• Klasikoa eta rocka, Pozalaguako auditoriumean

    Klasikoa eta rocka, Pozalaguako auditoriumean

    Aurten, 17-18 denboraldia luzatzen ari zaigu, eta datorren uztailaren 13an Karrantzako Udalak antolatzen duen Pozalagua Jaialdian parte hartuko dugu, kontzertu bikoitza emanez.

    Pozalagua Jaialdia 20 urte baino gehiagoz ospatu izan da Karrantzako Pozalagua kobazuloen aurrealdean kokatuta dagoen Pozalagua anfiteatroan, antzinako dolomia harrobian zizelkatuta. Adituen arabera, berdingabeak dira bere eskala eta akustika. Horregatik, leku apropos eta polita izango da gure musika erakusteko.

    Jaialdia uztailaren 13 eta 14an ospatuko da, eta sarrera doakoa izango da, musika eta dantzaz gozatzeko aukera paregabea.

    Klasikoa eta rocka egun berean

    Guk bi kontzertu emango ditugu uztailaren 13an, musika mota desberdin bi aurkeztuz.

    Alde batetik, arratsaldeko 20:30ean kontzertu klasikoa emango dugu. Bertan, Arriaga, Guridi eta Beethovenen musika joko dugu, beste obra batzuen artean.

    Beste alde batetik, gaueko 22:30ean, Symphonic Rock Tour 2.0 birarekin jarraituz, rock musikako abesti ospatsuenen errepasoa egingo dugu Caledonian Road taldeko gure lagunekin.

    Gure kontzertuez gain, hurrengo egunean, Un vasco en Sevilla eta Tutte contro Verdi ikuskizunak etorriko dira, baina ez ahaztu gurekin zita duzuela Bilbao BBK Live jaialdian Aneguriarekin emango dugun kontzertuan.

    Guretzat hain berezia izango den egun horretan gurekin egotea espero dugu, hain berezia den leku honetan eta mimoz prestatzen ari garen askotariko programa honekin.

  • Aneguria rap abeslariarekin kolaborazioa

    Aneguria rap abeslariarekin kolaborazioa

    Denboraldi amaiera potentea izango genuela aurreratu genizuen, eta horregatik, berriekin jarraitzen dugu. Oraingo honetan ilusio berezia egiten digun berri batekin gatoz: Behotsik orkestrak Aneguria rap abeslariarekin lan egingo dugu prestatzen ari den Frambuesas y Palomitas diska berrian eta honen aurkezpen kontzertuetan.

    Aneguria aka La Kieta, Durango eta Bilbo bitartean hezitako abeslari hau rap eta raggamuffin bitartean dabilen “MC” da. Euskarazko bat-bateko rap eta bertso solasetan ibiltzea gustuko duen artista hau Eskina Femenina proiektuaren sortzaileetako bat da. 2017an atera zuen bere bakarkako lehen lana “Horchata de Chufa” izenarekin. Hainbat kolaborazio egin ditu eta Euskal Herriaz gain, atzerriko hainbat herrialdetan abestu du.

    Oraingo honetan, bere Frambuesas y Palomitas diska berria prestatzen ari zelarik, berarekin parte hartzera gonbidatu zigun, eta nahiz eta mundu hau guretzat guztiz berria den, gogoz beterik, baiezkoa eman genion.

    Aste hauetan diskoko abesti batean egingo dugun parte hartzea grabatzen gabiltza Bilboko Euridia estudioetan Ibon Larruzearekin, izugarrizko esperientzia duen eta lagun dugun Nerea Alberdik egindako moldaketekin. Esperientzia polita izaten ari da, eta laster izango duzue emaitza entzuteko.

    Diska berriaren aurkezpena Kafe Antzokian eta Bilbao BBK Live jaialdian

    Frambuesas y Palomitas diskaren grabaketan parte hartzeaz gain, diska zuzenean aurkezteko aukera eman digu Aneguriak, Bilboko Kafe Antzokia eta Bilbao BBK Live jaialdian bezalako lekuetan gainera.

