• VASS Sanfilipporen aldeko rock doinuak Fair Saturday 2017an

    VASS Sanfilipporen aldeko rock doinuak Fair Saturday 2017an

    Behotsik orkestra pozik dago aurreko bi urteetan bezala Fair Saturday 2017 ekimenean parte hartuko duela iragartzeko. 2017ko azaroaren 25ean ospatuko den mugimendu global honetan gure harri koxkorra jarriko dugu Bilboko Azkuna Zentroan VASS Sanfilippo Euskadiren aldeko Symphonic Rock Fair Saturday kontzertua eskeiniz.

    Fair Saturday artistek eta kultura-elkarteek garatutako kultura eta giza izaerako mugimendu globala da. Artista eta kultura-elkarte hauek azaroaren azken larunbatean modu masiboan jardungo dira ekitaldi bakoitzarekin GKE edo proiektu sozial bat bultzatuz.

    Aurreko urteetan Gure Señeak eta AFA Bizkaiarekin lan egin ondoren, aurten VASS Sanfilippo Euskadi elkartearen ondoan egongo gara. VASS Sanfilippo Euskadi irabazi asmorik gabeko elkartea da, Euskadiko Sanfilippo sindromea duten umeen senide eta lagunek osatua. Bere helburua sindromea duten umeak eta familiak beraien bizi kalitatea hobetzen laguntzea da. Sanfilippok, zoritxarrez, historia luzea dauka Euskadin, eta egun 8 kasu daude herrialdean, bat Gipuzkoan eta 7 Bizkaian.

    Orkestra sinfonikoa eta rock taldea

    Fair Saturday egun berezia izanik, kontzertu berezia izatea nahi dugu. Kontzertuaren toki ederraz gain, zeinetan urte askotan jotzen saiatu garen, lankide paregabeak izango ditugu egun hartan.

    Alde batetik, aurretik lagun izan ditugun Madrilgo JOECOM orkestrarekin bilduko gara. Pasa den denboraldian prestatu genuen ‘La Flauta Mágica. Tu Primera Ópera’ ikuskizunarekin Madrilera mugitu ginenez, oraingo honetan beraiek Bilbora etorriko dira 80 lagun inguruko orkestra osatzeko.

    Beste alde batetik, Caledonian Road rock talde bilbotarra izango dugu musikari kutsu bihurria jartzeko. Gainera, taldeko abeslaria Aitor Fernández da, gurekin A Disney Dream proiektuan parte hartu zuelarik.

    Beraz, 2015ean egin genuen Behotsik Symphonic Rock Tour proiektuaren antzeko kontzertuaz gozatu nahi baduzue, hurbildu zaitezte datorren azaroaren 25eko arratsaldeko 8etan Bilboko Azkuna Zentrora, Fair Saturday eguna ospatzera eta VASS Sanfilippo Euskadiren alde egitera.

  • EuroCamerata 2017, Alemanian eta Bilbon

    EuroCamerata 2017, Alemanian eta Bilbon

    2012. urtetik aurrera bezela, Behotsik orkestrak EuroCamerata nazioarteko gazte orkestrarekin lan egingo du EuroCamerata 2017 udako biran zehar, Alemaniara bidaiatu eta bertan kontzertuak emanez.

    EuroCamerata orkestrak, 1997an sortua, urtero Europako herrialde desberdinetako musikari gazteak biltzen ditu Europan zehar kontzertuak emateko. Jatorriak, hizkuntzak eta kulturak sortu ditzazkeen zailtasunak alde batera utzita, elkartu egiten dira musika batera egiteko. Aurten, Obersulmeko musika eskolako ikasleek eta Behotsik orkestrako kideek osotuko dute, eta Sergiu Andrei maisuak eta gure orkestrako zuzendari den Igor Giménezek zuzenduko dute.

    Pasa den urtean bezela, orkestra uztailean Alemaniara mugituko da Stuttgart inguruko hainbat hiritan kontzertu batzuk emateko, Baden-Württemberg estatuan.

    Gainera, aurtengo edizio hau berezia izango da, izan ere, EuroCamerata orkestrak 20 urte betetzen ditu. Hori ospatzeko, abuztua amaieran EuroCamerata Bilbora mugituko da kontzertu bat emateko. Kontzertu horretan ere Behotsik Orkestrako kide gehiago ere batuko dira.

