• Betiko musika Ea laukotearekin

    Betiko musika Ea laukotearekin

    Gure 10. urteurrenaren ospakizunekin jarraituz, emango dugun hurrengo kontzertua aurkeztu nahi dizuegu. Oraingo honetan, ez da orkestra osoaren kontzertua izango, Borja, Unai, Karmele eta Aitziber gure kideek osatzen duten laukotearen kontzertua baizik. Formatu horretan Bilboko Udalak antolatutako Betiko Musika de Siempre programan parte hartuko dugu datorren martxoaren 26an.

    Bilboko Udalak, urtarrilaren 29an, otsailaren 12an eta 26an, martxoaren 12an eta 26an eta apirilaren 9an (larunbatak), Betiko Musika de siempre musika-programaren beste edizio bat abian jarri du Otxarkoaga auzoan. Kontzertuak urte askotan gure entsegu lekua izan den Otxarkoagako Udaltegian izango dira eta bertan boleroak, Ebroko Erriberako abesti herrikoiak, habanerak edo otxoteak entzun ahal izango dira, honako talde hauen eskutik: Bolero’s 4; Voces del Ebro; Los chimberos; Trio Veracruz; Ea Laukotea – Behotsik Orkestrako Hari Laukotea; eta Otxote Bilbao Argia.

    Behotsik orkestraren izenean, Ea Laukotea izango dugu Betiko Musika de siempre ekimen honetan. Borja Mollá (bibolina), Unai Ibáñez (bibolina), Karmele Elizaran (biola) eta Aitziber Elizaranek (txeloa) osatutako laukote honek formatu txikiko kontzertu bat eskainiko du, estilo desberdineko errepertorioarekin eta publiko guztiarentzat eskuragarria.

    Ziur gaude ordezkari aproposak bialdu ditugula, beraz, ez ezazu galdu Behotsik orkestrako Ea Laukotaren kontzertu hau datorren martxoaren 26an, arratsaldeko 18:00etan, Bilboko Otxarkoagako Udaltegian. Sarrera doakoa izango da edukiera bete arte.

  • Musika balkoietatik

    Musika balkoietatik

    Datorren igandean gure 10. urteurrena ospatzen ari garen denboraldi honetako lehenengo kontzertua emango dugu, Musika Balkoietatik ekitaldiaren barruan. Emanaldi berezi honetan, Etorkizuna Musikatan haur-orkestra izango dugu lagun, Bilboko Ibaiondo barrutiko kultura desberdinetako ume eta nerabeek osotzen dutena.

    Ekitaldia Norai elkarte hezitzaile, ekintzaile eta humanizatzaileak antolatu du, zeinek, besteak beste, Etorkizuna Musikatan proiektu sozio-hezitzailea eta orkestrala jarri du abian, musikak kolektibo pluralak batzeko eta balio pertsonalak, komunitarioak eta kulturartekoak garatuz gizartea hezteko duen gaitasuna erakutsiz. Gainera, Fair Saturday fundazioak laguntzen du, hainbestetan parte hartu dugun kultur mugimenduak, Barreras Invisibles ekimenaren barruan.

    Musika Balkoietatik arrisku larrian dauden Afganistango Gazte Orkestra eta Zohra Ensemble, Afganistango Emakumezkoen Orkestra, haur eta gazte orkestren aldeko ekimena izango da. Borondatez egiten diren ekarpen ekonomikoak orkestra horiei laguntzera bideratuko dira oso-osorik, Ahmad Sarmast orkestra zuzendariaren bitartez.

    Balkoietatik, auzora

    Ekimen musiko-sozial hau Bilbiko plazan egingo da, eta berezitasun bat izango du: musikarietako batzuk plazako balkoi batzuetan egongo dira, jabeek beren borondatez lagata. Etxea pertsonaren eta familiaren intimitatearen sinbolo pribilegiatua da. Espazio horretan, balkoiak kanporako, kalerako eta auzorako irekiera irudikatuko luke. Balkoira irtetea, pertsona-familiarra kolektibo-auzokora bilakatzea bezala ulertuko genuke. Horrela, gure etxeak auzora irekitzea ikusarazi nahiko genuke; pertsonala eta familiakoa dena, desberdina, anitza eta, aldi berean, hurbilekoa bihurtzea.

    Musika Balkoietatik pertsona, familia, kolektibo eta elkarte askok auzoan egiten duten lanari balioa eman nahi dio, haien inplikazioarekin gizartea eraldatzen lagunduz. Era berean, aniztasuna elkarrekintzan jarritako aberastasun gisa ikusarazi nahi du.

    Behotsik Orkestrarentzat berezia da horrelako ekitaldi bat gure 10. urteurrenean egitea, eta Etorkizuna Musikatan haur orkestrako neska-mutilekin izan ditugun entseguen ondoren, ziur gaude galdu ezin duzuen ekitaldia dela. Horregatik, datorren igandean, urriak 17, 12:00etan Bilboko Bilbi plazara gonbidatzen zaituztegu.