    Horretarako, Nerea Alberdiren moldaketak izango ditugu eta bera izango da zuzendaria bi kontzertu hauetan. Sekulako plazerra hainbat filma eta proiektutako soinu bandaren konposagile eta moldatzaile izan den musikari batengandik ikasi ahal izatea.

    Kontzertuak ekainaren 3an Kafe Antzokian eta uztailaren 14an Bilbao BBK Live jaialdian izango dira. Beraz, apunta itzazu kontzertuen datak eta adi egon zaitez berri gehiagorako.

  • Bilboko TEDxUDeusto hitzaldiei musika jartzen

    Bilboko TEDxUDeusto hitzaldiei musika jartzen

    Datorren maiatzaren 4an Bilboko Euskalduna Jauregian ospatuko diren TEDxUDeusto hitzaldietan parte hartuko dugu ekitaldiaren amaierari musika jarriz.

    Azkenengo urteetan hain ospetsua den TED erakundea zabaltzea merezi duten ideiak bultzatzen dituen irabazi asmorik gabeko erakundea da. Orain dela 30 urte hasi zen Kalifornian ospatu zen lau eguneko konferentzia batekin, eta etengabe hazten joan da ekimen desberdinekin. TED txostengileen artean Bill Gates, Jane Goodall, Elizabeth Gilbert eta Richard Branson bezalako pertsonaiak izan dira.

    Merezi duten ideiak bultzatzeko ekimen horien artean, TED erakundeak TEDx izeneko programa sortu du, tokiko ekitaldiz osotutako programa, independienteki antolatua, TED antzeko esperientziak elkarbanatzeko jende multzoa biltzen duelarik.

    Pasa den urtetik ospatzen den TEDxUDeusto hitzaldien aurtengo edizioan, ImpACT leloarekin, ideia harrigarriak azalduko dira, iraultza sor ditzaketen ikuspuntuak. Beraien ikuspegia azalduko duten txostengileak África Baeta, Beatriz González, Borja Monreal, Lucas Gortazar, Lucía Gorjón, Ignacio Alcalde, Ane Agirre eta Borja Cembrero izango dira.

    Hitzaldien arteko itxaronaldiak girotzeko prestatu diren musika emanaldi eta ikuskizunen artean, Behotsik orkestrak parte hartuko du ekitaldiaren itxieran. Hitzaldi interesgarri hauek entzun nahi badituzu, eta bide batez, prestatzen gabiltzan emanalditxoa ikusi, sarrerak salgai daude. Anima zaitez!

  • Rock gehiago Symphonic Rock Tour 2.0 biran

    Rock gehiago Symphonic Rock Tour 2.0 biran

    17-18 denboraldi honen amaiera lanpetua izango da aurten, eta prestatzen gabiltzan gauza guztien artean, Symphonic Rock Tour 2.0 bira aurkezteko eguna heldu da. Fair Saturday mugimenduaren azken edizioan izandako arrakasta ikusita eta zeinen ondo pasatu genuen gogoratuz, kontzertua errepikatzeko eta borobiltzeko aukera izango dugu. Horregatik, orkestra sinfonikoa rock musikarekin uztartuko ditugu berriro ere genero honetako talde garrantzitsuenen abestiak aurkeztuz.

    Bira labur honetan ere, aurreko aldian bezala, luxuzko konpainia izango dugu. Bilboko Caledonian Road taldea gurekin egongo da rock doinuei indarra emateko. Nahiz eta entseguak gogorrak izan, beti da dibertigarria eurekin lan egin eta musika jotzea.

     

    Birako lehenengo geldialdia, Urduñan

    Symphonic Rock Tour 2.0 bira labur honetako lehenengo kontzertua Urduñako Josefinos Ikastetxean izango da, maiatzaren 19an, arratsaldeko 7etan. Gogo handia daukagu abestiak berriro jotzeko, beraz energiaz beteriko kontzertua izango da.

