-
La Flauta Mágica. Tu primera ópera

Behotsik Orkestrak, Ópera Divertimento talde lirikoarekin batera, ‘La Flauta Mágica. Tu primera ópera’ aurkezten du, umeei zuzendutako opera ikuskizuna, musika lirikoaren mundura hurbiltzeko eta Mozarten Flauta Magikoaz gozatzeko aukera.
Antzinako garaiak. Taminok eta Papagenok, Ilargi Erreginaren konpainia dama den Oscurillak iruzur eginda, Eguzki Errege maltzurrak gatibu daukan Paminaren erreskateari ekingo diote. Hasierako lekualdatze fisikoa barne bidaia bihurtuko da. Eguzki Erregea jakintsu espiritual eta justua dela ikusiko da; Ilargi Erregina, izaki irrazional eta gaiztoa.
Ópera Divertimento taldea 2000. urtean sortzen Ana Isabel Salomón sopranoaren eta Andoni Barañano tenorearen eskutik, talde gazte, profesional eta kalitatezkoa izateko asmoarekin. Taldea Lirikaren itxurazko mundu zail eta ulertezina umeen eta familien publikora hurbiltzen saiatzen da.
‘La Flauta Mágica. Tu Primera Ópera’ ikuskizunaren bi emanaldi egingo dira. Alde batetik, ekainaren 18an Bilboko Campos Elíseos Antzokian, arratsaldeko 19:00etan. Kontzertu horretarako sarrerak jadanik salgai daude, 10 edo 15€-ko prezioan.
Beste alde batetik, Madrilera bidaiatuko dugu, ekainaren 25ean kontzertu bat emateko. Lekua eta ordutegia oraindik zehazteke daude.
Madrilen, JOECOM orkestrarekin batera
Madrilgo kontzertua berezia izango da hainbat arrazoi direla eta. Madrilera kontzertu bat ematera bidaiatzeak suposatzen duenaz gain, kontzertu horretarako Ópera Divertimento taldeaz aparte, JOECOM Orkestrarekin bat egingo dugu.
Madrilgo Ikasle eta Ikastetxe Nagusietako Gazte Orkestra JOECOM 2013. urtean sortzen da musikak batzen dituen ikasle talde baten eskutik, beraien pasioaz elkarrekin gozatzeko. Ordutik hona, Alejandro Puerta Cantalapiedraren zuzendaritzapean hainbat kontzertu eman dituzte baita Madrilgo Auditorio Nazionalean ere.
Behotsik Orkestra sortu zen ideia antzekoekin abiatu zen JOECOM ere; horregatik, ziur gaude esperientzia polita izango dela.
-
Ongintzazko kontzertua AECC Bizkaiaren alde

Datorren maiatzaren 5ean, ostirala, arratsaldeko 20:00etan, Behotsik Orkestrak ongintzazko kontzertua eskeiniko du Bilboko BBK Aretoan AECC Bizkaia elkartearen alde. Sarrerak 5€ balio ditu eta lortzen diren irabazi guztiak elkartearentzat joango dira.
Gure bost urteko ibilbidean askotan egin dugun moduan, ez dugu gure gizartean laguntza behar duten pertsonak eta elkarteak laguntzeko aukera galdu nahi. Horregatik, oraingoan gure gizartean hain garrantzitsua den minbizia bezalako gaixotasun baten aurka borrokatzen duen elkarte baten alde egingo dugu, AECC Bizkaia.
Minbiziaren Aurkako Bizkaiko Elkartea, AECC Bizkaia, helburu bera duten boluntario, bazkide eta lanpeko pertsonek osatzen dute: minbiziaren kontra borrokatzea modu solidario batean, gaixotasunaren zeinu eta seinale guztietan.
Horretarako, AECC Bizkaiak gaixotasuna duten pertsonentzako doako programa eta zerbitzuak eskeintzen dituzte. Alde batetik, gaixotasunari buruzko informazioa emateko eta gizartea honek suposatzen duen arazoaz kontzientziatzeko. Eta beste alde batetik, gaixotasuna duten pertsonak laguntzeko, gaixotasuna dirauen bitartean, baita gaixotasunaren ondoren ere.
Kontzerturako sarrerak, salgai
Kontzerturako sarrerek 5€-ko prezioa izango dute, eta lortzen den diru guztia elkartearentzat joango da.
Sarrerak jadanik eros daitezke, ondorengo salmenta puntuetan:
– BBK Aretoko txarteldegian
– Internet bidez
– BBK kutxazainetanAnima zaitezte kontzertura etortzen, BBK Aretoa bezalako kontzertu areto polit honetan emango dugun gure lehenengo kontzerturako programa erakargarria prestatu dugu eta. Gainera, ez ahaztu kontzertuak helburu solidario bat duela.
-
Beste urte bat Musika – Músicaz gozatzen

Bukatu egin da Musika – Música jaialdiaren aurtengo edizioa, eta zalantzarik gabe esan dezakegu arrakasta handia izan dela eta jaialdiaz gozatu dugula.
Aurtengo jaialdian 850 musikari profesionalek, kontserbatorio eta musika eskoletako 880 ikaslek eta kolaboratzaile espezifiko bezala jardun diren 40 adituk parte hartu dute. Horiei guztiei esker, 75 kontzertu eskaini dira aretoetan eta 24 Kioskoan. Gainera, 2.500 ikaslek parte hartu dute martxoaren 1, 2 eta 3an Euskalduna Jauregian egin den ikuskizun didaktikoan. Azken kontaketa egin gabe, 30.000tik gora lagun joan dira, eta sarrerak agortu egin dira kontzertu askotan.
Gure kasuan, Behotsik Orkestrak bi kontzertu eman ditu: lehenengoa jaialdiko bigarren egunean, Euskalduna Jauregiko kioskoan, entzule mordoa batu zuena. Gure galerian ikus ditzakezue kontzertuko argazkiak.