    Hauek izango dira aurtengo EuroCamerata 2017 udako birako aurreikusitako datak:
    – uztailaren 19a – 19:30 – St. Kilian Evangelische Kirche, WÜSTENROT
    – uztailaren 21a – 19:30 – Vater-Unser Kirche, WILLSBACH
    – uztailaren 23a – 19:30 – Katholische Barock Kirche, ERLENBACH
    – abuztuaren 28a – 20:30 – San Felicisimo eliza, BILBO

    Kontzertuen orduen, entseguen eta programaren inguruko informazio gehiago izateko, adi egon gure sare sozialetan argitaratzen dugun guztiari.

  • Ekainean Bilbao-Basurto ESIko IV. Prestakuntza Jardunaldietan

    Ekainean Bilbao-Basurto ESIko IV. Prestakuntza Jardunaldietan

    Datorren maiatzaren 30etik ekainaren 1era bitartean Bilboko EHUko Paraninfoan ospatuko diren Bilbao-Basurto ESIko IV. Prestakuntza Jardunaldietan parte hartuko du Behotsik Orkestrak.

    2013. urtean ere Bilbo Eskualdeko IX. Prestakuntza Jardunaldietan parte hartu genuen, argazkian ikus daitekeen moduan. Kontzertua Jardunaldien amaiera-ekitaldian ospatuko da, ekainaren 1ean, arratsaldeko 19:30etan, EHU Paraninfoko Bizkaia Aretoan.

  • La Flauta Mágica. Tu primera ópera

    La Flauta Mágica. Tu primera ópera

    Behotsik Orkestrak, Ópera Divertimento talde lirikoarekin batera, ‘La Flauta Mágica. Tu primera ópera’ aurkezten du, umeei zuzendutako opera ikuskizuna, musika lirikoaren mundura hurbiltzeko eta Mozarten Flauta Magikoaz gozatzeko aukera.

    Antzinako garaiak. Taminok eta Papagenok, Ilargi Erreginaren konpainia dama den Oscurillak iruzur eginda, Eguzki Errege maltzurrak gatibu daukan Paminaren erreskateari ekingo diote. Hasierako lekualdatze fisikoa barne bidaia bihurtuko da. Eguzki Erregea jakintsu espiritual eta justua dela ikusiko da; Ilargi Erregina, izaki irrazional eta gaiztoa.

    Ópera Divertimento taldea 2000. urtean sortzen Ana Isabel Salomón sopranoaren eta Andoni Barañano tenorearen eskutik, talde gazte, profesional eta kalitatezkoa izateko asmoarekin. Taldea Lirikaren itxurazko mundu zail eta ulertezina umeen eta familien publikora hurbiltzen saiatzen da.

    ‘La Flauta Mágica. Tu Primera Ópera’ ikuskizunaren bi emanaldi egingo dira. Alde batetik, ekainaren 18an Bilboko Campos Elíseos Antzokian, arratsaldeko 19:00etan. Kontzertu horretarako sarrerak jadanik salgai daude, 10 edo 15€-ko prezioan.

    Beste alde batetik, Madrilera bidaiatuko dugu, ekainaren 25ean kontzertu bat emateko. Lekua eta ordutegia oraindik zehazteke daude.

    Madrilen, JOECOM orkestrarekin batera

    Madrilgo kontzertua berezia izango da hainbat arrazoi direla eta. Madrilera kontzertu bat ematera bidaiatzeak suposatzen duenaz gain, kontzertu horretarako Ópera Divertimento taldeaz aparte, JOECOM Orkestrarekin bat egingo dugu.

    Madrilgo Ikasle eta Ikastetxe Nagusietako Gazte Orkestra JOECOM 2013. urtean sortzen da musikak batzen dituen ikasle talde baten eskutik, beraien pasioaz elkarrekin gozatzeko. Ordutik hona, Alejandro Puerta Cantalapiedraren zuzendaritzapean hainbat kontzertu eman dituzte baita Madrilgo Auditorio Nazionalean ere.

    Behotsik Orkestra sortu zen ideia antzekoekin abiatu zen JOECOM ere; horregatik, ziur gaude esperientzia polita izango dela.