    Sarrerak apirilaren 11tik aurrera salgai egongo dira eta 3€-ko prezioa izango dute, eta horiek lortzeko bi modu egongo dira. Alde batetik, sarrerak salgai egongo dira Urduñako Llarena tabernan, Lupardika tabernan eta Marrazki tabernan. Beste aldetik, sarrerak erreserbatu ahalko dituzu sarrerak@behotsik.com helbidera mezu elektronikoa bidali edo 685 759 381 eta 665 758 706 zenbakietara deituz. Animatu zaitez eta etorri gutxitan ematen den kontzertu hau ikustera.

    Hala ere, Urduñara etorri ezin bazara, lasai egon Symphonic Rock Tour 2.0 biran kontzertu gehiago egongo baitira. Adi egon gure sare sozialetara hurrengo kontzertuen berri ematen dugunerako.

  • Kontzertua Motsukora manga eta anime jardunaldietan

    Kontzertua Motsukora manga eta anime jardunaldietan

    Datorren 2018ko apirilaren 4tik 7ra, MoTsuKora elkarteak XX. Manga eta Anime Jardunaldiak ospatuko ditu Barakaldoko Clara Campoamor kultur etxean, eta bertan parte hartuko dugu apirilaren 7an kontzertua emanez.

    MoTsuKora manga, animea, bideojokoak eta japoniar kultura (batez ere aro berriko eta gazte-kultura) Euskadin zabaltzeari ematen dion gazte-elkarte bizkaitar bat da. Bere XX. urteurren honetan, mota askotako doako ekintzak prestatu dituzte: filme eta telesailen proiekzioak, hitzaldiak, erakusketak, lehiaketak…

    Gainera, Motsukora elkarteak antolatutako jardunaldi hauek Japonia eta Espainiaren arteko Harreman Diplomatikoen Ezarpenaren 150. Urteurrena ospatzeko egingo diren ekitaldietako bat izango da.

    Jardunaldien inguruko informazio gehiago izateko, elkartearen webgune berezian sar zaitezkete. Bestela, apirilaren 7an, arratsaldeko 17:00etan, Barakaldoko Clara Campoamor kultur etxean ikusiko dugu elkar, manga eta anime munduko soinu banda onenak entzuteko.

  • Prokófiev, Guridi eta Turina Auzoz Auzo 2018 zikloan

    Prokófiev, Guridi eta Turina Auzoz Auzo 2018 zikloan

    Ohi den bezela, gure kontzertuen aurretik bertan ikusi ahalko duzuenari buruz hitz egin nahi dizuegu. Hurrengoa, Bilbao 700 Fundazioak antolatutako Auzoz Auzo 2018 zikloan emango duguna da.

    Oraingoan, gure zuzendari gonbidatua izango den Pablo Puga elkarrizketatu dugu, eta datorren otsailaren 24an, Bilboko Casilda Iturrizar parkean Musika – Música 2018ko Auzoz Auzo zikloaren barruan emango dugun kontzertuaren nondik norakoak azaltzen dizkigu.

    “Musika – Músicako edizio honetan hiru obra joko ditugu. Lehenengoa, Prokofieven Zaldunen Dantza. Gero, Guridiren 10 Euskal Melodiak, zeinetatik bost joko ditugun. Eta azkenik, Turinaren Orgia.”

    Orkestrari buruz hitz egitean, “asko harritu zidan, ez dudalako ezagutzen horrelako beste orkestrarik, non jendea nahi duelako baino ez den joaten, musu-truk. Eta egia esan, Igorren lana, eta orokorrean, guztiona, oso ona izan dan.”

  • ‘Guridi Soinuak’ Musika – Música 2018 Auzoz Auzo programan

    ‘Guridi Soinuak’ Musika – Música 2018 Auzoz Auzo programan

    Aurten ere Bilbao 700 Fundazioak Auzoz-Auzo kontzertuen programa antolatu du Bilboko Euskalduna jauregian martxoaren 1, 2, 3 eta 4an izango den Musika – Música 2018 jaialdiaren atariko moduan. Horrela bada, hirugarren urtez segidan Bilbao 700 Fundazioak musika klasikoa eramango du Bilboko barruti guztietako auzoetara.

    Oraingoan, protagonistak gerren arteko aldiko (1814-1945) musikagileak dira: Rachmaninov, Prokofiev, Stravinsky, Sibelius edo Falla, besteak beste.