  • Iparraldeko Haizeak, Bilbon eta Santanderren

    Iparraldeko Haizeak, Bilbon eta Santanderren

    Santander, 1897. Euskal arrantza-ontzi bat badian hondoratu da. Lagun bakarra atera da bizirik, Mikel, San Rafael Ospitalean konorterik gabe dagoen itsasmutil gaztea. Esnatzerakoan, hura zaintzen dauden mojak hitzik esan eta esaten zaion ezer ere ulertzen ez duela ohartzen dira. Hala ere, laster ikusiko dugu istripuaren trauma edo ondorioak gauzatuta dirudiena azalpen errazagoa duela: Mikel euskaraz baino ez da mintzatzen. Hori, ordea, ez du oztopo izango Santanderreko familia aberatsenetako baten zerbitzura mandatari lanetan jartzeko eta XIX. mende amaierako gizarte industrial zurrunbilotsuaren kontrasteak zuzenean ikusteko.

    Hauxe da datorren otsailaren 28an Bilbon eta martxoaren 13an Santanderren Iparraldeko Haizeak ikuskizun berrian ikusi ahal izango duguna. Borja Mollá Moral gure kideak eta Inazio López Ochoak idatzitako zartzuela honek, antzerki musikala, zartzuela eta folklorea uztartuz, musika-ikuskizun berritzaile bat aurkezten du, musika haritzat duen historia baten bidez industria-iraultza aurkitzera daramana.

    Iparraldeko Haizeak proiektua Bilboko Udalak, Kultura Sailaren bidez, eta Santandarreko Udalak, Santander Creativa Fundazioaren bidez, antolatutako Bertatik Bertara laguntza programan hautatua izan zen pasa den uztailean. Hasierako ideia 2020ko abenduan gauzatzea zen, baina Covid-19ak gauzatutako pandemiak dena atzeratzea ekarri du eta datorren otsailaren amaierararte itxaron beharko dugu ikuskizun berri hau oholtza gainera ekartzeko. Bertatik Bertara programaren sustatzaileen laguntzaz gain, Laboral Kutxaren babesa izango dugu berriro ere, beraz, hemendik gure eskerrik beroenak helarazi nahi dizkiogu proiektu hau aurrera ateratzen laguntzegatik eta bizitzen ari garen egoera honetan kulturaren aldeko apustua egiteagatik.

    Gure ondoan Coro Joven de Santander abesbatza izango dugu. César Marañónek zuzendutako abesbatza hau, kalitatezko gazte abesbatza bat eratzeko eta Kantabriak zeukan gabeziarekin amaitzeko helburuarekin jaio zen 2017an.

    Iparraldeko Haizeak bezala, Bilbotik Santanderrera

    Proiektua Bilbon eta Santanderren gauzatuko da, otsailaren 28an Bilboko Campos Elíseos Antzokian eta martxoaren 13an Santanderreko Palacio de Festivales jauregian. Proiektuak kontzertua bera biltzen du, egun bakoitzeko arratsaldean ospatuko dena eta osasun egoerak gauzatutako edukiera murriztapenak direla eta streaming bidez ere zabalduko dena, eta bestalde, kontzertuaren eguneko goizean, mahaingurua antolatuko da hiri bakoitzeko adituekin, arratsaldean ikuskizunean gertatuko den guztia ulertzeko aukera emateko.

    Bilbao

    Otsailaren 28an, Bilboko Campos Elíseos Antzokian.

    Mahai-ingurua: goizeko 12:30ean, Kupula aretoan. Sarrerek 10€-ko prezioa izango dute.

    Kontzertua: arratsaldeko 18:00etan, Teatro aretoan. Sarrerek 12 eta 17€ arteko prezioa izango dute.

    Bi emanaldietara joan nahi izatekotan, sarrera sorta berezia eskuragarri egongo da, goizeko eta arratsaldeko sarrerekin, 19 eta 24€ arteko prezioarekin.

    Sarrerak aurki jarriko dira salmentan Campos Elíseos Antzokiko webgunean eta txarteldegian.

    Campos Elíseos Antzokiko lagunek %15-eko beherapena izango dute (lehen 30 sarrerek) eta Behotsik Orkestrako bazkideek %33-ko beherapena izango dute. Beherapena duten sarrerak lortzeko antzokiko txarteldegira hurbildu beharko zarete, baita bi emanaldietarako sarrera sorta erosteko ere.

    Santander

    Martxoaren 13an, Santanderreko Palacio de Festivales jauregian.

    Santanderreko emanaldietarako informazio guztia zehaztu bezain laster eguneratuko dugu gure webgune eta sare sozialetan.

  • Agertokietara bueltan gatoz, #BilbaoUdazkena2020 ekimenean

    Agertokietara bueltan gatoz, #BilbaoUdazkena2020 ekimenean

    Bueltan gatoz. Agertokietara bueltan gatoz. Pasa den martxoaren 7an Bilboko Musika – Música jaialdian gure azken kontzertua eman ondoren, musika egingo dugu berriro, zuen aurrean. Ekainean ospatu behar zen Bilboko Gau Zurian parte hartuko dugu, oraingo honetan Bilboko Udalak antolatutako #BilbaoUdazkena2020 ekimenaren barruan, asteburu honetan emango ditugun kontzertu multzoarekin.

