelavega eta Santanderren gauzatuko da, azaroaren 14an Torrelavegako Concha Espina Udal Antzokian eta azaroaren 21ean Santanderreko Palacio de Festivales jauregian.

    Torrelavega

    Azaroaren 14an, igandea, arratsaldeko 19:30ean, Torrelavegako Concha Espina Udal Antzokian.

    Sarrerak jadanik salgai daude Concha Espina Udal Antzokiko webgunean, 8€ eta 12€ arteko prezioan.

    Santander

    Azaroaren 21ean, igandea, arratsaldeko 19:00etan, Santanderreko Palacio de Festivales jauregiko Argenta aretoan.

    Azken sarrerak salgai daude Palacio de Festivales jauregiko webgunean, 10€ eta 15€ arteko prezioan.

  • Musika balkoietatik

    Musika balkoietatik

    Datorren igandean gure 10. urteurrena ospatzen ari garen denboraldi honetako lehenengo kontzertua emango dugu, Musika Balkoietatik ekitaldiaren barruan. Emanaldi berezi honetan, Etorkizuna Musikatan haur-orkestra izango dugu lagun, Bilboko Ibaiondo barrutiko kultura desberdinetako ume eta nerabeek osotzen dutena.

    Ekitaldia Norai elkarte hezitzaile, ekintzaile eta humanizatzaileak antolatu du, zeinek, besteak beste, Etorkizuna Musikatan proiektu sozio-hezitzailea eta orkestrala jarri du abian, musikak kolektibo pluralak batzeko eta balio pertsonalak, komunitarioak eta kulturartekoak garatuz gizartea hezteko duen gaitasuna erakutsiz. Gainera, Fair Saturday fundazioak laguntzen du, hainbestetan parte hartu dugun kultur mugimenduak, Barreras Invisibles ekimenaren barruan.

    Musika Balkoietatik arrisku larrian dauden Afganistango Gazte Orkestra eta Zohra Ensemble, Afganistango Emakumezkoen Orkestra, haur eta gazte orkestren aldeko ekimena izango da. Borondatez egiten diren ekarpen ekonomikoak orkestra horiei laguntzera bideratuko dira oso-osorik, Ahmad Sarmast orkestra zuzendariaren bitartez.

    Balkoietatik, auzora

    Ekimen musiko-sozial hau Bilbiko plazan egingo da, eta berezitasun bat izango du: musikarietako batzuk plazako balkoi batzuetan egongo dira, jabeek beren borondatez lagata. Etxea pertsonaren eta familiaren intimitatearen sinbolo pribilegiatua da. Espazio horretan, balkoiak kanporako, kalerako eta auzorako irekiera irudikatuko luke. Balkoira irtetea, pertsona-familiarra kolektibo-auzokora bilakatzea bezala ulertuko genuke. Horrela, gure etxeak auzora irekitzea ikusarazi nahiko genuke; pertsonala eta familiakoa dena, desberdina, anitza eta, aldi berean, hurbilekoa bihurtzea.

    Musika Balkoietatik pertsona, familia, kolektibo eta elkarte askok auzoan egiten duten lanari balioa eman nahi dio, haien inplikazioarekin gizartea eraldatzen lagunduz. Era berean, aniztasuna elkarrekintzan jarritako aberastasun gisa ikusarazi nahi du.

    Behotsik Orkestrarentzat berezia da horrelako ekitaldi bat gure 10. urteurrenean egitea, eta Etorkizuna Musikatan haur orkestrako neska-mutilekin izan ditugun entseguen ondoren, ziur gaude galdu ezin duzuen ekitaldia dela. Horregatik, datorren igandean, urriak 17, 12:00etan Bilboko Bilbi plazara gonbidatzen zaituztegu.

  • Iparraldeko Haizeak, Bilbon eta Santanderren

    Iparraldeko Haizeak, Bilbon eta Santanderren

    Santander, 1897. Euskal arrantza-ontzi bat badian hondoratu da. Lagun bakarra atera da bizirik, Mikel, San Rafael Ospitalean konorterik gabe dagoen itsasmutil gaztea. Esnatzerakoan, hura zaintzen dauden mojak hitzik esan eta esaten zaion ezer ere ulertzen ez duela ohartzen dira. Hala ere, laster ikusiko dugu istripuaren trauma edo ondorioak gauzatuta dirudiena azalpen errazagoa duela: Mikel euskaraz baino ez da mintzatzen. Hori, ordea, ez du oztopo izango Santanderreko familia aberatsenetako baten zerbitzura mandatari lanetan jartzeko eta XIX. mende amaierako gizarte industrial zurrunbilotsuaren kontrasteak zuzenean ikusteko.