    Auzoz-Auzo zikloko jardueren artean kontzertuak, ipuin-kontalariak zuzeneko musikarekin, umeentzako tailerrak eta kontzertu didaktikoak, familientzako kontzertuak, hitzaldiak eta monologoak daude. Eskaintza bete-betea, Bilboko auzoetara edizio honetako “lagin” bat eramango duena. Bilbao 700 Fundazioak era eta guztietako musika klasikoa eramango du Casilda Andrearen Parkeko pergolara, Deustuko Unibertsitatera, Bidebarrietako Liburutegira edo Erruki Etxera, besteak beste.

    Behotsik Orkestrak otsailaren 24an kontzertua emango du Bilboko Casilda Iturrizar Parkean, goizeko 12etan. Oraingo honetan, Guridi, Prokofiev eta Turinaren doinuak prestatu ditugu mugimenduz beteriko kontzertu berezi baterako.

    Pablo Puga izango da zuzendari gonbidatua

    Pasa den urtean bezela, kontzertu berezi honetarako zuzendari gonbidatua izango dugu. Kasu honetan, Pablo Puga musikari vigoarra izango dugu zuzendari Auzoz Auzo programako kontzertu honetan.

    Pablo Puga Musika - Música 2018
    Pablo Puga

    Pablo Puga (Vigo, 1998). Bost urterekin hasten da bibolina ikasten eta zazpirekin Vigoko Kontserbatorio Profesionalean sartzen da Edita Shulman irakaslearekin. Orquestra Xove 430, OSV 430 eta Orquesta Joven de la Sinfónica de Galicia orkestretan jo izan du, Alberto Zedda, Dima Slobodeniouk, Krzysztof Penderecki edo Andrés Salado zuzendariekin. Gaur egun Musikenen egiten ditu bere ikasketak Tatiana Samouil irakaslearekin.

    2015ean orkestra zuzendaritza klaseak jasotzen hasi zen José Triguerosen eskutik. Stravinskyren “La historia del soldado”ko hiru mugimendu zuzendu zituen Galiziako Sinfonikako Orkestra Gazteko ganbara kontzertu batean, baita Galiziako Gazte Orkestra Sinfonikoko kideek osatutako ganbara talde bat ere. 2016. urtean, Madrilgo Academia Opus23 orkestra zuzendaritza akademian onartua izan zen eta Miguel Romea eta Andrés Saladoren eskutik klaseak jasotzen ditu gaur egun arte.

  • “Eguberriko Kantata”ren estreinaldia Barakaldon

    “Eguberriko Kantata”ren estreinaldia Barakaldon

    Datorren abenduaren 28an, gure orkestrako kide den Borja Molláren Eguberriko Kantata estreinatuko dugu Barakaldoko Udalak antolatutako Gabonaldia ekimenaren baitan.

    Behotsik orkestrarentzat momentu berezia izango da, izan ere, obra bat estreinatzea gutxitan egiten den gauza da. Gainera, hain oroitzapen ederrak sortarazten dizkigun Barakaldo Antzokia bezalako toki baten egiteak handiagoa bilakatzen du zirrara hori.

    Jerusalem zaharretik Gorbeako magaletaraino, Eguberriko Kantata gabonetako eszena ohikoenetatik igaroko den bidaia sinfonikoa da. Ibilaldi honek, musikaren indar bakegilearen bitartez, data hauetan falta ezin den itxaropen, bake eta elkartze mezua igortzeko asmoa dauka, gabon-kanten lenguaia sinplea esanahi konplexuagoekin uztartuz, orkestrazio koloretsu baten eta armonia modulakorren babesean.

    Horretarako, Galdakaoko Los Tonos Humanos ganbera abesbatzarekin bat egingo dugu, zeinekin pasa den denboraldiko Musika – Música jaialdian lan egin genuen.

    Kontzertua doakoa izango da, baina sarrera hartu beharko da, gaurtik aurrera, antzokiko txarteldegian bertan.

    Obra eder eta interesgarri honetaz gozatzeko eta urte amaiera ospatzeko aukera paregabea dela uste dugunez, gonbitea luzatzen dizugu eta bertan elkar ikustea espero dugu.