    Bilboko Udalak, COVID-19 delakoaren pandemiak gehien eragin duen lanbideetako bat den kultura-sektoreari laguntzeko apustuarekin jarraituz, #BilbaoUdazkena2020 kultura-ekimenaren barruan, hainbat ikuskizun antolatu ditu udagoieneko asteburuetako gauetarako: musika, argiak, antzerkia, dantza eta historia, Bizkaiko hiriburuko hainbat tokitako protagonista.

    Ostiralean, hilak 2, eta larunbatean, hilak 3, Udalak zazpi ikuskizun antolatu ditu musika, argiak, antzerkia, dantza eta historiarekin, uriko hainbat gunetan banatuta: Eleiz Museoa, Enkarnazio Eliza, Zabalguneko eraikina, Azkuna Zentroa, Euskalduna Jauregia eta Guggenheim Bilbao Museoa.

    Ikuskizun horien artean, Hiri Baten Sinfonia dago, Bilboko Euskalduna Jauregian ospatuko dena, zeinetan ilusio handiz parte hartuko dugun. Bertan, zuzenean interpretatuko dugu Dvoraken Mundu Berriaren sinfonia, eta Bilborik arruntenaren irudiak proiektatuko dituzte.

    Ikuskizunak 15 minutuko iraupena izango du, eta emanaldiak egongo dira ostiral eta larunbatean, 20:30ean, 21:30ean eta 22:30ean. Saioa bakoitzak 200 pertsonako edukiera izango du, eta beharrezkoa izango da sarrera aurkeztea. Sarrerak doakoak dira eta 657 595 575 eta 688 689 000 telefonoetan edo Euskalduna Jauregiko eta Guggenheim Bilbao Museoko webguneetan eska daitezke, urriaren 1etik aurrera.

    #BilbaoUdazkena2020 garatzeko, osasun-agintariek unean-unean ezarritako segurtasun-protokolo guztiak jarraituko dira, eta zorrotz aplikatuko dira kultura- eta jai-ekitaldiak egiteari, osasun publikoa bermatzeko beharrezkoak diren mugei eta espazio publikoan aire zabaleko jarduerak nahiz ekitaldi jendetsuak egiteko pertsona kopuruari buruzko gomendioak. Hori guztia, kultur eragileek eta ekitaldi guztietako ikus-entzuleen segurtasuna bermatzeko asmoarekin.

    Espero dugu ostiralean edo larunbatean berriro elkar ikustea, segurtasun neurri guztiekin, eta bizitza honetan beharrezko dugun honetaz gozatzea, musikaz gozatzea, kultura ere segurua dela frogatuz. Laster arte!

  • Paris, Musika – Música 2020 jaialdiko helmuga

    Paris, Musika – Música 2020 jaialdiko helmuga

    Aurten ere badator Bilbao 700 Fundazioak antolatutako Musika – Música 2020 jaialdia, datorren martxoaren 5etik 8ra arte Bilboko Euskalduna Jauregian ospatuko dena.

    Oraingoan, “Destino París” izenburupean, jaialdiak Pariseko hiria izango du ardatz. Lau momentu historikok bilakatu zuten Paris lehen mailako kultura-zentro eta nazioarteko topagune, Parisek eskaintzen zizkien aukera eta askatasunek erakarrita, Europa guztiko artistak iritsi zirelarik.

    Batetik, XVIII. mendea, bere gortesau-musika, balet eta pas de basques delakoarekin. Hor aurkituko ditugu François Couperin (1668-1733) eta Jean Philippe Rameu (1683-1764). Bestetik, XIX. mendea, zeinetan Paris izan baitzen artista eta musikari europarren jomuga eta topalekua (eszenikoa eta instrumentala). Horren erakusgarri ditugu Rossini (1792-1868), Meyerbeer (1791-1864), Donizetti (1797–1898) eta Bellini (1801-1835). Verdik (1813-1901) berak ere arrasto sakona utzi zuen bere Pariseko egonaldian.

    Frantziak Prusiaren aurkako gerran izandako porrotak (1871) markatuko du XIX. mendetik XX. menderako trantsizioa, eta, paradoxikoki, garai horretan botako dituzte errepublikanismoak eta demokraziak beren erroak Frantzian behin eta betiko. Frantziako musikak eginahalak egin zituen Alemaniako musika miretsiaren (eta bekaiztuaren) mailara iristeko. Baina ahalegin horretan oztopo bihurtu zen Wagnerrek sortzen zuen lilura XIX. mende amaierako konpositore frantsesengan. Erronka horri erantzuten lehenak Camille Saint-Saëns eta Gabriel Fauré izan ziren. Azkenik, XIX eta XX. mendeak, Arriaga (1906-1826), Usandizaga (1887-195 ), Aita Donostia (1886-1956) eta Guridiren (1886-1961) ikuspegitik.