Musika – Música 2017Jokin Ibañez Bigarrena, jaialdiko azken egunean, Tik-Tak Denbora familientzako kontzertua izan zen, Arima Kamerata eta Julene Lekunberri eta Janire Soldevilla antzezleekin batera. Umeei zuzendutako kontzertua izan zen, non musikaren erritmoa bilatzeko bidaia egin zuten Bohemiako musika ezagutuz, sarrerak agortu zituena.
Eta datorren urteko Musika – Músican…
Musika – Música 2018ko jaialdiak gerra arteko sasoia izango du ardatz. Gerra arteko sasoia une historiko bat izan zen eta, nola ez, musika klasikoak ere jasan zuen aro berri haren gorabehera sozioekonomiko eta kulturalen eragina. Espero dugu datorren urteko edizioan ere elkar ikustea.
-
Tik-Tak Denbora familientzako kontzertua, zuzenean

Pasa den igandean, martxoaren 5ean, Bilbao 700 Fundazioak antolatzen duen Musika – Música 2017 jaialdiaren baitan Tik-Tak Denbora familientzako kontzertuan parte hartu genuen Bilboko Euskalduna Jauregiko Barria aretoan.
Sarrerak agortu zirelarik, eta umeak nagusitzen ziren publiko batekin, Julene Lekunberri eta Janire Soldevilla antzezleek gidatu zuten ikuskizuna, non musika egiteko ezinbestekoa den elementu baten bila ibiliko diren, publikoaren ezinbesteko parte-hartzearekin, Bohemiako musika ezagutuz. Kontzertua streaming bidez zuzenean igorri zuten.
“Semifusak bere jendaurreko lehen emanaldia eskainiko du. Emanaldia hasteko gutxi falta denean, ohartzen da gauza oso garrantzitsu bat falta zaiola. Obra atzera kontaketa bat da, galdutakoaren bilaketa bat, bidean Bohemiako melodia eta erritmoak deskubrituko direlarik.”
Antzezleak: Julene Lekunberri eta Janire Soldevilla
Koordinatzailea: Mercedes Albaina
Arima Kamerata
Behotsik Orkestra -
Bilbao 700 Fundazioak Musika – Música 2017 aurkeztu du

Pasa den otsailaren 10ean Bilbao 700 Fundazioak Musika – Música 2017 jaialdiko programa ofiziala aurkeztu zuen, eta Behotsik Orkestrak aurten ere parte hartuko du Bilbo asteburu batez musikaren hiriburu bilakatzen duen jaialdi honetan.
Musika – Música jaialdiaren hamaseigarren edizio hau martxoaren 2an, 3an, 4an eta 5ean ospatuko da Bilboko Euskalduna Jauregian, eta BOHEMIA izenburupean, Gustav Mahler, Antonín Dvořák, Bedrich Smetana eta Leoš Janáček musikagileak izango ditu protagonista, Txekiar Errepublikako erregio horretakoak guztiak.
Behotsik Orkestrak bi aldiz parte hartuko du aurtengo edizioan.
Alde batetik, kontzertua emango du martxoaren 3an, gaueko 21:00etan, Bilboko Euskalduna Jauregiko kioskoan, Mikel Fernandezen zuzendaritzapean. Kontzertura sartu ahal izateko, erosita izan behar da egun horretako ordainpeko edozein kontzerturako sarrera.
Beste alde batetik, Arima Kamerata, eta Julene Lekunberri eta Janire Soldevilla antzezleekin batera, ‘Tik-Tak Denbora‘ familia-ikuskizuna eskainiko dute, non publikoa ezinbestekoa izango den tempo musikala bilatzeko. Kontzertua martxoaren 5ean, igandea, izango da, goizeko 11:00etan, Bilboko Euskalduna Jauregiko BARRIA aretoan. Kontzertu honetarako sarrera 4€-koa izango da.
Sarrerak Bilbao 700-III Millenium Fundazioaren egoitzan, Euskalduna Jauregiko txarteldegietan edo Kutxabanken zerbitzu anitzeko kutxazainetan erosi ahalko dira.
Bilbao 700 Fundazioak sortutako Musika – Música jaialdirako mikrositean kontsulta dezakezue jaialdirako prestatu den gainerako programa interesgarria.
SARREREN ZOZKETA BEHOTSIK ORKESTRAKO BAZKIDEEN ARTEAN
Pasa den urtean bezela, Musika – Música jaialdia dela eta, sarreren zozketa egingo dugu Behotsik Orkestrako bazkideen artean. Inaugurazio-kontzerturako (martxoak 2, 20:00) sarrera bikoitza, 15. kontzerturako (martxoak 4, 12:15) sarrera bikoitza eta beste sorpresa bat zozketatuko dira. Irabazleen izenak otsailaren 24an emango ditugu.