  • Ongintzazko kontzertua AECC Bizkaiaren alde

    Ongintzazko kontzertua AECC Bizkaiaren alde

    Datorren maiatzaren 5ean, ostirala, arratsaldeko 20:00etan, Behotsik Orkestrak ongintzazko kontzertua eskeiniko du Bilboko BBK Aretoan AECC Bizkaia elkartearen alde. Sarrerak 5€ balio ditu eta lortzen diren irabazi guztiak elkartearentzat joango dira.

    Gure bost urteko ibilbidean askotan egin dugun moduan, ez dugu gure gizartean laguntza behar duten pertsonak eta elkarteak laguntzeko aukera galdu nahi. Horregatik, oraingoan gure gizartean hain garrantzitsua den minbizia bezalako gaixotasun baten aurka borrokatzen duen elkarte baten alde egingo dugu, AECC Bizkaia.

    Minbiziaren Aurkako Bizkaiko Elkartea, AECC Bizkaia, helburu bera duten boluntario, bazkide eta lanpeko pertsonek osatzen dute: minbiziaren kontra borrokatzea modu solidario batean, gaixotasunaren zeinu eta seinale guztietan.

    Horretarako, AECC Bizkaiak gaixotasuna duten pertsonentzako doako programa eta zerbitzuak eskeintzen dituzte. Alde batetik, gaixotasunari buruzko informazioa emateko eta gizartea honek suposatzen duen arazoaz kontzientziatzeko. Eta beste alde batetik, gaixotasuna duten pertsonak laguntzeko, gaixotasuna dirauen bitartean, baita gaixotasunaren ondoren ere.

    Kontzerturako sarrerak, salgai

    Kontzerturako sarrerek 5€-ko prezioa izango dute, eta lortzen den diru guztia elkartearentzat joango da.

    Sarrerak jadanik eros daitezke, ondorengo salmenta puntuetan:
    – BBK Aretoko txarteldegian
    – Internet bidez
    – BBK kutxazainetan

    Anima zaitezte kontzertura etortzen, BBK Aretoa bezalako kontzertu areto polit honetan emango dugun gure lehenengo kontzerturako programa erakargarria prestatu dugu eta. Gainera, ez ahaztu kontzertuak helburu solidario bat duela.

  • Beste urte bat Musika – Músicaz gozatzen

    Beste urte bat Musika – Músicaz gozatzen

    Bukatu egin da Musika – Música jaialdiaren aurtengo edizioa, eta zalantzarik gabe esan dezakegu arrakasta handia izan dela eta jaialdiaz gozatu dugula.

    Aurtengo jaialdian 850 musikari profesionalek, kontserbatorio eta musika eskoletako 880 ikaslek eta kolaboratzaile espezifiko bezala jardun diren 40 adituk parte hartu dute. Horiei guztiei esker, 75 kontzertu eskaini dira aretoetan eta 24 Kioskoan. Gainera, 2.500 ikaslek parte hartu dute martxoaren 1, 2 eta 3an Euskalduna Jauregian egin den ikuskizun didaktikoan. Azken kontaketa egin gabe, 30.000tik gora lagun joan dira, eta sarrerak agortu egin dira kontzertu askotan.

    Gure kasuan, Behotsik Orkestrak bi kontzertu eman ditu: lehenengoa jaialdiko bigarren egunean, Euskalduna Jauregiko kioskoan, entzule mordoa batu zuena. Gure galerian ikus ditzakezue kontzertuko argazkiak.

    Behotsik Musika Música 2017
    Musika – Música 2017Jokin Ibañez

    Bigarrena, jaialdiko azken egunean, Tik-Tak Denbora familientzako kontzertua izan zen, Arima Kamerata eta Julene Lekunberri eta Janire Soldevilla antzezleekin batera. Umeei zuzendutako kontzertua izan zen, non musikaren erritmoa bilatzeko bidaia egin zuten Bohemiako musika ezagutuz, sarrerak agortu zituena.

    Eta datorren urteko Musika – Músican…

    Musika – Música 2018ko jaialdiak gerra arteko sasoia izango du ardatz. Gerra arteko sasoia une historiko bat izan zen eta, nola ez, musika klasikoak ere jasan zuen aro berri haren gorabehera sozioekonomiko eta kulturalen eragina. Espero dugu datorren urteko edizioan ere elkar ikustea.