    Behotsik Orkestrak martxoaren 7an kontzertua emango du Bilboko Euskalduna Jauregiko Kioskoan, 21:00etan. Oraingo honetan, Bizet, Fauré, Saint-Saëns eta Guridiren doinuak prestatu ditugu kontzertu honetarako.

    Aurreko urteetan bezela, kontzertu berezi honetarako zuzendari gonbidatua izango dugu. Kasu honetan, Leonardo Moyano izango dugu zuzendari Musika – Música 2020 jaialdiko kontzertu honetan.

    Gogoratu kontzertura sartzeko beharrezkoa izango dela egun horretako eta ordu-tarte bereko ordainpeko kontzertu baterako sarrera erostea. Sarrerak salgai dituzue Bilboko Ensanche Eraikinean, Euskalduna Jauregiko txarteldegietan eta Kutxabanken zerbitzu anitzeko kutxazainetan. Kontsulta ezazu informazio guztia Musika – Música 2020 jaialdiaren webgunean.

  • Mundu berri baten aldeko sinfonia: kontzertu irekia

    Mundu berri baten aldeko sinfonia: kontzertu irekia

    Oraingoan sorpresa berezi batekin gatoz. Jakin dakizuenez, datorren astean Fair Saturday 2019 ospatuko dugu, prestatzen ari garen Emakumeak eta artea: itzaletatik argitara kontzertuarekin. Baina Fair Saturday eguneko goiza zurekin igaro nahi dugu, eta horretarako kontzertu ireki bat antolatu dugu.

    Kontzertu irekia? Bai! Ideia hauxe da: hartu ezazu zure instrumentua, ekarri zure partiturak, gure orkestrarekin bat egin eta egin dezagun musika! Horrela, Fair Saturday 2019 egun hau jarriko dugu erakusleihoan, eta musikak, eta kulturak orokorrean, behar duen garrantzia eskatuko diogu gizarteari. Kontzertu honetarako esloganak dioen bezala, ekar ezazu zure arma eta erein ezazu zure hazia.

    Kontzertu edo esperimentu berezi hau Bilbon egingo dugu, Zubiarte merkataritza zentroan, azaroaren 30eko goizeko 12etan, eta egun honetan Antonín Dvořáken Mundu Berriaren Sinfoniaren 4. mugimendua joko dugu. Eta nor etorri daiteke? Mundu guztia gonbidatuta dago!

    Musika instrumentu bat jotzen baduzu, gure orkestran lekua izango duzu. Hartu zure instrumentua eta gurekin bat egitea baino ez duzu. Esteka honetan aurki dezakezu informazio guztia.

    Instrumenturik jotzen ez baduzu ere, etorri egin behar duzu! Esperimentu honetan parte hartzea berezia izango da, kontzertuak berak suposatzen duen garrantziaz gain (gizarteak musika eta kulturaren bitartez mundu berri bat eraikitzen) egun horretan sorpresa ugari egongo direlako. Ez dizugu pista handirik emango, baina etor zaitez musika egiteko gogoekin.

    Beraz, bertan espero zaitugu, zure instrumentuarekin, edo ikusle moduan, baina eraiki dezagun mundu berri bat, gure armekin, gure instrumentuekin, milaka hazi ereiteko. Gogoratu, azaroaren 30ean, goizeko 12etan, Zubiarte merkataritza gunean.

  • Manga musika Bilboko Manga eta Japoniar Kultur Azokan

    Manga musika Bilboko Manga eta Japoniar Kultur Azokan

    Datorren ekainaren 21etik 23ra bitartean, V. Bilboko Manga eta Japoniar Kultur Azoka ospatuko dute Bilboko Euskalduna Jauregian, eta bertan parte hartuko dugu ekainaren 22an arratsaldeko 6etan emango dugun kontzertuarekin.

    Ez da manga eta japoniar kulturaren munduan murgiltzen garen lehenengo aldia. Izan ere, pasa den denboraldian MoTsuKoRa elkarteak antolatutako XX. Manga eta Anime Jardunaldietan parte hartu genuen, eta berriki, pasa den urrian, Amorebietako Mangamore jaialdian ere kontzertua eman genuen.

    Jende askorentzat guztiz ezezaguna izan daitekeen musika biltzen dute anime eta bideojokoek, baina behin ezagututa, abesti oso interesgarriak aurkitu ditugu. Kontzertu honetan, anime eta bideojokoetako kantu garrantzitsuenetako batzuk joko ditugu, asteburu horretan Euskalduna Jauregian sortuko den giro bereziari soinu banda jartzeko helburuarekin.

    Azokaren inguruko informazio gehiago izateko eta ospatuko diren ekintza guztiak ikusteko, elkartearen webgunean sar zaitezkete. Bestela, ekainaren 22an, arratsaldeko 18:00etan, Bilboko Euskalduna Jauregian ikusiko dugu elkar, manga eta anime munduko soinu banda onenak entzuteko.