  • VASS Sanfilipporen aldeko rock doinuak Fair Saturday 2017an

    VASS Sanfilipporen aldeko rock doinuak Fair Saturday 2017an

    Behotsik orkestra pozik dago aurreko bi urteetan bezala Fair Saturday 2017 ekimenean parte hartuko duela iragartzeko. 2017ko azaroaren 25ean ospatuko den mugimendu global honetan gure harri koxkorra jarriko dugu Bilboko Azkuna Zentroan VASS Sanfilippo Euskadiren aldeko Symphonic Rock Fair Saturday kontzertua eskeiniz.

    Fair Saturday artistek eta kultura-elkarteek garatutako kultura eta giza izaerako mugimendu globala da. Artista eta kultura-elkarte hauek azaroaren azken larunbatean modu masiboan jardungo dira ekitaldi bakoitzarekin GKE edo proiektu sozial bat bultzatuz.

    Aurreko urteetan Gure Señeak eta AFA Bizkaiarekin lan egin ondoren, aurten VASS Sanfilippo Euskadi elkartearen ondoan egongo gara. VASS Sanfilippo Euskadi irabazi asmorik gabeko elkartea da, Euskadiko Sanfilippo sindromea duten umeen senide eta lagunek osatua. Bere helburua sindromea duten umeak eta familiak beraien bizi kalitatea hobetzen laguntzea da. Sanfilippok, zoritxarrez, historia luzea dauka Euskadin, eta egun 8 kasu daude herrialdean, bat Gipuzkoan eta 7 Bizkaian.

    Orkestra sinfonikoa eta rock taldea

    Fair Saturday egun berezia izanik, kontzertu berezia izatea nahi dugu. Kontzertuaren toki ederraz gain, zeinetan urte askotan jotzen saiatu garen, lankide paregabeak izango ditugu egun hartan.

    Alde batetik, aurretik lagun izan ditugun Madrilgo JOECOM orkestrarekin bilduko gara. Pasa den denboraldian prestatu genuen ‘La Flauta Mágica. Tu Primera Ópera’ ikuskizunarekin Madrilera mugitu ginenez, oraingo honetan beraiek Bilbora etorriko dira 80 lagun inguruko orkestra osatzeko.

    Beste alde batetik, Caledonian Road rock talde bilbotarra izango dugu musikari kutsu bihurria jartzeko. Gainera, taldeko abeslaria Aitor Fernández da, gurekin A Disney Dream proiektuan parte hartu zuelarik.

    Beraz, 2015ean egin genuen Behotsik Symphonic Rock Tour proiektuaren antzeko kontzertuaz gozatu nahi baduzue, hurbildu zaitezte datorren azaroaren 25eko arratsaldeko 8etan Bilboko Azkuna Zentrora, Fair Saturday eguna ospatzera eta VASS Sanfilippo Euskadiren alde egitera.

  • EuroCamerata 2017, Alemanian eta Bilbon

    EuroCamerata 2017, Alemanian eta Bilbon

    2012. urtetik aurrera bezela, Behotsik orkestrak EuroCamerata nazioarteko gazte orkestrarekin lan egingo du EuroCamerata 2017 udako biran zehar, Alemaniara bidaiatu eta bertan kontzertuak emanez.

    EuroCamerata orkestrak, 1997an sortua, urtero Europako herrialde desberdinetako musikari gazteak biltzen ditu Europan zehar kontzertuak emateko. Jatorriak, hizkuntzak eta kulturak sortu ditzazkeen zailtasunak alde batera utzita, elkartu egiten dira musika batera egiteko. Aurten, Obersulmeko musika eskolako ikasleek eta Behotsik orkestrako kideek osotuko dute, eta Sergiu Andrei maisuak eta gure orkestrako zuzendari den Igor Giménezek zuzenduko dute.

    Pasa den urtean bezela, orkestra uztailean Alemaniara mugituko da Stuttgart inguruko hainbat hiritan kontzertu batzuk emateko, Baden-Württemberg estatuan.