  • Tik-Tak Denbora familientzako kontzertua, zuzenean

    Tik-Tak Denbora familientzako kontzertua, zuzenean

    Pasa den igandean, martxoaren 5ean, Bilbao 700 Fundazioak antolatzen duen Musika – Música 2017 jaialdiaren baitan Tik-Tak Denbora familientzako kontzertuan parte hartu genuen Bilboko Euskalduna Jauregiko Barria aretoan.

    Sarrerak agortu zirelarik, eta umeak nagusitzen ziren publiko batekin, Julene Lekunberri eta Janire Soldevilla antzezleek gidatu zuten ikuskizuna, non musika egiteko ezinbestekoa den elementu baten bila ibiliko diren, publikoaren ezinbesteko parte-hartzearekin, Bohemiako musika ezagutuz. Kontzertua streaming bidez zuzenean igorri zuten.

    “Semifusak bere jendaurreko lehen emanaldia eskainiko du. Emanaldia hasteko gutxi falta denean, ohartzen da gauza oso garrantzitsu bat falta zaiola. Obra atzera kontaketa bat da, galdutakoaren bilaketa bat, bidean Bohemiako melodia eta erritmoak deskubrituko direlarik.”

    Antzezleak: Julene Lekunberri eta Janire Soldevilla
    Koordinatzailea: Mercedes Albaina
    Arima Kamerata
    Behotsik Orkestra

  • Bilbao 700 Fundazioak Musika – Música 2017 aurkeztu du

    Bilbao 700 Fundazioak Musika – Música 2017 aurkeztu du

    Pasa den otsailaren 10ean Bilbao 700 Fundazioak Musika – Música 2017 jaialdiko programa ofiziala aurkeztu zuen, eta Behotsik Orkestrak aurten ere parte hartuko du Bilbo asteburu batez musikaren hiriburu bilakatzen duen jaialdi honetan.

    Musika – Música jaialdiaren hamaseigarren edizio hau martxoaren 2an, 3an, 4an eta 5ean ospatuko da Bilboko Euskalduna Jauregian, eta BOHEMIA izenburupean, Gustav Mahler, Antonín Dvořák, Bedrich Smetana eta Leoš Janáček musikagileak izango ditu protagonista, Txekiar Errepublikako erregio horretakoak guztiak.

    Behotsik Orkestrak bi aldiz parte hartuko du aurtengo edizioan.

    Alde batetik, kontzertua emango du martxoaren 3an, gaueko 21:00etan, Bilboko Euskalduna Jauregiko kioskoan, Mikel Fernandezen zuzendaritzapean. Kontzertura sartu ahal izateko, erosita izan behar da egun horretako ordainpeko edozein kontzerturako sarrera.

    Beste alde batetik, Arima Kamerata, eta Julene Lekunberri eta Janire Soldevilla antzezleekin batera, ‘Tik-Tak Denbora‘ familia-ikuskizuna eskainiko dute, non publikoa ezinbestekoa izango den tempo musikala bilatzeko. Kontzertua martxoaren 5ean, igandea, izango da, goizeko 11:00etan, Bilboko Euskalduna Jauregiko BARRIA aretoan. Kontzertu honetarako sarrera 4€-koa izango da.

    Sarrerak Bilbao 700-III Millenium Fundazioaren egoitzan, Euskalduna Jauregiko txarteldegietan edo Kutxabanken zerbitzu anitzeko kutxazainetan erosi ahalko dira.

    Bilbao 700 Fundazioak sortutako Musika – Música jaialdirako mikrositean kontsulta dezakezue jaialdirako prestatu den gainerako programa interesgarria.

    SARREREN ZOZKETA BEHOTSIK ORKESTRAKO BAZKIDEEN ARTEAN

    Pasa den urtean bezela, Musika – Música jaialdia dela eta, sarreren zozketa egingo dugu Behotsik Orkestrako bazkideen artean. Inaugurazio-kontzerturako (martxoak 2, 20:00) sarrera bikoitza, 15. kontzerturako (martxoak 4, 12:15) sarrera bikoitza eta beste sorpresa bat zozketatuko dira. Irabazleen izenak otsailaren 24an emango ditugu.

  • Bohemiara bidaiatuko du Musika – Música 2017 jaialdiak

    Bohemiara bidaiatuko du Musika – Música 2017 jaialdiak

    Pasa den urtarrilaren 20an Bilbao 700 Fundazioak Musika – Música 2017 jaialdia aurkeztu du, eta Behotsik Orkestrak aurten ere parte hartuko du Bilbo asteburu batez musikaren hiriburu bilakatzen duen jaialdi honetan.