  • Balioak Martxan lehiaketan sarituak

    Balioak Martxan lehiaketan sarituak

    Pasa den otsailaren 6an Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol Sailak bultzatutako Balioak Martxan Lehiaketaren 1. edizioan sarituak izan diren proiektuen arduradunentzako Esker On Ekitaldia ospatu zen Bilboko Euskal Museoan, non gure orkestrak Lehen Saria jaso duen Gazte Kolektiboen kategorian, 5.000 euroko laguntza ekonomikoarekin.

    Ekitaldia hasi baino lehen, Juan Mari Aburto Alkatea, Oihane Agirregoitia Gazteria eta Kirol Saileko Zinegotzia eta Idoia Uriarte Gazteria eta Kirol Saileko Zuzendariarekin hitz egiteko aukera izan genuen, nori Behotsik den ideia zoro hau zertan datzan azaldu genien eta guretzat gaur egungo eta etorkizuneko Bilbao nolakoa izan behar den azaldu genien: integratzailea, inklusiboa, gazteriaren arazo eta beharrizanei arreta jartzen diona eta kulturarekin eta gazteek bultzatutako proiektuekin konprometitua.

    Hemendik, Balioak Martxan lehiaketako epaimahaiari, Gazteria eta Kirol Sailean lan egiten duten pertsonei eta Bilboko Udalari eskerrak ematea besterik ez zaigu gelditzen, bilbotarrak izanda, bilbotar harrotasunez betetzen gaituen sari honengatik.

    ESKERRIK ASKO!

  • Londresera bidaiatuko dugu Musika – Música 2019 jaialdian

    Londresera bidaiatuko dugu Musika – Música 2019 jaialdian

    Aurten ere badator Bilbao 700 Fundazioak antolatutako Musika – Música 2019 jaialdia, datorren otsailaren 28a eta martxoaren 3a artean Bilboko Euskalduna Jauregian ospatuko dena.

    Oraingoan, jaialdiak Londres eta New Yorkera bidaiatuko du XIX. eta XX: mendeen artean izandako dinamika kultural eta musikal sendoa bizitzeko, bere konposagile nagusienen bitartez: Holst, Britten, Gershwin edo Bernstein, besteak beste.

    Britainia Handiak, eta Londresek zehazkiago, ekarpen handiak egin dizkie Europako musika mugimenduei: Londresen hezitako konpositoreak XVIII. mendeko Europako tradizio klasikoen oinordekoak dira neurri batean, eta XIX. mendean nabarmen hedatu ondoren modu oso desberdinetan eboluzionatu dute XX. mendera iritsi arte.

    Bestalde, New York da hirietako hiria, globalizazioaren paradigma, horrek berekin dakarren identitate disoluzio edota integrazio guztiarekin. New York aukeratu badugu ez da izan musika munduan hamarkada batzuetan izan duen nagusitasunarengatik, baizik eta gaur egungo munduan gertatzen ari diren errotiko aldaketa sozio-kulturalen metafora eta ikurra delako.

    Behotsik Orkestrak martxoaren 3an kontzertua emango du Bilboko Euskalduna Jauregiko Kioskoan, 18:45ean. Oraingo honetan, Elgar eta Sullivanen doinuak dituen eta galdu ezin duzuen kontzertua prestatu dugu.

    Aritz Labrador zuzendari lanetan

    Aurreko urteetan bezela, kontzertu berezi honetarako zuzendari gonbidatua izango dugu, orkestrarentzat benetan erabilgarria eta interesgarria dena. Kasu honetan, Aritz Labrador musikari zornotzarra izango dugu zuzendari Musika – Música 2019 jaialdiko kontzertu honetan.

    Aritz Labradorrek (Zornotza, 1997) euskal musika eta folklorearen maitale moduan definitzen du bere burua. Bilboko Juan Crisóstomo de Arriaga Musika Kontserbatorioan egin zituen txistuko Maila Profesionaleko ikasketak Aitor Amilibia irakaslearekin. Churreko (Suitza) Laax International Session (2016) eta Berlineko Abenduko Europar Kontzertuan (2016) jo izan du txistua. Gaur egun, txistuko Goi Maila ikasten dabil Donostiako Musikene Kontserbatorioan, pianoko Maila Profesionaleko ikasketekin jarraitzen duen bitartean Donostiako Francisco Escudero Musika Kontserbatorioan.

    Horrez gain, zuzendaritza musikalean interesatu izan da beti, hainbat seminario eta kurtsotan parte hartu duelarik Arturo Tamayo, Margarita Lorenzo de Reizabal, Jan van der Roost, Jose Rafael Pascual-Vilaplana eta Franco Cesarini musikariekin. Gainera, Bilboko Disafinatti Ganbera Orkestrako zuzendaria eta Zornotzako Musika Bandaren zuzendari titularra da. Bilboko Operak antolatutako Gazteam / ABAO OLBE Proiektuaren antolatzailea ere bada 2018ko otsailaz geroztik.