    Gainera, aurtengo edizio hau berezia izango da, izan ere, EuroCamerata orkestrak 20 urte betetzen ditu. Hori ospatzeko, abuztua amaieran EuroCamerata Bilbora mugituko da kontzertu bat emateko. Kontzertu horretan ere Behotsik Orkestrako kide gehiago ere batuko dira.

    Hauek izango dira aurtengo EuroCamerata 2017 udako birako aurreikusitako datak:
    – uztailaren 19a – 19:30 – St. Kilian Evangelische Kirche, WÜSTENROT
    – uztailaren 21a – 19:30 – Vater-Unser Kirche, WILLSBACH
    – uztailaren 23a – 19:30 – Katholische Barock Kirche, ERLENBACH
    – abuztuaren 28a – 20:30 – San Felicisimo eliza, BILBO

    Kontzertuen orduen, entseguen eta programaren inguruko informazio gehiago izateko, adi egon gure sare sozialetan argitaratzen dugun guztiari.

  • ‘La Flauta Mágica. Tu primera ópera’ Madrilen

    ‘La Flauta Mágica. Tu primera ópera’ Madrilen

    Jadanik aurreratu genizuenez, ‘La Flauta Mágica. Tu primera ópera’ ikuskizunarekin Madrilera bidaiatu eta kontzertua emango dugu JOECOM orkestrarekin batera. Badugu kontzertuaren data eta ordutegia.

    Kontzertua ekainaren 24an Madrilgo Vedruna Ikastetxe Nagusian izango da, arratsaldeko 20:00etan. Ongintzazko kontzertua izango da, izan ere, sarrerekin lortutako irabaziak Voces elkartearentzat joango dira. Voces arte eta kulturaren botere eraldatzailea erabiliz txirotasunaren aurka borrakatzen duen elkartea da. Sarrerek 5€-ko prezioa izango dute (3€ 18 urte azpikoentzat) eta kontzertua egingo dan tokian bertan erosi daitezke kontzertua hasi baino ordu erdira arte.

    Madrilgo Ikasle eta Ikastetxe Nagusietako Gazte Orkestra JOECOM 2013. urtean sortzen da musikak batzen dituen ikasle talde baten eskutik, beraien pasioaz elkarrekin gozatzeko. Ordutik hona, Alejandro Puerta Cantalapiedraren zuzendaritzapean hainbat kontzertu eman dituzte baita Madrilgo Auditorio Nazionalean ere.

  • Ekainean Bilbao-Basurto ESIko IV. Prestakuntza Jardunaldietan

    Ekainean Bilbao-Basurto ESIko IV. Prestakuntza Jardunaldietan

    Datorren maiatzaren 30etik ekainaren 1era bitartean Bilboko EHUko Paraninfoan ospatuko diren Bilbao-Basurto ESIko IV. Prestakuntza Jardunaldietan parte hartuko du Behotsik Orkestrak.

    2013. urtean ere Bilbo Eskualdeko IX. Prestakuntza Jardunaldietan parte hartu genuen, argazkian ikus daitekeen moduan. Kontzertua Jardunaldien amaiera-ekitaldian ospatuko da, ekainaren 1ean, arratsaldeko 19:30etan, EHU Paraninfoko Bizkaia Aretoan.

  • La Flauta Mágica. Tu primera ópera

    La Flauta Mágica. Tu primera ópera

    Behotsik Orkestrak, Ópera Divertimento talde lirikoarekin batera, ‘La Flauta Mágica. Tu primera ópera’ aurkezten du, umeei zuzendutako opera ikuskizuna, musika lirikoaren mundura hurbiltzeko eta Mozarten Flauta Magikoaz gozatzeko aukera.

    Antzinako garaiak. Taminok eta Papagenok, Ilargi Erreginaren konpainia dama den Oscurillak iruzur eginda, Eguzki Errege maltzurrak gatibu daukan Paminaren erreskateari ekingo diote. Hasierako lekualdatze fisikoa barne bidaia bihurtuko da. Eguzki Erregea jakintsu espiritual eta justua dela ikusiko da; Ilargi Erregina, izaki irrazional eta gaiztoa.