    Musika – Música jaialdiaren hamaseigarren edizio hau martxoaren 2an, 3an, 4an eta 5ean ospatuko da Bilboko Euskalduna Jauregian, eta BOHEMIA izenburupean, Gustav Mahler, Antonín Dvořák, Bedrich Smetana eta Leoš Janáček musikagileak izango ditu protagonista, Txekiar Errepublikako erregio horretakoak guztiak.

    Oraindik ez da jaialdiko programa aurkeztu, baina aurreratu ahal dizuegu gure kontzertua otsailaren 3ko (ostirala) arratsaldean izango dela. Adi egon kontzertuari buruzko berri gehiago izateko.

    BILBOKO BARRUTIETARA AUZOZ AUZO PROGRAMAREKIN

    Aurreko edizioan hasitako Auzoz Auzo ekimenarekin jarraituko da, eta honen bitartez, Musika – Música Bilboko barruti guztietara helduko da otsailaren 2tik 23ra bitartean. Horretarako, kontzertu, tailer didaktiko, ikus-entzunezko emanaldi eta flashmob-ak antolatuko dira hiriko txoko desberdinetan.

    Behotsik Orkestrak bere txanda izango du Auzoz Auzo programaren barruan otsailaren 10ean, arratsaldeko 19:00etan, Bilboko vialia ESTACIÓN ABANDO INDALECIO PRIETO geltokian egingo dugun flashmob berezi batean. Gainerako programa kontsultatu dezakezue ondorengo esteka honetan.

    Bestalde, orkestrako hari laukote batek parte hartuko du, Barakaldoko Kontserbatorio eta Artebi Dantza Taldearekin batera, otsailaren 17an, arratsaldeko 18:00etan, Bilboko Europa Parkean antolatuko den ibildide musikalean.

    ZUZENDARI GONBIDATUA MUSIKA – MÚSICA 2017 JAIALDIAN

    Fair Saturday 2016an egin genuen bezela, orkestrak 5 urte betetzen dituen denboraldi berezi honen ospakizunarekin jarraituz, zuzendari gonbidatua izango dugu Euskalduna Jauregian eskeiniko dugun kontzertuan. Kasu honetan, Mikel Fernandez izango dugu zuzendari.

    Mikel FernandezMikel Fernandez, oinarrizko musika ikasketak Bilboko Juan Crisóstomo de Arriaga Kontserbatorioan burutu ondoren, Orkestra Zuzendaritza ikasten dabil Oviedoko “Eduardo Martínez Torner” Musika Goi Kontzerbatorioan, Merkataritza eta Marketing ikasketekin uztartuz.

    Gaur egun, Oviedoko “Eduardo Martínez Torner” Musika Goi Kontzerbatorioko ikasleek osotutako Proiektu-Orkestrako zuzendaria da eta hainbat kontzertu zuzenduko ditu otsailetik aurrera Madrilen Mozart Teogamentum Fundazioarekin. Bestalde, saxofoilari lanetan dabil Galdakaoko Musika Bandan eta “Princesa de Asturias” Fundazioko koruan tenor moduan abesten du.

  • Fair Saturday 2016an AFA Bizkaiaren alde

    Fair Saturday 2016an AFA Bizkaiaren alde

    Behotsik Orkestrak aurten ere Fair Saturday 2016 ekimenean parte hartuko du, azaroaren 26an, Alzheimerra duten gaixoen senitartekoen AFA Bizkaia elkartearen alde.

    Fair Saturday artistek eta kultura-elkarteek garatutako kultura eta giza izaerako mugimendu globala da. Artista eta kultura-elkarte hauek azaroaren azken larunbatean modu masiboan jardungo dira ekitaldi bakoitzarekin GKE edo proiektu sozial bat bultzatuz. Fair Saturday rtero izugarri haziz doan proiektua da, eta aurten ozeanoz bestalde ere ospatuko da, Perun hain zuzen ere.

    Pasa den urtean ere, ekimen honetan parte hartu genuen, guretzat esperientzia aberasgarria izan zelarik. Horregatik, ez dugu aurtengo Fair Saturday 2016 edizio honetan ere parte hartzeko zalantzarik izan.