  • Peru eta Otsoa Fair Saturday 2018an

    Peru eta Otsoa Fair Saturday 2018an

    Aurreko urteetan bezela, aurten ere datorren azaroaren 24an ospatuko den Fair Saturday 2018 egunean parte hartuko dugu. Oraingo honetan, familia osoarentzat pentsatua dagoen Peru eta Otsoa obra ezaguna interpretatuko dugu Bilboko Areatzan, eta, ongizatezko kontzertua izanik, egun horretan bildutako  diru guztia Ha Ha Tay – son risas de Gandiol GKEarentzat joango da.

    Fair Saturday artistek eta kultura-elkarteek garatutako kultura eta giza izaerako mugimendu globala da. Artista eta kultura-elkarte hauek azaroaren azken larunbatean modu masiboan jardungo dira ekitaldi bakoitzarekin GKE edo proiektu sozial bat bultzatuz.

    Orain arte Fair Saturdayren edizio internazionalena den honetan, guk ere mugak zabaldu nahi izan ditugu eta Senegalera mugitu gara Ha Ha Tay – son risas de Gandiol elkartearen bidez. Elkarteak Senegalgo iparraldean kokatutako Gandiol herriko garapen komunitarioa bultzatzeko lan egiten du. Zintzotasuna, duintasuna, gertutasuna eta pentsamendu askatasuna.

    Musika, balleta eta narrazioa

    Kontzertu berezi honetarako, eta orkestrak historiko izan duen elkarlanaren ideiarekin jarraituz, ez gara bakarrik egongo. Horregatik, musikaz gain, ikuskizuna balleta eta narrazioagaz indartuko dugu.

    Alde batetik, Serguéi Prokófiev musikari errusiarrak konposatutako akordeei mugimendua jartzeko, Ana Mª Aurrecoechea Balleta izango dugu gurekin. Beraien pausu eta dantzekin obrak gordetzen duen istorioa hobeto ulertzen lagunduko digute.

    Beste alde batetik, Peru eta Otsoaren istorioa kontatzeko, Alabazan narratzaile taldeko Joaquin Ponte Velon eta Pedro Ruiz narratzaileak izango ditugu, beraien ahots ederrekin, musikak kontatu ezin duena jakinarazteko.

    Gainera, Fair Saturdayk beti eman digun laguntzaz gain, aurten Garbikerrek parte hartuko du, kontzertu hau aurrera eramateko behar den azpiegitura guztiarekin lagunduz.

    Beraz, ez ezazu ikuskizun berezi hau bizitzeko aukera galdu, eta etor zaitez datorren azaroaren 24an egingo ditugun bi emanaldietara (12:00etan euskaraz eta 13:15ean gaztelaniaz), gure gizartean hain beharrezkoa den kultura bultzatzeko.

    Bilboko gazteen Balioak Martxan

    Aurten Bilboko Udalak antolatutako Balioak Martxan sarian parte hartu dugu. Bilbotarren egunerokoa hobetzeko asmoz, helburu sozial eta gizartearen beharrei erantzuten dieten ideiak izan dira Bilbao Gazte Balioak Martxan ekimenaren protagonistak. Izan ere, gazteen ikuspegitik, balioetan oinarritutako Bilbo bat indartu nahi du Udalak.

    Zorionez, sarituak izan gara aurkeztu genuen proiektuarekin, eta horren emaitza datorren azaroaren 24an emango dugun ikuskizuna izango da. #BEHoTSIKIrribarrezHAHATAY

  • Aneguriarekin dantzan amaitu genuen Kafe Antzokian

    Aneguriarekin dantzan amaitu genuen Kafe Antzokian

    Pasa den ekainaren 3ko igandean, nahiz eta arratsaldea gris eta euritsu hasi zen, bero bero amaitu genuen guztiok Aneguriarekin jo ta su dantza egiten, bere Frambuesas y Palomitas diska berriaren aurkezpenean parte hartu ondoren.

    Esan bezala, arratsaldea euritsu hasi zen arren, Kafe Antzokian bildutako 200 pertsona inguruko ikusleak denak emanda egon ziren arratsalde osoan zehar. Bost multzotan banatuta egon zen ikuskizuna, Aneguriak jorratzen dituen musika mota desberdinak ekarri zituen, laster argitaratuko den eta guk parte hartu dugun Frambuesas y Palomitas diska berriarekin hasita.

    Guretzat kontzertu desberdina izan zen hau, musika motagatik, tokiagatik, base bat edukitzeagatik, baita zutunik jotzegatik ere. Hala ere, gogoz hartu genuen erronka eta primeran pasatu genuen. Are gehiago, oso labur egin zitzaigun eszenatoki gainean egon ginen 20 minutu eskas horiek.

    This slideshow requires JavaScript.

    Horren ondoren, ez ginen etxera joango. Horregatik, eta Aneguriaren energiaz beteriko musika dantzagarriak lagunduta, ikusleen artean sartu eta gainerako kontzertua ikusi genuen, abesten, dantzan eta lagun artean aste bukaera bikaina edukiz.

    Hemen dituzue bideo eta argazki hauek bertan bizitakoa ikus dezazuen, eta gogoratu laster errepikatuko dugula. Uztailaren 14an Bilbao BBK Live jaialdian egongo gara Aneguriarekin, beraz, etor zaitezte arratsalde ona pasa nahi baduzue.