    Ópera Divertimento taldea 2000. urtean sortzen Ana Isabel Salomón sopranoaren eta Andoni Barañano tenorearen eskutik, talde gazte, profesional eta kalitatezkoa izateko asmoarekin. Taldea Lirikaren itxurazko mundu zail eta ulertezina umeen eta familien publikora hurbiltzen saiatzen da.

    ‘La Flauta Mágica. Tu Primera Ópera’ ikuskizunaren bi emanaldi egingo dira. Alde batetik, ekainaren 18an Bilboko Campos Elíseos Antzokian, arratsaldeko 19:00etan. Kontzertu horretarako sarrerak jadanik salgai daude, 10 edo 15€-ko prezioan.

    Beste alde batetik, Madrilera bidaiatuko dugu, ekainaren 25ean kontzertu bat emateko. Lekua eta ordutegia oraindik zehazteke daude.

    Madrilen, JOECOM orkestrarekin batera

    Madrilgo kontzertua berezia izango da hainbat arrazoi direla eta. Madrilera kontzertu bat ematera bidaiatzeak suposatzen duenaz gain, kontzertu horretarako Ópera Divertimento taldeaz aparte, JOECOM Orkestrarekin bat egingo dugu.

    Madrilgo Ikasle eta Ikastetxe Nagusietako Gazte Orkestra JOECOM 2013. urtean sortzen da musikak batzen dituen ikasle talde baten eskutik, beraien pasioaz elkarrekin gozatzeko. Ordutik hona, Alejandro Puerta Cantalapiedraren zuzendaritzapean hainbat kontzertu eman dituzte baita Madrilgo Auditorio Nazionalean ere.

    Behotsik Orkestra sortu zen ideia antzekoekin abiatu zen JOECOM ere; horregatik, ziur gaude esperientzia polita izango dela.

  • Ongintzazko kontzertua AECC Bizkaiaren alde

    Ongintzazko kontzertua AECC Bizkaiaren alde

    Datorren maiatzaren 5ean, ostirala, arratsaldeko 20:00etan, Behotsik Orkestrak ongintzazko kontzertua eskeiniko du Bilboko BBK Aretoan AECC Bizkaia elkartearen alde. Sarrerak 5€ balio ditu eta lortzen diren irabazi guztiak elkartearentzat joango dira.

    Gure bost urteko ibilbidean askotan egin dugun moduan, ez dugu gure gizartean laguntza behar duten pertsonak eta elkarteak laguntzeko aukera galdu nahi. Horregatik, oraingoan gure gizartean hain garrantzitsua den minbizia bezalako gaixotasun baten aurka borrokatzen duen elkarte baten alde egingo dugu, AECC Bizkaia.

    Minbiziaren Aurkako Bizkaiko Elkartea, AECC Bizkaia, helburu bera duten boluntario, bazkide eta lanpeko pertsonek osatzen dute: minbiziaren kontra borrokatzea modu solidario batean, gaixotasunaren zeinu eta seinale guztietan.

    Horretarako, AECC Bizkaiak gaixotasuna duten pertsonentzako doako programa eta zerbitzuak eskeintzen dituzte. Alde batetik, gaixotasunari buruzko informazioa emateko eta gizartea honek suposatzen duen arazoaz kontzientziatzeko. Eta beste alde batetik, gaixotasuna duten pertsonak laguntzeko, gaixotasuna dirauen bitartean, baita gaixotasunaren ondoren ere.

    Kontzerturako sarrerak, salgai

    Kontzerturako sarrerek 5€-ko prezioa izango dute, eta lortzen den diru guztia elkartearentzat joango da.

    Sarrerak jadanik eros daitezke, ondorengo salmenta puntuetan:
    – BBK Aretoko txarteldegian
    – Internet bidez
    – BBK kutxazainetan

    Anima zaitezte kontzertura etortzen, BBK Aretoa bezalako kontzertu areto polit honetan emango dugun gure lehenengo kontzerturako programa erakargarria prestatu dugu eta. Gainera, ez ahaztu kontzertuak helburu solidario bat duela.