    Hauxe da datorren otsailaren 28an Bilbon eta martxoaren 13an Santanderren Iparraldeko Haizeak ikuskizun berrian ikusi ahal izango duguna. Borja Mollá Moral gure kideak eta Inazio López Ochoak idatzitako zartzuela honek, antzerki musikala, zartzuela eta folklorea uztartuz, musika-ikuskizun berritzaile bat aurkezten du, musika haritzat duen historia baten bidez industria-iraultza aurkitzera daramana.

    Iparraldeko Haizeak proiektua Bilboko Udalak, Kultura Sailaren bidez, eta Santandarreko Udalak, Santander Creativa Fundazioaren bidez, antolatutako Bertatik Bertara laguntza programan hautatua izan zen pasa den uztailean. Hasierako ideia 2020ko abenduan gauzatzea zen, baina Covid-19ak gauzatutako pandemiak dena atzeratzea ekarri du eta datorren otsailaren amaierararte itxaron beharko dugu ikuskizun berri hau oholtza gainera ekartzeko. Bertatik Bertara programaren sustatzaileen laguntzaz gain, Laboral Kutxaren babesa izango dugu berriro ere, beraz, hemendik gure eskerrik beroenak helarazi nahi dizkiogu proiektu hau aurrera ateratzen laguntzegatik eta bizitzen ari garen egoera honetan kulturaren aldeko apustua egiteagatik.

    Gure ondoan Coro Joven de Santander abesbatza izango dugu. César Marañónek zuzendutako abesbatza hau, kalitatezko gazte abesbatza bat eratzeko eta Kantabriak zeukan gabeziarekin amaitzeko helburuarekin jaio zen 2017an.

    Iparraldeko Haizeak bezala, Bilbotik Santanderrera

    Proiektua Bilbon eta Santanderren gauzatuko da, otsailaren 28an Bilboko Campos Elíseos Antzokian eta martxoaren 13an Santanderreko Palacio de Festivales jauregian. Proiektuak kontzertua bera biltzen du, egun bakoitzeko arratsaldean ospatuko dena eta osasun egoerak gauzatutako edukiera murriztapenak direla eta streaming bidez ere zabalduko dena, eta bestalde, kontzertuaren eguneko goizean, mahaingurua antolatuko da hiri bakoitzeko adituekin, arratsaldean ikuskizunean gertatuko den guztia ulertzeko aukera emateko.

    Bilbao

    Otsailaren 28an, Bilboko Campos Elíseos Antzokian.

    Mahai-ingurua: goizeko 12:30ean, Kupula aretoan. Sarrerek 10€-ko prezioa izango dute.

    Kontzertua: arratsaldeko 18:00etan, Teatro aretoan. Sarrerek 12 eta 17€ arteko prezioa izango dute.

    Bi emanaldietara joan nahi izatekotan, sarrera sorta berezia eskuragarri egongo da, goizeko eta arratsaldeko sarrerekin, 19 eta 24€ arteko prezioarekin.

    Sarrerak aurki jarriko dira salmentan Campos Elíseos Antzokiko webgunean eta txarteldegian.

    Campos Elíseos Antzokiko lagunek %15-eko beherapena izango dute (lehen 30 sarrerek) eta Behotsik Orkestrako bazkideek %33-ko beherapena izango dute. Beherapena duten sarrerak lortzeko antzokiko txarteldegira hurbildu beharko zarete, baita bi emanaldietarako sarrera sorta erosteko ere.

    Santander

    Martxoaren 13an, Santanderreko Palacio de Festivales jauregian.

    Santanderreko emanaldietarako informazio guztia zehaztu bezain laster eguneratuko dugu gure webgune eta sare sozialetan.

  • Igor Stravinskyren bizitzaren armonia eta isiluneak

    Igor Stravinskyren bizitzaren armonia eta isiluneak

    Jatorrizko artikulua hemen


    Behin Igor Stravinskik Rimski-Kórsakoven musikari buruz “hortzetako mina bezain oldalkorra eta kokaina bezain atsegina” zela esan zuen. Hausnarketa horrek argi utzi zuen konpositore errusiarrak, XX. mendeko 10. eta 20. hamarkadetan Parisen bizi izan zena, droga hori ezagutzen zuela . Dena dela, bere droga gogokoena alkohola zen, whiskya bereziki. Hain zuen gustukoa non askotan bere izena “Igor Strawhisky” izan behar zela esaten zuen. Estatu Batuetan birak egin behar zituenean, lege lehorra indarrean zegoelarik, alkohola kafe termoa batean eramaten zuen.

    Konpositore errusiarraren musikaz haratagoko berezitasunetako bat da. Eta Behotsikek eszenatokitik kanpoko bizitza erakusten digu: bere gustu sexualak, bere harremanak, bere eguneroko gozamenak… Jeno hutsa, musika barruan eta kanpoan.