  • Aneguria rap abeslariarekin kolaborazioa

    Aneguria rap abeslariarekin kolaborazioa

    Denboraldi amaiera potentea izango genuela aurreratu genizuen, eta horregatik, berriekin jarraitzen dugu. Oraingo honetan ilusio berezia egiten digun berri batekin gatoz: Behotsik orkestrak Aneguria rap abeslariarekin lan egingo dugu prestatzen ari den Frambuesas y Palomitas diska berrian eta honen aurkezpen kontzertuetan.

    Aneguria aka La Kieta, Durango eta Bilbo bitartean hezitako abeslari hau rap eta raggamuffin bitartean dabilen “MC” da. Euskarazko bat-bateko rap eta bertso solasetan ibiltzea gustuko duen artista hau Eskina Femenina proiektuaren sortzaileetako bat da. 2017an atera zuen bere bakarkako lehen lana “Horchata de Chufa” izenarekin. Hainbat kolaborazio egin ditu eta Euskal Herriaz gain, atzerriko hainbat herrialdetan abestu du.

    Oraingo honetan, bere Frambuesas y Palomitas diska berria prestatzen ari zelarik, berarekin parte hartzera gonbidatu zigun, eta nahiz eta mundu hau guretzat guztiz berria den, gogoz beterik, baiezkoa eman genion.

    Aste hauetan diskoko abesti batean egingo dugun parte hartzea grabatzen gabiltza Bilboko Euridia estudioetan Ibon Larruzearekin, izugarrizko esperientzia duen eta lagun dugun Nerea Alberdik egindako moldaketekin. Esperientzia polita izaten ari da, eta laster izango duzue emaitza entzuteko.

    Diska berriaren aurkezpena Kafe Antzokian eta Bilbao BBK Live jaialdian

    Frambuesas y Palomitas diskaren grabaketan parte hartzeaz gain, diska zuzenean aurkezteko aukera eman digu Aneguriak, Bilboko Kafe Antzokia eta Bilbao BBK Live jaialdian bezalako lekuetan gainera.

    Horretarako, Nerea Alberdiren moldaketak izango ditugu eta bera izango da zuzendaria bi kontzertu hauetan. Sekulako plazerra hainbat filma eta proiektutako soinu bandaren konposagile eta moldatzaile izan den musikari batengandik ikasi ahal izatea.

    Kontzertuak ekainaren 3an Kafe Antzokian eta uztailaren 14an Bilbao BBK Live jaialdian izango dira. Beraz, apunta itzazu kontzertuen datak eta adi egon zaitez berri gehiagorako.

  • Bilboko TEDxUDeusto hitzaldiei musika jartzen

    Bilboko TEDxUDeusto hitzaldiei musika jartzen

    Datorren maiatzaren 4an Bilboko Euskalduna Jauregian ospatuko diren TEDxUDeusto hitzaldietan parte hartuko dugu ekitaldiaren amaierari musika jarriz.

    Azkenengo urteetan hain ospetsua den TED erakundea zabaltzea merezi duten ideiak bultzatzen dituen irabazi asmorik gabeko erakundea da. Orain dela 30 urte hasi zen Kalifornian ospatu zen lau eguneko konferentzia batekin, eta etengabe hazten joan da ekimen desberdinekin. TED txostengileen artean Bill Gates, Jane Goodall, Elizabeth Gilbert eta Richard Branson bezalako pertsonaiak izan dira.

    Merezi duten ideiak bultzatzeko ekimen horien artean, TED erakundeak TEDx izeneko programa sortu du, tokiko ekitaldiz osotutako programa, independienteki antolatua, TED antzeko esperientziak elkarbanatzeko jende multzoa biltzen duelarik.

    Pasa den urtetik ospatzen den TEDxUDeusto hitzaldien aurtengo edizioan, ImpACT leloarekin, ideia harrigarriak azalduko dira, iraultza sor ditzaketen ikuspuntuak. Beraien ikuspegia azalduko duten txostengileak África Baeta, Beatriz González, Borja Monreal, Lucas Gortazar, Lucía Gorjón, Ignacio Alcalde, Ane Agirre eta Borja Cembrero izango dira.

    Hitzaldien arteko itxaronaldiak girotzeko prestatu diren musika emanaldi eta ikuskizunen artean, Behotsik orkestrak parte hartuko du ekitaldiaren itxieran. Hitzaldi interesgarri hauek entzun nahi badituzu, eta bide batez, prestatzen gabiltzan emanalditxoa ikusi, sarrerak salgai daude. Anima zaitez!

  • Don’t Stop Me Now, zuzenean Azkuna Zentroan

    Don’t Stop Me Now, zuzenean Azkuna Zentroan

    ‘Don’t stop me now, if you want to have a good time just give me a call…’

    Pasa den azaroaren 25ean, Madrilgo JOECOM Orkestrarekin eta Caledonian Road taldearekin batu ginen Bilboko Azkuna Zentroan rock kontzertu bat emateko Fair Saturday mugimenduaren baitan.