    AFA Bizkaia, Alzheimerra eta beste dementziak dituzten Gaixoen Senitartekoen Elkartea

    AFA Bizkaia 1988. urtean sortu zen familiarteko talde batek elkartzeko eta beraien eskubideak berreskatzeko beharraren aurrean. Elkartearen helburuen artean Alzheimer gaixotasuna dutenen pertsonen senitartekoentzako laguntza psikologikoa eskeintzea, gaixotasuna duten familiartekoei legezko gaietan, arlo soziologiko eta ekonomikoetan aholkamendua ematea, eta gaixotasuna duten pertsonen bizi kalitatea, ahal den neurrian, hobetzeko, laguntza erraztea, hobetzea eta erregulatzea aurkitzen dira.

    Gure ustez, Alzheimer gaitza gure eguneroko bizitzan oso ohikoa den arazoa da. Horregatik, gure harri koskorra jarri nahi dugu, ahal den heinean, gaixotasuna duten pertsonen eta beraien senitartekoen bizi kalitatea hobetzen lagundu.

    Horretarako, 2016ko azaroaren 26an kontzertua emango dugu Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan, arratsaldeko 19:00tan. Sarrera doakoa izango da, baina donatiboak egiteko aukera egongo da, eta irabaziak AFA Bizkaia elkartearentzako joango dira.

    Gainera, kontzertu berezia izango da, izan ere, Igor Giménez gure zuzendariak bere lekua utzi eta zuzendari gonbidatua izango dugu orkestraren historian lehenengo aldiz. Kasu honetan, orain dela pare bat urte gurekin egon zen Ane Legarreta zuzendari gaztea izango dugu gidaritzan. Hurrengo egunetan programari buruzko informazio gehiago emango dugu.

  • Bilboko Gau Zuria 2016

    Bilboko Gau Zuria 2016

    Datorren zapatuan, ekainak 18, Bilbok bere gau handia ospatuko du, Gau Zuria. Jai horrekin gogoratzen da uriko fundazioaren 716. urteurrena eta aukera paregabea da argiz eta soinuz, iradokizunez eta adierazpenez beteriko bide batean paseatzeko.

    Bilbao 700 Fundazioak urtero antolatzen du Bilboko Gau Zuria eta edizio honetan berak ekoitzi du programa. Aitzakia perfektua da gaua bere pluraltasunean parerik gabeko uri batean bizitzeko. Uriaren sinfonia ederra. Eta sinfonia hori lortzeko, Bilbao 700 Fundazioak 23 hitzorduko programa bat diseinatu du. Uriko 23 lekutan bilduko da herritarren interesa, Gau Zurian parte hartzeko eta interaktuatzeko.

    Behotsik Orkestrak Bilborentzat hain garrantzitsua den ekitaldi honetan parte hartuko du, eta “Bilbao, hiri baten sinfonia” ikuskizuna emango du Bilboko Udaletxean.

    Bilbao, hiri baten sinfonia

    Bilbo gure sinfonia izan daiteke. Horretarako betekizun guztiak izango dituzu: mugimenduak, denborak eta egiturak; abesbatzaren jarraibideak dituen interprete-multzo zabala; pieza labur zein luzeak eskainiko dizkiguten ahots argi eta adierazgarriko solistak,… Hau guzti honengatik eta gehiagorengatik Bilbo maite dugu, giza-tamainaren araberako hiria, egun bakarrean ezagutzeko aukera duena… Bilbo, bizitzeko dugun espazio partekatua da.

    Ekainaren 18ko gauean zehar hainbat emanaldi emango ditugu Bilboko udaletxe aurrean: 22:30; 23:15; 00:00; 00:45. Horietako batean ikustea espero zaitugu, musikaz, argiaz eta udaletxeko fatxadan proiektatuko diren irudiez gozatzeko.

  • Musika – Música 2016

    Musika – Música 2016

    Aurten ere, Behotsik orkestrak Bilboko Euskalduna Jauregian martxoaren 4, 5 eta 6an ospatuko den Musika – Música 2016 jaialdian parte hartuko du, edizio honetan, “Erromantikoentzako zubia” azpi-izenburuarekin, F. Schubert, F. Mendelssohn, R. Wagner eta R. Straussen obrak gozatu ahalko direlarik.