  • Tik-Tak Denbora familientzako kontzertua, zuzenean

    Tik-Tak Denbora familientzako kontzertua, zuzenean

    Pasa den igandean, martxoaren 5ean, Bilbao 700 Fundazioak antolatzen duen Musika – Música 2017 jaialdiaren baitan Tik-Tak Denbora familientzako kontzertuan parte hartu genuen Bilboko Euskalduna Jauregiko Barria aretoan.

    Sarrerak agortu zirelarik, eta umeak nagusitzen ziren publiko batekin, Julene Lekunberri eta Janire Soldevilla antzezleek gidatu zuten ikuskizuna, non musika egiteko ezinbestekoa den elementu baten bila ibiliko diren, publikoaren ezinbesteko parte-hartzearekin, Bohemiako musika ezagutuz. Kontzertua streaming bidez zuzenean igorri zuten.

    “Semifusak bere jendaurreko lehen emanaldia eskainiko du. Emanaldia hasteko gutxi falta denean, ohartzen da gauza oso garrantzitsu bat falta zaiola. Obra atzera kontaketa bat da, galdutakoaren bilaketa bat, bidean Bohemiako melodia eta erritmoak deskubrituko direlarik.”

    Antzezleak: Julene Lekunberri eta Janire Soldevilla
    Koordinatzailea: Mercedes Albaina
    Arima Kamerata
    Behotsik Orkestra

  • Bilbao 700 Fundazioak Musika – Música 2017 aurkeztu du

    Bilbao 700 Fundazioak Musika – Música 2017 aurkeztu du

    Pasa den otsailaren 10ean Bilbao 700 Fundazioak Musika – Música 2017 jaialdiko programa ofiziala aurkeztu zuen, eta Behotsik Orkestrak aurten ere parte hartuko du Bilbo asteburu batez musikaren hiriburu bilakatzen duen jaialdi honetan.

    Musika – Música jaialdiaren hamaseigarren edizio hau martxoaren 2an, 3an, 4an eta 5ean ospatuko da Bilboko Euskalduna Jauregian, eta BOHEMIA izenburupean, Gustav Mahler, Antonín Dvořák, Bedrich Smetana eta Leoš Janáček musikagileak izango ditu protagonista, Txekiar Errepublikako erregio horretakoak guztiak.

    Behotsik Orkestrak bi aldiz parte hartuko du aurtengo edizioan.

    Alde batetik, kontzertua emango du martxoaren 3an, gaueko 21:00etan, Bilboko Euskalduna Jauregiko kioskoan, Mikel Fernandezen zuzendaritzapean. Kontzertura sartu ahal izateko, erosita izan behar da egun horretako ordainpeko edozein kontzerturako sarrera.

    Beste alde batetik, Arima Kamerata, eta Julene Lekunberri eta Janire Soldevilla antzezleekin batera, ‘Tik-Tak Denbora‘ familia-ikuskizuna eskainiko dute, non publikoa ezinbestekoa izango den tempo musikala bilatzeko. Kontzertua martxoaren 5ean, igandea, izango da, goizeko 11:00etan, Bilboko Euskalduna Jauregiko BARRIA aretoan. Kontzertu honetarako sarrera 4€-koa izango da.

    Sarrerak Bilbao 700-III Millenium Fundazioaren egoitzan, Euskalduna Jauregiko txarteldegietan edo Kutxabanken zerbitzu anitzeko kutxazainetan erosi ahalko dira.

    Bilbao 700 Fundazioak sortutako Musika – Música jaialdirako mikrositean kontsulta dezakezue jaialdirako prestatu den gainerako programa interesgarria.

    SARREREN ZOZKETA BEHOTSIK ORKESTRAKO BAZKIDEEN ARTEAN

    Pasa den urtean bezela, Musika – Música jaialdia dela eta, sarreren zozketa egingo dugu Behotsik Orkestrako bazkideen artean. Inaugurazio-kontzerturako (martxoak 2, 20:00) sarrera bikoitza, 15. kontzerturako (martxoak 4, 12:15) sarrera bikoitza eta beste sorpresa bat zozketatuko dira. Irabazleen izenak otsailaren 24an emango ditugu.