    1000 pertsonatik gora bildu zituen eta VASS Sanfilippo Euskadirentzako 2.376 € lortu ziren kontzertu honetan, rock abesti ospetsuenen errepasoa egin genuen rock talde bat eta orkestra sinfonikoa uztartuz. Horren eredu da Queen taldearen ‘Don’t Stop Me Now’ abesti mitikoaren bertsio hau.

    Adi egon zaitezte kontzertu honen inguruko berriekin etorriko garelako. Laster.

  • Prokófiev, Guridi eta Turina Auzoz Auzo 2018 zikloan

    Prokófiev, Guridi eta Turina Auzoz Auzo 2018 zikloan

    Ohi den bezela, gure kontzertuen aurretik bertan ikusi ahalko duzuenari buruz hitz egin nahi dizuegu. Hurrengoa, Bilbao 700 Fundazioak antolatutako Auzoz Auzo 2018 zikloan emango duguna da.

    Oraingoan, gure zuzendari gonbidatua izango den Pablo Puga elkarrizketatu dugu, eta datorren otsailaren 24an, Bilboko Casilda Iturrizar parkean Musika – Música 2018ko Auzoz Auzo zikloaren barruan emango dugun kontzertuaren nondik norakoak azaltzen dizkigu.

    “Musika – Músicako edizio honetan hiru obra joko ditugu. Lehenengoa, Prokofieven Zaldunen Dantza. Gero, Guridiren 10 Euskal Melodiak, zeinetatik bost joko ditugun. Eta azkenik, Turinaren Orgia.”

    Orkestrari buruz hitz egitean, “asko harritu zidan, ez dudalako ezagutzen horrelako beste orkestrarik, non jendea nahi duelako baino ez den joaten, musu-truk. Eta egia esan, Igorren lana, eta orokorrean, guztiona, oso ona izan dan.”

  • ‘Guridi Soinuak’ Musika – Música 2018 Auzoz Auzo programan

    ‘Guridi Soinuak’ Musika – Música 2018 Auzoz Auzo programan

    Aurten ere Bilbao 700 Fundazioak Auzoz-Auzo kontzertuen programa antolatu du Bilboko Euskalduna jauregian martxoaren 1, 2, 3 eta 4an izango den Musika – Música 2018 jaialdiaren atariko moduan. Horrela bada, hirugarren urtez segidan Bilbao 700 Fundazioak musika klasikoa eramango du Bilboko barruti guztietako auzoetara.

    Oraingoan, protagonistak gerren arteko aldiko (1814-1945) musikagileak dira: Rachmaninov, Prokofiev, Stravinsky, Sibelius edo Falla, besteak beste.

    Auzoz-Auzo zikloko jardueren artean kontzertuak, ipuin-kontalariak zuzeneko musikarekin, umeentzako tailerrak eta kontzertu didaktikoak, familientzako kontzertuak, hitzaldiak eta monologoak daude. Eskaintza bete-betea, Bilboko auzoetara edizio honetako “lagin” bat eramango duena. Bilbao 700 Fundazioak era eta guztietako musika klasikoa eramango du Casilda Andrearen Parkeko pergolara, Deustuko Unibertsitatera, Bidebarrietako Liburutegira edo Erruki Etxera, besteak beste.

    Behotsik Orkestrak otsailaren 24an kontzertua emango du Bilboko Casilda Iturrizar Parkean, goizeko 12etan. Oraingo honetan, Guridi, Prokofiev eta Turinaren doinuak prestatu ditugu mugimenduz beteriko kontzertu berezi baterako.

    Pablo Puga izango da zuzendari gonbidatua

    Pasa den urtean bezela, kontzertu berezi honetarako zuzendari gonbidatua izango dugu. Kasu honetan, Pablo Puga musikari vigoarra izango dugu zuzendari Auzoz Auzo programako kontzertu honetan.

    Pablo Puga Musika - Música 2018
    Pablo Puga

    Pablo Puga (Vigo, 1998). Bost urterekin hasten da bibolina ikasten eta zazpirekin Vigoko Kontserbatorio Profesionalean sartzen da Edita Shulman irakaslearekin. Orquestra Xove 430, OSV 430 eta Orquesta Joven de la Sinfónica de Galicia orkestretan jo izan du, Alberto Zedda, Dima Slobodeniouk, Krzysztof Penderecki edo Andrés Salado zuzendariekin. Gaur egun Musikenen egiten ditu bere ikasketak Tatiana Samouil irakaslearekin.

    2015ean orkestra zuzendaritza klaseak jasotzen hasi zen José Triguerosen eskutik. Stravinskyren “La historia del soldado”ko hiru mugimendu zuzendu zituen Galiziako Sinfonikako Orkestra Gazteko ganbara kontzertu batean, baita Galiziako Gazte Orkestra Sinfonikoko kideek osatutako ganbara talde bat ere. 2016. urtean, Madrilgo Academia Opus23 orkestra zuzendaritza akademian onartua izan zen eta Miguel Romea eta Andrés Saladoren eskutik klaseak jasotzen ditu gaur egun arte.