    Bilbao 700 fundazioak antolatutako Musika – Música jaialdiak dibulgatzeko bokazioa du eta musika klasikoa herritar-sektore guztiengana eramatea du helburu. Euskalduna Jauregiak hamaika kontzertu eta kalitate handiko artista zein talde hartzen ditu urtero musika klasikoko hiru egunetan zehar.

    Aurtengo Musika-Música edizioak berritasunak dakartza. Musika-Música Bilboko barruti guztietara helduko da Auzoz Auzoren bidez. Programa berri honek Jaialdia Bilboko txoko guztietara iristeko aukera emango du. Otsailaren 20tik aurrera lau maisu erromantiko hauen lehen akordeek oihartzuna egingo dute hiriburu bizkaitarren kale eta plazetan zehar.

    Gure orkestrak, beraz, bi kontzertu emango ditu aurtengo Musika – Música 2016 jaialdiaren edizio honetan:

    Lehena, Musika – Música 2016 Auzoz Auzo ekimenaren barruan, otsailaren 27an, goizeko 12:30tan, Bilboko Basurtuko Ospitalean izango da, sarrera doakoa izango delarik.

    Bigarrena, Musika – Música jaialdian bertan, martxoaren 5ean, arratsaldeko 20:30etan Euskalduna Jauregiko Cósima Kioskoan. Kontzertua ikustera sartu ahal izateko, erosita izan behar da egun horretako ordainpeko edozein kontzertutarako sarrera. Sarrerak, otsailaren 18tik aurrera erosi daitezke Kutxabank orotarako kutxazainetan, Bilbao 700-III Millenium Fundazioaren egoitzan eta Euskalduna Jauregiko txarteldegietan.

    Gure kontzertuaren eta jaialdiaren inguruko informazio gehiago topa dezakezue Musika – Música 2016 webgunean.

  • Arrakasta Fair Saturday kontzertuan

    Arrakasta Fair Saturday kontzertuan

    Pasa den larunbatean kontzertua eman genuen Fair Saturday mugimenduaren barruan, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan, Gure Señeak elkartearen alde. Itsas Museoko auditorioa guztiz bete zen, eta harrera beroa jaso genuen ikusleengandik. 500€ inguru lortu ziren Derioko Gure Señeak elkartearentzat.

    Hemendik eskerrak eman nahi dizkiegu Fair Saturdayko arduradunei, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoari eta Gure Señeak elkarteari gurekin lan egin nahi izateagatik eta emandako erraztasun guztiengatik. Hemen duzue kontzertua zer izan zen laburbiltzen duen bideo txiki bat.

  • Kontzertua SanFran Koruerekin

    Kontzertua SanFran Koruerekin

    Behotsik Orkestrak gabonetako kontzertua emango du Bilboko SanFran Koruerekin batera urte honetako abenduan.

    SanFran Korue Bilboko San Francisco auzoan sortutako korua da. Hainbat herrialdetako abeslariak biltzen ditu eta errepertorio herrikoia eta klasikoa uztartzen ditu. Pasa den denboraldian hiru kontzertutan egin genuen lan haiekin, emaitza ederra lortu genuelarik.

    Kontzertua abenduaren 19an ospatuko da, arratsaldeko 20:00etan, Bilboko Enkarnazio elizan. Bertan espero zaituztegu.

  • Fair Saturday ekimenean Gure Señeak-en alde

    Fair Saturday ekimenean Gure Señeak-en alde

    Aurreratu genizuen bezela, Behotsik orkestrak 2015eko azaroaren 28an kontzertua emango du Fair Saturday ekimenaren barruan.

    Fair Saturday kulturaren bidez, gizartea elkartasunerantz mugiarazteko ekimena da, gehien behar dutenei laguntzeko helburuarekin. Azaroaren azken larunbatean ospatzen da, aurten azaroaren 28an izango delarik.

    Kontzertua, esan bezela, azaroaren 28an izango da, 20:00etan, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan, eta kontzertuan lortuko diren irabaziak Gure Señeak elkartearentzat izango dira.

    Derioko Gure Señeak elkarteak gaixotasun arraroak eta minusbaliotasun egoera bereziak dituzten Derioko umeen bizi kalitatea hobetzea du helburu, baita haienganako eta haien familienganako elkartasuna sustatzea.

    Beti bezela, kontzertura gonbidatuta zaudete, baina oraingoan, zuen laguntza gehiago behar dugu, Fair Saturday ekimenak bilatzen duen elkartasuna lortzeko.